427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15

Gaiak

Justiziaren antolaketa eta funtzionamendua Euskal Autonomia Erkidegoan

ORDEÑANA GEZURAGA, Ixusko

Zuzenbide Prozesaleko UPV-EHUko irakaslea

I. Gaiaren kokapena eta nondik norakoak

Ondorengo lerroetan Euskal Autonomi Erkidegoan zerbitzatzen den justiziaren inguruan herritar ororen interesekoak gerta daitezkeen zenbait datu azpimarratu nahi dira. Izan ere, justizia herritar ororen legitimazioa behar duen zerbitzu publiko bat den heinean, herritar orok haren funtzionamenduaz jakiteko eskubidea baitauka.1

Gaiari heldu aurretik bi ñabardura ezinbestekoak dira. Batetik, gu Euskal Autonomi Erkidegoko lurraldera mugatuko bagara ere, justizia egitea edo banatzea Estatuaren kontua dela azpimarratzea ezinbestekoa da, espainiar Estatuan, bere Konstituzioak aldarrikatzen duen moduan, Epai Boterea bat eta bakarra baita (117.5 art.). Horregatik, Euskal Autonomi Erkidegoan diharduten epai organoak eta berauek zerbitzatzen dituzten epaileak Estatuarenak dirala -eta beraz, ez Autonomi Erkidegoetakoak- esatea da zuzenena.2 Honek ez du esanahi Erkidego Autonomoek -eta beraz, gureak ere- justiziaren egikaritzan partehartzen ez dutela, izan ere beren lurraldean dauden Estatuko organo jurisdikzionalei justizia banatzen laguntzen baitie beren eskumenen esparruan.3 Argi gera bedi honenbestez, gure lurraldean ematen diren gatazkak ebazten dituzten epai organo estatalen zehaztasunak emanen ditugula. Bestetik, zehaztasun hauen iturriak identifikatu behar ditugu. Guk aurkeztuko ditugun datuak, ditugun berrienak, 2006. urtekoak dira eta batez ere bi txostenetan jasotzen dira: Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (BJKN) Ikuskapen Zerbitzuak eginiko azterketa4 eta Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiaren (JAEB) txostena.5 Bi ikerketa hauen egileei buruz bi hitz. BJKN espainiar epailegoaren gobernu organo nagusia da. Epaileen independentzia bermatzeko asmoarekin, beren estatutua kudeatzeko funtzioa BJKNri egozten zaio. Gainera, beste batzuen artean, epai organoen inspekzioa dagokio. Horretarako Inspekzio Zerbitzu bat dauka. Honen fruitua da aipatutako txostena.6 Justizia Administrazioaren Euskal Behatokia aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Euskal Autonomi Erkidegoan justiziaren Administrazioari buruzko gaietan erakunde aholkularia dugu. Era berean, bestelako azterketak eta ikerketak egiten ditu. Azken hauen emaitza da aipatutako txostena. 2. Euskal gizartean konpondu beharreko liskarrak

Euskal Autonomi Erkidegoko biztanlegoa liskartsua gara? Hau da, maiz jotzen dugu epaitegietara? Datu zehatzak eman ditzakegu. Epaitegien munduan liskar-tasa gisa identifikatzen dugunaz mintza gara. Kontzeptu honek mila biztanleko epaitegietan erregistratzen diren asuntoak neurtzen ditu. EAEn 1.000 biztanleko 117,74 kasu aurkeztu ziren epaitegietara 2006. urtean, azken 6 urteotan liskar-tasa % 10,1 igo delarik. Beraz, euskaldunok gero eta liskartiagoak gara. Baina datuok Espainiako beste Erkidego Autonomoekin konporatzen baditugu, EAE-ko liskar-tasa Estatuko baxuena dela atzematen dugu, Estatuko batezbestekotik (179,91) urrun gaudelarik.7 Probintziei so eginez, Bizkaiak eta Arabak antzeko liskar tasa daukate -116,79 eta 116,72 -hurrenez urren- eta Gipuzkoak apur bat baxuagoa dauka (104,26). 3. Liskarrak konpontzeko dauden epai organoak eta zerbitzatzen dituzten epaileak

Epaitegi eta auzitegietan pertsonak aritzen dira, hala nola, epaile eta magistratuak. EAE-n justizia banatzen diharduten pertsonei eta berauek osatzen dituzten organoei erreparatu nahi diegu puntu honetan.8

EAE-n, Erkidego osorako Justizi Auzitegi Nagusi bat dago Bilbon, hiru justizi aretoduna: mixtoa (zibila eta penala), administrazioarekiko auzietarakoa eta soziala. Aldiz, probintzia bakoitzak bere Audientzia Probintziala dauka, arabakoak 2 sekzio mixto (zibila eta penala), Gipuzkoakoak 3 sekzio mixto (zibila eta penala) eta Bizkaikoak 6 sekzio dituelarik, 3 zibilak eta 3 penalak. Hauek organo kolegiatuak dira, pertsona aniztunak, beraietan magistratu bat baino gehiago aritzen direlarik, batez ere helegiteak ezagutzen.

EAE-n, berehala eta aparte aztertuko ditugun pake-epaitegiak alde batera utzita, 144 epaitegi -epaile bakar batek osatutako organo jurisdikzionala-, daude. Populazio banaketarekin bat, gehienak Bizkaian daude. Lurralde historiko honek 79 epaitegi ditu: Barakaldon lehenengo auzialdiko bost eta Bilbon 11, Barakaldon familia epaitegi bakar bat eta Bilbon 3, Instrukzioko 4 epaitegi Barakaldon eta 10 Bilbon, 2 zigor epaitegi Barakaldon eta 6 Bilbon. Era berean, Bizkaiko lurraldean zehar, Balmasedan 2 epaitegi mixto daude, 4 Durangon, 3 Gernikan eta 6 Getxon9. Gainera Bilbon Administrazioarekiko auzietarako 4 epaitegi, 2 Merkataritza epaitegi, 10 sozial, adingabekoen 2, bigilantzia penitentziarioko bat, betearazpen penaleko beste bat eta emakumeen kontrako bortzakeriaz ezagutzeko 2 daude.

Gipuzkoan aldiz 43 epaitegi daude. Donostian lehenengo auzialdiko 7, familiako bakar bat, Instrukziokoak 5 eta 4 zigor epaitegi daude. Gipuzkoan barna Azpeitian 2 epaitegi mixto daude, Bergaran 4, Eibarren 2, Irunen 4 eta Tolosan 3. Era berean, Donostian administrazioarekiko auzietarako 2 epaitegi, merkataritza epaitegi bakar bat, 4 sozial, adingabekoen bat, betearazpen penaleko bat eta emakumeen kontrako bortzakeriaz ezagutzeko beste bakar bat daude. Azkenik, Eibarren dagoen epaitegi soziala nabarmendu behar dugu.

Araban, azkenik, 22 epaitegi daude. Amurrion dauden 2 epaitegi mixtoak kenduta, gainerako guztiak Gasteizen daude: lehen auzialdiko 6, familiako bat, instrukzioko 4, 2 zigor epaitegi, administrazio auzietarako 2, 3 sozial eta adingutxikoen eta emakumeen kontrako bortzakeriaz ezagutzeko bana.10

Zenbat epaile eta magistratu aritzen dira organo horietan? 2006. urtean EAE-n 211 epailek osatzen zituzten aipatutako epai organoak. Beraz, mila biztanleko gure Erkidegoan 0,1 epaile aritzen dira, edo era ulerterrezagoan, ehun mila biztanleko 10 epaile.11 Horietarik gehienak (% 54,9) emakumeak dira.

Bake epaitegiak aldiz 237 dira osotoro EAEn,12 horietako bakoitzean norbanako bat aritzen delarik. Gizonak 154 dira eta emakumeak 83. 4. Epaileen lana 2006. urtean

2006. urtean EAE-an aritzen diren epai organoetan 324.862 gatazka juridiko sartu ziren. Ebatzi, aldiz, 324.615 egin zituzten. Urte horren bukaeran epaitegietan oraindik 105.198 kasu edo espediente konpondu gabe zeuden. Deigarria da urte honetan aurrekoan baino % 6,9 kasu gutxiago ebatzi zirela eta aldiz konpondu gabeko gatazken kopurua % 0,21 igo zela. Beraz, orohar 2006. urtean epaileen lana urriagoa eta geldoagoa izan zela esan genezake.

Lurraldez lurralde begiratzen badugu: Bizkaian aztertzen ari garen urtean 189.535 kasu sartu ziren epaitegietan, Gipuzkoan 91.465 eta Alaban 44.534. Ebatzi aldiz, 189.391, 89.794 eta 45.430 kasu ebatzi ziren aipaturiko lurralde bakoitzean, hurrenez hurren. Kasuen metaketari erreparatzen badiogu (oraindik konpontzeke daudenak), Alaba da metaketa gutxien duen probintzia eta Bizkaia gehien. Hala ere, Bizkaiko ebazpen tasa Estatuko batazbestekoa da. Beraz, Bizkaian bertan ere epaileei heltzen zaizkien kasuak Estatuan bezala metatzen dira.13

Kasuak ebazteko denborari dagokionez, EAE-n bataz beste epaileek kasu bat erabakitzeko 5,12 hilabete behar dituzte. Datua ez da hain txarra, Estatu osoko bataz bestekoa 5,94 hilabete baita.14 5. Azken balorazioa EAE-ko gizartea ez da oso gatazkatsua, edo behintzat Espainiar Estatuan epaile aurrera gatazka gutxien aurkezten dituena da. Hala ere, egun diharduten epaile eta magistratuak ez dira heltzen egin beharreko lan guztira: ebazten dituzten baino kasu gehiago sartzen zaizkie, ondorioz atzerapena nagusi izanik. Hori konpontzeko, kalitatezko justizia bat denbora egokian emateko, beharrezkoa da gure Erkidegoan diharduten epaile eta magistratu kopurua gehitzea. 1 Horrela aintzatesten dute hainbat autorek. Guztien artean bereziki azpimarragarri iruditzen zaizkigu, GÓMEZ DEL CASTILLLO, M., La crítica al funcionamiento de la Administración de Justicia, Universidad de Huelva, Huelva 1997, 31 eta 32 or., TOHARIA, J.J., Opinión pública y justicia. La imagen de la justicia en la sociedad española, Consejo General del Poder Judicial, Madrid 2001, 61. or. eta GARCÍA DE LA CRUZ HERRERO, J.J., “La satisfacción de los usuarios con la actividad de los tribunales de justicia”, Revista del Poder Judicial, 66/2002 zenb. 2 Nabardura hau ulertzeko, Vid. MONTERO AROCA, J., GÓMEZ COLOMER, J.L., MONTÓN REDONDO, A., BARONA VILAR, S., Derecho jurisdiccional I, Parte general, 15. arg., Tirant lo Blanch, Valentzia 2007, 74. or. eta hurrengoak. 3 Aurreko oin-oharreko autore eta obrak luze eta zabal aztertzen du kontu hau. 4 Azterketak “Estudio del Servicio de Inspección del CGPJ sobre la Justicia en España (2006)” dauka izena eta www.poderjudicial.esen irakur daiteke. 5 Izen osoa “Justizia Administrazioaren Euskal Behatorkiaren txostena 2006” du eta www.justizia.neten aurki daiteke. 6 BJKN honetan sakontzeko (osaketa, izaera juridikoa, funtzioak, etab) ikusi beste batzuen artean AUTORE ASKO (Koord. PEDRAZ PENALVA, E.), El Gobierno de la Justicia: El Consejo General del Poder Judicial (Congreso Internacional de Derecho procesal de Castilla y León, Universidad de Valladolid, 28, 29 y 30 de septiembre de 1994), Universidad de Valladolid, Valladolid 1996 eta BALLESTER CARDELL, M., El Consejo General del Poder Judicial: su función constitucional y legal, Consejo General del Poder Judicial, Madrid 2007. 7 Aipatutako BJKN-ren Ikuskapen Zerbitzuak eginiko azterketak (5. or.) gainerako Erkidegoen liskar-tasa erakusten digu. Hona hemen handienetik txikienera: Andaluzia (212,53), Balear Uharteak (211.62), Valentzia (207,61), Madril (204,12), Kanariar Uharteak (197,16), Murtzia (174,63), Catalunya (169,66), Kantabria (168,11), Galitzia (154,18), Asturias (151,13), Aragoi (146,86), Gaztela eta Leoi (144,57), Extremadura (133,74), Nafarroa (132,35), Errioxa (124,33) eta Gaztela-Mantxa (120,15). 8 Ez diegu erreparatuko hauekin batera aritzen diren idazkari judizial eta gainerakoei. 9 Epaitegi mixto edo bitariko hauek gatazka zibilak lehen auzialdian ezagutzeaz gain penalak instruitzen dituzte. 10 Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiaren txostena, 5. eta 6. or. 11 Manejatzen ditugun bi txostenak bat datoz datu honetan. 12 Justizia Administrazioaren Euskal Behatokiaren txostenak 10. orrialdean datu hau osatzen du: Bizkaian 104 epaitegi daude, Gipuzkoak 84 eta Alaban 49. 13 “Estudio del Servicio de Inspección del CGPJ sobre la Justicia en España (2006)”-n irakur ditzakegu Espainia osoko datuak (8 eta 9 or.). 14 Estatuko txostenak (9. or.), Espainiako gainerako Erkidego Autonomoen datuak erakusten ditu. EAE-an diharduten epaileek baino denbora gehiago behar dute kasu bat ebazteko, Asturias (5,46 hilabete), Kantabria (5,58 hilabete), Andalutzia (5,69 hilabete), Valentzia (5,8 hilabete), Gaztela-Mantxa (6,21 hilabete), Galitzia (6,34 hilabete), Madril (6,66 hilabete), Kanariar Uharteak (6,75 hilabete), Catalunya (6,93 hilabete), Balear Uharteak (6,96 hilabete) eta Murtzia (7,12 hilabete).