433 Zenbakia 2008-03-28 / 2008-04-04

Euskobooks

Aipamena. Nor bere patroi: Arrasateko kooperatibistak aro globalaren aurrean

Egilea: Joseba Azkarraga Etxegibel Argitaletxea: Eusko Jaurlaritza Orrialde kopurua: 331 ISBN: 978-84-457-2640-2 Ezaugarriak: Arrasateko kooperatibistengan bizitza gobernatzeko berezko molde baten zertzeladak aurki daitezke. Ethos bat, nolabait. Euskal esperientzia kooperatiboa ez baita soilik errealitate ekonomiko bat, amets batekin konektaturiko esperientzia ere bada: enpresa eraldatzea gizartea aldatzeko; herritarrek enpresa (auto)gobernatzea; nor bere patroi izatea, efikaziari zentzua atxikiz eta zentzuei efikazia (osagai sinboliko eta kulturalen potentziaren adibide da, hein handi batean). Arrasateko kooperatibistek zentzu-komunitatea osatu dute, nolabait. Munduan garrantzitsuenetakoa den esperientzia kooperatibo honek bi alderdi josi nahi izan ditu: bizitzaren alderdi materiala (eta honi dagokion arrazionaltasun instrumentala, eraginkortasuna helburu duena) eta existentziaren dimentsio sinbolikoa (eta honi dagokion balore-arrazionaltasuna: giza ekintzari zentzua ematen dio, azken zergatiez eta zertarakoez hornitzen du). Hortaz, kooperatibek bere egiten dute modernitatearen berezko tentsioa Max Weberrek zioenari jarriki, honen ustez modernitatea bi indar horien arteko tentsioa baita.