427 Zenbakia 2008-02-08 / 2008-02-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Geure portaerak

GARAI, Maitane



Gaur egun edozein gaixotasun izanda ere, lehen baino bizi kalitate hobea dugu; bai behintzat gure inguruan. Aspaldi sendabiderik ez zuten eritasun asko ekidin edota gainditu daitezke. Eta gainera, beste asko ia guztiz desagertu dira gure gizartean (esaterako, tuberkulosia). Eta egoera poztekoa den arren, jakin badakigu ez dela berdina gertatzen garapen bidean dauden herrialdeetan.

Pertsona askori ez zaie nabaritu ere egiten gaixotasunen bat dutenik; beste kasu batzuetan, berriz, sintomek agerian uzten dute beraien ezbeharra. Hala ere, gaur egun ez da garai batean bezala. Hau da, egun, gutxi lotsatzen dira beraien egoeraz eta jendeak ere errespetu handiz jokatzen du normalean. Errespetatzea, ezinbestekoa

Bakoitzak ahal duen bezala egiten dio aurre gaixotasunei, dela fede bitartez (esaterako, otsailaren 11n saminen bat pairatzen duten milaka sinestun Lourdes aldera joango dira erromesaldian urteroko ohiturari jarraituz), dela beste bide batzuei esker. Baina beti ere errazagoa litzateke, eta lagungarria aldi berean, guztiok tolerantziaz jokatuko bagenu.

Kutsatzen ez diren eritasunak dituztenekin naturaltasun osoz jokatzen dugu jeneralean (minbizia, esklerosia...). Baina zer gertatzen da gaitz kutsakorrak dituztenekin? Ba nahiz eta portzentaje handi batean berdin jokatu, oraindik ezjakintasunez portatzen jarraitzen dela. Alabaina, maiz gaixo horiek bakardadea sentitzen dute, eta jendeak ihes egiten die bazterketa batera bultzatuz. Eta hori ez litzateke horrela izan behar.

Gazteok beste garai batean baino abantaila gehiago ditugu; hala nola, sendagaien ikerketan aurrerapausoak eman dira eta informazio horren dibulgazioa handiagoa da. Hala, burua biratu beharrean, naturaltasun osoz jokatu beharko genuke, behar dutenei laguntza eskainiz.

Boluntario programetan izena ematen dute pertsona batzuek benetako laguntza beharrean daudela sentitzen dutelako eta bide batez gizarte zerbitzu bat eskaintzen dute trukean ezer eskatu gabe. Baina nahikoa litzateke noizean behin gaixoengan pentsatu, eta denbora pixka bat emango bagenu haiekin. Denek ere, eskertuko ligukete eta.