423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Fernando Beorlegi

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Fernando Beorlegi euskal margolari ezaguna dugu. Nafarroako Arrizabalaga herrian jaio zen 1928ko urtarrilaren 21ean eta Irunen hil zen 2008ko urtarrilaren 6an. Nafarra zen arren, Eibarrera joan zen bizitzera 1956. urtean; izan ere, Maria Luisa Ereña bere emaztea bertakoa zen. Argazkia: Diario de Navarra.

Ikasketak Iruñeko Maristetan egin ondoren, Javier Ciga Etxandi irakasle zuela pintura eskolan aritu zen, 1942tik 1945era. Ondoren, Madrilera joan zen bizitzera. Bertan, Arte Ederren Elkartean eskolak hartu zituen nafarrak. Hasieran paisaiak pintatzeari ekin zion arren, errealismoa besarkatu zuen azkar asko Beorlegik. Baina zenbait kasutan ez zuen albo batera utzi surrealismoa.

Beorlegi lan oparoen sortzailea izan da. Bere lanen artean animali buruak dituzten gizakiak, bururik gabeko gorputzak edo maskara bihurtutako aurpegiak aurki daitezke, esaterako. Askotan ametsekin lotutako gaiak jorratu izan ditu. Bai bakarrik eta baita taldean ere lan ugari egin zituen. Eibarko Goruntz taldeko sortzailea izan zen Txopitea eta Iñaki Larrañaga artista eibartarrekin batera.

Baina Beorlegi ez zen margotzera soilik dedikatu. Izan ere, grabaketa eta eskultura lanak ere egin ditu artearen mundua zapaldu zuenetik. Jorge Oteizaren jarraitzailea izan zela aitortu zuen behin baino gehiagotan, eta horrek, bere dizipulu izatera eraman zuen.

Bere sormenekin erakusketa ugari antolatu dira, bai Euskal Herrian eta baita kanpoan ere; 1957. urtetik makina bat aretok zabaldu dizkio ateak Beorlegiri. Baina 1993.urtean egindako erakusketa izan zen handiena, bertan artistaren lan gehienak erakutsi baitziren. Kutxak Donostian duen aretoan izan zen.

Bestalde, 2003ko azaroan Eibarko Topalekun jartzen du erakusketa, eta 2004ko abuztuan berriz, Zarautzeko Ispillu Arte Galerian ipintzen ditu bere lanak erakusgai. Errealismo soziala, baina aldi berean surrealismora jotzen zuten lanekin osatutako erakusketak, beti ere.

Gaixotasun luze baten ondorioz zendu zen Fernando Beorlegi 2008ko urtarrilaren 6an. Baina bere artelanek betirako iraungo dute.