423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Koloreen inguruan

OLALDE, Aitziber



Hiru hilabete pasatxo igaro dira nire herrian naizenetik. Aireportura iritsi nintzen ostegun arratsalde batez; irailaren 30a zen oker ez banago.

Urtebete Australia aldean bizi izan ondoren, berriro nintzen etxean. Eta ez nintzen bakarrik itzuli herrialde hartatik, mutil-laguna nirekin etorri baitzen hilabete pare bat igarotzera.

Hegazkinetik jaisteaz bat hasi nintzen ingurukoen aurpegi arraroak sentitzen, batez ere familiarteko batzuen aldetik. Mike deitzen da nire laguna, 30 urtetako mutil beltzarana da. Bere arbasoak, alde batetik Australiako aborigenak dira, eta bestetik, Ingalaterratik bertara joandakoak. Hala, aurpegira begiratuta nabaritu daiteke bisai erdi autoktonoa: sudur zabala, begi ilun eta sakonak eta ile kizkurra.

Beti hazi naute etxean berdintasunaren inguruan. Inoiz ez dut entzun diskriminazio hitzik nire gurasoen ahotik, inoiz ez arrazakeriari erreferentziarik... Baina jende askok ba omen ditu aurreiritziak bere bihotz edo burmuineko zokoren batean ezkutatuta, hori aipatu dugu behin baino gehiagotan lagunarteko hizketaldietan. Ez nuen, baina, horren gertukoek ere halakorik zutenik uste. Ez zen Mikek sentitzeko moduko ezer gertatu, egia da, baina nik betidanik ezagutzen ditudan begiradek zer esan nahi duten badakit, eta halaxe gertatu zen. Ez zitzaion hitz okerrik esan australiarrari... baina barnean sentitu nuen zerbait ongi ez zebilela.

Egunak joan eta egunak etorri, Mikek bere ingelesa, eta dakien euskara eta gaztelania apurra nahastuta erakutsi zuen zer-nolako pertsona den eta ez zuen denbora asko behar izan ingurukoen konfiantza eskuratzeko. Lehenengo astea igaro orduko aurreiritzi horiek baztertuak izan ziren neurri handi batean ?nahiz eta oraindik norbaitek pentsatuko duen desberdin...

Horregatik, inoiz baino ozenago diot ez dela aurretik inor epaitu behar, ez azal kolore, ez erlijio eta ez beste edozein arrazoi dela medio. Barrutik denok gara berdinak, ez dugu inoiz ahaztu behar. Eta ez al da garrantzitsuagoa pertsonaren izaera ezagutu eta ondoren nolako pertsona iritzi zaigun erabakitzea? Zer esango zenuke zure begi koloreengatik epaituko bazintuzte? Hausnar dezagun.