423 Zenbakia 2008-01-11 / 2008-01-18

Euskonews Gaztea

Gaiak: Etxebizitza gora eta behera

IRIGOIEN, Haizea



Azken hilean etxebizitza dela eta deklarazio anitz entzuten ari gara bai irrati eta bai telebista kate guztietan. Era berean, edozein periodiko hartuz gero, berriez gain ere, hainbat pertsonek euren iritzia ematen dute etengabe. Izan ere, urtarrilaren 10etik aurrera, alokairuan bizi diren 22 eta 30 urte arteko Hego Euskal Herriko gazteek hilean 210 eurotako diru laguntza jaso ahal izango dute. Hau, Espainiako Gobernuko Etxebizitza ministerioarekin Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak sinatu dituzten akordioei esker izango da.

Horrela azaldurik, badirudi neurria txalotzekoa izan daitekeela eta gazte askorentzat onuragarria. Hala ere, aurkako ahotsak entzuten hasi dira jada, eta ondorioz hasierako baldintza eta ezaugarri batzuk ere aldatu dituzte. Hasieran batean, Eusko Jaurlaritzako iturriek 700 eurotik gorako errentei ez laguntzeko asmoa egin zuten publiko, baina, urtarrilaren 9an, laguntzak, alde horretatik, mugarik gabeak izango direla jakinarazi zuten. Izan ere, baldintza honek gazte asko, gehiegi, laguntza hau jasotzeko aukeraz at uzten zituen; Euskal Autonomia Erkidegoan alokatzen diren etxebizitzen artean, soilik %21en alokairua ez da heltzen 720 eurora. Etxebizitzen prezioen antzera, alokairuenak ere goitik dabiltza oso.

Beste baldintza batzuk, urtean 22.000 euro baino gehiagoko diru sarrera gordinik ez izatea eta aldi berean, 22 eta 30 urte artean izatea dira.

Baldintza hauek kontuan izanik, diru laguntza jasotzeko aukera duten pertsonen kopurua murritza izango da. Alde batetik, adina 30 urterekin akitzen da, eta egun, adin horretatik gora pertsona askok ez dute alokairu bat ordaintzeko adina dirurik irabazten. Izan ere, oro har, unibertsitate ikasketak egiten dituztenentzat behintzat, amaitu eta praktikak egiteko epe luzea etortzen da (diru sarrerak irrigarriak izaten dira) eta ostean, zortea dutenek, euren lehenengo lana izan dezakete (askotan autonomo bezala edota lan-baldintza xume batzuekin).

Konturatu gabe, beraz, 30 urte beteak ditu gazteak, eta oraindik, lan baldintza duin batzuk eskainiko dizkion enpresa edo lanpostuaren bila dabil, eta neska lagun edo mutil lagunik izanez gero, agian 40 metro karratuko etxe bat alokatu ahalko du, bion artean ordainduz. Bestela, pisua lagun, ezagun edota edozeinekin konpartitzea da bigarren aukera.

Laguntza jasotzeko aukera galtzen du baita ere 22.000 euro gordin baino gehiago kobratzen duenak. Tira, kasu hauetan, jakin beharko litzateke zein den soldata netoa.

Laburbilduz, gazte askok neurri hau adabaki bat dela salatzen dute. Egoera honen aurrean, agian abiapuntu bezala neurri hau hartuz, kaltetuei galdetu ahalko litzaieke zeintzuk izan daitezkeen irtenbide posibleak. Soluzioa ordea, ez da erraza. Alokairuak jaitsi? (libre merkatuaren sistema honetan nola lortu hori?); hutsik diren etxeak alokatu? (nola behartu etxe horien jabeak?); alokairuaren aukera indartu, etxea erostearen aldean? ( Alokairu kuota murriztu beharko litzateke baina); okupazioa aukera bezala ?

Eztabaida hortxe dago, gori-gori.