434 Zenbakia 2008-04-04 / 2008-04-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amerikako Estatu Batuetatik...Euskal Herrira! (I)

EUSKAL HERRIA HORTIK HARA

Marina Tellechea, Haitz Aldana eta Antton Llanes



Espedizioak Ipar handiko elurrak utzi ditu, Montréaleko euskaldunekin azken afari baten ondotik eta martxoaren 7tik landa, Kaliforniako kostan baita Nevadako kasinoetan bilatzen ditugu euskaldunak. Hiru lagunak Golden Gate zubian.

Hilabete oso bat eta aste bat iraungo du Estatu Batuetako etapak. Lerro horiek idazterakoan, hirugarren astea hastera goaz eta San Frantziskoko euskal komunitatearekin elkartzeko aukera ugari izan ditugu.

Lehen astean, gure orientazio laguntzaileak izan dira euskal gizartean integratzen errextu gaituztenak; hala nola, Philippe Acheritogaray eta Johnny Curuchet bertsolari baratzezaina. Biei esker, euskal kultur zentroa (euskal etxea) bisitatu ahal izan dugu lehen asteburutik, bere haunditasunaz harrituz eta antolakuntza sendoaz poztuz.

Larunbat goizetik hasten dira aktibitateak eta lekua ez da falta goiz eskolaren euskara kurtsoentzat, dantza eta pilotarentzat ber momentuan. Dinamika horrek zirrara eragin zigun ikusiz zenbat gazte eta zahar biltzen diren astebururo.

Berrehun bat pertsona elkartzen dira asteburu guzian, aipatu gabe deneri idekia den euskal jatetxean elkartzen den jendea: euskaldun lagun edota beste komunitateetakoak. Jatetxeak eta ostatuak harreman soziala egunerokotasunean mantentzen du, nahiz eta San Frantziskoko zentrotik aski urrun den.

Egia da, Euskal Herrian gertatzen den bezala, zaharrak kezkatzen direla gazteen animatzeko ez delako beti erraz, jakinez nerabetasunean, Estatu Batuetako kulturari lotzen direla, kirol eta lagun ezberdinekin. Adin horietan ohartzen dira ere, euskal etxeak proposatzen dituen aktibitate tradizionalez urruntzeko xedea azaltzen dela. Baina gehienetan, haien euskaldun sentikortasuna berriz heldu zaie heldutasunera hurbiltzerakoan. Gazte aunitzek euskara ttikitan etxean ikasi eta geroz galtzen dute, eta berriz ikasten geroago. Harrigarria da ikustea zenbat gaztek euskara ikasi duten Ameriketan sortuak izanik ere. Horrek erakusten du aintzineko belaunaldiek transmititzeko kezka izan dutela ; agian gaur 30 urte dituztenak hortaz oroituko dira haien familia sortzerakoan. San Frantziskoko ikuspegia.

Dantza taldeak zaharren kezkak islatzen ditu, ohartzen baikira helduen taldeak 16 kide dituela, baina denen biltzea larunbatero geroz eta zailagoa dela. Haurren taldeak aldiz, 30 kide pasa dauzka.

Horretarako, Euskal Etxeko administrazio kontseiluak formula berriak xekatzen ditu berritzeko eta erakartzeko: mus txapelketek beti arrakasta handia dute baina euskal aktibitateak garatzeko, N.A.B.O (North American Basque Organisation) mailan baita San Frantziskon ere pentsatzen ari dira, munduko beste euskal komunitateekin harremanak azkartzeko moduak bilatzen.

Hala nola, 2006an, dantza taldeak trukaketa bat antolatu zuen Argentinako talde batekin: iniziatiba honek gazteak animatu zituen, eta bakoitzaren, baita euskal kulturaren aberastasunak biziarazi edota mugiarazi.

Garatuz doa beraz San Frantziskoko euskal zentroa antolakuntza zorrotzean, bere izaera birmoldatuz hor dauden euskaldunen aldaketen arabera. Bi belaunaldi pasa dira immigratu zuten euskaldun jendea etorri zenetik, eta beti zaila egiten zaie, orain aitatxi bilakatu direnei, haien haur ttikien euskaldun izateko eta sentitzeko manera, hau da, beraienaz ezberdina izan daitezela onartzea.

San Frantziskon lehen astea bukatzen genuelarik, beste gertakari interaktibo batek erakutsi zigun euskal komunitatearen gaitasunaz munduaren aldaketei egokitzeko. Ostiral goizean, gaua hastera zihoalarik Zuberoan, Johnny Currutchetek, San Frantziskoko Euskal Etxetik bertso txapelketa interaktibo batean parte hartu zuen, Goteinen hasi berria zen Xiru festibalaren bitartez (eta internet noski!); ehunka zuberotar ikusleen aintzinean. Txapelketak beste balore bat hartu zuen, belaunaldien arteko bertso eta sentimendu trukaketa bat bilakatuz, bi bertsolari gazte (20 urte biek) eta Johnnyren (63 urte) artean. Distantziak eta mugak ezabatuak izan ziren momentu goxo honetan... Mus txapelketa Gardnervillen.

Asteburu berri bat ideki zen biharamunean, baina lekuz eta estatuz aldatua ginuen jada euskal pesta ospetsu baten kari. Kamarak altuera hartu zuen ere, Gardnerville (1600m) Nevadako herri txikiko mus txapelketa famatura irixterakoan. Han zegoen San Frantzisko, Reno, Sacramento, Salt Lake city eta baita Bakersfieldeko jendea. Nafartarrak eta Iparraldekoak ziren gehienak ; Bizkaitarrak Boisen (Idaho)elkartuak izanki, ibilbide zaila eta luzeegia dute Gardnervilleko hitzorduan geratzeko (10 ordu autoz). Ber distantzia arazoak oztopo egin du guretzat, haiengana hurbiltzeko.

Hala eta guztiz ere, ehun pertsona baino gehiago bildu ziren txapelketarako, eta txapelketari zapore berezi bat gehitzeko, denek bazekiten irabazleak NABOko saioarentzat txartela lortuko zuela munduko finaletara aireratzeko esperantzarekin: Bartzelonan iraganen da aurten.

Egun goxoa pasa genuen mus mahai eta ostatuaren artean, han arraroak izaten diren txistor ogitartekoak gozatuz eta bakoitzaren umore onaz animaturik. Hiru belaunaldi nahasiak zeuden eta zaharrenek haien haurrak zuzentzen zituzten noiztenka kantuen hitzak izorratzen zituztelarik. Halako topaguneek giro polita sortzen dute, guttitan ikusten diren euskaldunen elkartzeko aukera delako, udaberria hurbiltzen ari den bitartean.

San Frantziskotik Gardnervillera eta Renora segipenean, aste bete batentzat. Renon euskaldun desberdinak aurkitu genituen...

Baina hiru lagunen abenturak, datorren astean jarraituko du...

Informazio gehiagorako: www.myspace.com/ehortikhara