423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Presondegiak historian zehar

ERRAMUNDEGI, Joseba

Baionako Fakultateko lantaldeaArgazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal



Lehen, XIX. mendea aitzin, presondegia zigorraren bidean zegoen etapa bat baizik ez zen, zinezko zigorra aitzin. Bordaxuriren Galerianoaren kantua, lekukotasun historiko bat da, hemen ikusten dugu, galeretara joan aitzin, preso emana dela:

“Mila zortzi ehun eta hamabortzgarrena; Ni Ahazparnen preso hartu nindutena; Plumaieneko premu orok dakitena, Galeretan higatu beharko naizena...”

Baina horrelako adibide ugari bada euskal literaturan, Zibilek esan naute Iparregirreren kantua ere garai horren lekukotasuna bezala ikusten ahal da.

Hala ere, garai berean, presondegia bera helburu bat bezala kontsideratua zen gauza batzuentzat, hala nola jende bihurrien entzerratzea gizartea garbitzeko (prostitutak, gaizkileak, eroak...), eta munduko leku batzuetan oraindik helburu hori presondegiari lotua zaio.

Baina XIX mendetik goiti, presondegiaren ikusmoldea aldatzen hasi da, zigortzeko erakundea bihurtuz. Bizkitartean, mende horren ondotik, kartzela ikusteko manera asko izan dira:

Pixkanaka–pixkanaka, presondegia begiratzeko moldea aldatu eta ideia berri bat sortu da gure gizarteetan : gaizkigileak gizarteari dion zorra pagatu behar diela. Beraz, espetxeratua izanez gain, presoak lan egin behar zuen. Zorra pagatu eta presoak xuriturik ateratzen ziren.

Bertze ikuspuntu baten arabera, presondegia behar zen, gizartearen ordena zalantzan ezartzen zutenen neutralizatzeko. Azkenik, presondegia ber heziketa toki bat bezala ikusia izan da.

Baina, geroztik presondegiaren helburuak aldatu dira eta mendebaldeko gizarte “garatuek” kontzepzio uniformizatu bat dute, ezberdintasun batzuk badira ere. Erraten da kartzelak sei helburu dauzkala:

– gizartea jende lanjerosez begiratzea, – legez kanpoko ekintzak egiteko xedea dutenei nahia kentzea, – presoa ber–heztea, integratzea ahalegitea, – biktimen soleitzea, – baina baita ere, non hemenka, politika aurkarien isilaraztea eta eta epaiketa aitzin gaizkigileak eskumenean atxikitzea (behin–behineko espetxeratzea da).

Oroitarazi behar da, ordea, presondegietan eri psikiatriko asko direla, beren eritasunek eragin dituzten krimenengatik. Baina kasu horretan presondegien helburuetatik ateratzen gara. Hori arazo handi bat da, bereziki Europako gizarteetan.

Presondegia ikusteko molde hau, orain arte aurkitu den hoberena omen da. Hala ere, boz asko altxatzen dira honen aurka. Presoen bizi baldintzak oso txarrak dira gehienetan. Horien aldatzen saiatzeko, elkarte batzuk badira, adibidez OIP, Nazioarteko Presondegien Behatokia edo Ban Public elkartea (iparraldean). Horien txostenei esker, kartzeletako berriak kanpora heltzen dira eta horren ondorioz aldaketa ttikiak eginak dira. Horrez gain, presondegiaren kontzeptua zalantzan ezartzen duten korronteak sortu dira XX. mendean.

Abolizionistek presondegien desagertzea nahi dute, eta berrikitan agertu diren bio–teknologiei esker bertze sistema bat sortu nahi lukete.

Bertze korrontea erredukzionistena da. Horiek ez dute presondegia desagerrarazi nahi. Aldiz beraien ustez, espetxeak izaki lanjerosenentzat atxiki behar litaizke, arazo ezberdinengatik: lehenik gizartearentzat garesti delako norbaiten preso sartzeak (lagun banarentzat 1600 euro hilero). Bertzalde gizakiarentzat kaltegarriena delako.