423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Guantanamoko kartzela

ERRAMUNDEGI, Ekhi

Baionako Fakultateko lantaldea



Guantanamoko Kartzela, 1903tik AEBk alokatzen duen Kubako eremu batean kokatzen da. Roosevelten agintaritzapean burutu zuten akordioa eta bi aldeen erabakiak baizik ez dezake hautsi. Hori dela eta, urtero, AEBk txeke bidez 4085$ ordaintzen dizkio Kubari. Txeke hori, baina, Castrok ez du nehoiz jaso, ez duelako onartzen bere etsai handienak bere lurretan base militarra izatea. Guantanamoko presoenganako tratamedua erakusten duen Jose Antonio Elviraren eskultura.

Gaur egun, 395 preso dira Guantanamoko kartzelan eta horien presondegian atxikitzeak polemika sortzen du legearen aldetik. Hain zuzen ere, Bushen dekretu batek mugarik gabe eta inongo akusaziorik gabe harrapaturiko gudulari ilegalak kartzelaratzea ahalbidetzen du. Bushen administrazioak, Al–Qaeda eta talibanek ez dituztela gerlako legeak errespetatzen argudiatzen dute gudulari ilegalak direla errateko. Alabaina, akusaziorik ez izatea neurri gabeko espetxeratze gisa hauteman daiteke. Guantanamoko presondegiari buruz biziki informazio gutxi helarazten du AEBtako gobernuak. Dakigun gutxiarekin hau erran daiteke :

– Presoek, kartzelaren irekitze denboran, etengabe argituriko 2x2 metroko ziega batzuetan egon behar izan dute. – Presoak, izan eguna ala gaua, edozein momentutan galdekatuak izan daitezke. – Lekuz aldatuak direlarik, presoek, esku eta zangoak loturik dituzte eta buru gainean poltsa bat ematen zaie, deus ikusi ez dezaten. – Bisitak mugatuak dira (familia eta abokatuenak barne). – Presoen arteko harremanak murriztuak dira. – Tortura (psikologiko eta fisikoa) erabilia da. Guantanamoko kartzela hainbat eragile eta helburu ezberdinetako erakundek salatu izan dute behin eta berriro. Amnesty Internationalek, 2005eko txosten batean gulag moderno gisa definitu zuen. Presoak epaitu gabe kartzelaratuak dira eta ez dute eskubide zibilik. Gizartetik kanpora gelditzen da Guantanamo, herritarren begiradatik at eta presondegia kudeatzen dutenek ongi baliatzen dute hori!