427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mikel Urdangarin

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gure kulturan musikak garrantzia izan du beti eta aspalditik, Mikel Urdangarinen ahots goxoa mundu horretako kide leiala dugu. Zornotzan jaio zen 1971. urtean eta gaztetatik erakutsi du musikarekiko zaletasuna eta gaur egun, afizio horretatik denaz bizitzeko aukera dauka. Argazkia: Mikel Urdangarinen webgunetik hartua.

Abeslari izan aurretik, baina, bertsolaritza munduan sartu zen. Hala ere, espresatzeko beste modu bat bilatu guran edo, literatura poetikoa lantzeari ekin zion. Hala, kantuak konposatzen hasi eta lehenengo diskoa kaleratu zuen 1997. urtean. Kantautore bizkaitarraren lan hark Haizetan zuen izena eta bere bizipen pertsonalak abestien oinarrian zeudela nabaritu zitekeen.

Urtebetera, 1998. urtean, bigarren lanak argia ikusi zuen: Badira Hiru Aste izenez bataiatzea erabaki zuen Mikelek. Album harekin, bizkaitar honen ahots eztia txoko guztietara iritsi zen. Hirugarren lana ez zen 2000. urtera arte plazaratu. Ispilue izena ipini zion eta bere jarraitzaileek gogotsu hartu zituzten disko berriko abestiak. Harekin izandako arrakastaren harira, Kirmen Uribe eta Bingen Mendizabalekin batera, Bar Puerto sortu zuen 2001ean. Emanaldietara joandako guztiek literatura, musika eta bideoa uztartzen zituen ikuskizunaz gozatzeko parada izan zuten.

Disko eta DVD bana kaleratu zituen 2002an; Heldu artean eta Lagun artean zuten izena, hurrenez hurren. Bere esanetan, “mundu hau deskalabru hutsa den arren, bizitza ederra dela eta merezi duela” adierazi nahi izan zuen jasotako abestien hitzetan; baikortasunez beteriko lanak, beraz.

Kirmen Uribe, Rafa Rueda eta Bingen Mendizabal lagunekin elkartu zen Zaharregia, txikiegia agian deitutako seigarren lana egiteko (2003). Beraiekin, Euskal Herrian ez ezik kanpoan ere eskaini zituzten emanaldi batzuk; hala nola, Amerikako Estatu Batuetara bidaiatu eta zuzenekoetan pintura, poesia eta musika nahasten ihardun zuten.

Bi urte behar izan zituen Dana diskorako dozena bat kantu konposatzeko. Soinu orekatuak testu barnerakoiekin osatu zituen eta lan borobila kaleratu zuen hala. Eta 2007an orain arte bere azken diskoa izan dena eskaini zion publikoari. Anek idatzi dit zutaz jarri zion izenburutzat, eta buru–belarri ari da doinu berriak entzuleriari helarazten.

Hasierako pasio berdinez, baina urtetik urtera eta lanik lan, esperientzia bereganatuz hazten doa Mikel, eta barnetik sortzen zaizkion letrei musika ipiniz jarraituko du luzaroan bizkaitarrak.