419 Zenbakia 2007-12-07 / 2007-12-14

Gaiak

Uniqual: Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia

FERNÁNDEZ SÁINZ, Ana

Uniqualeko zuzendaria UNIQUAL



Argitalpen honen bidez, zera eman nahi nuke ezagutzera: Euskal Unibertsitate Sistema Goi Mailako Hezkuntzarako Europar Esparruarekin (GHEE) bat egiteko prozesuan, Uniqual Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentziak izan behar duen zeregina. Niretzat erronka berezia da Uniqual abian jartzea, esleitu didaten eta harrotasunez onartzen dudan Zuzendari kargua baliatuz.

1999ko ekainaren 19an, Sorbonako adierazpena egin eta handik urtebetera, Europako 29 herrialdetako goi-mailako hezkuntzaren ardura duten ministroek Bolognako adierazpena izenpetu zuten. Zalantzarik gabe, adierazpen horrek oihartzun handia izan du unibertsitateko eremuaren barnean nahiz handik kanpo. Bertan, garrantzi handiko helburu komunak ezarri ziren 2010erako Goi Mailako Hezkuntzarako Europar Esparrua (GHEE) koherentziaz eta kohesioz garatzeari begira. Besteak beste, Bolognako adierazpenak Europa-arloko lankidetza beharrezkotzat jotzen du irizpide eta metodologia alderagarriak garatzeko, betiere goi-mailako hezkuntzaren kalitatea bermatzearren. Horrez gain, bestelako helburuak ere finkatu ziren Bolognan, hala nola titulazioen homogeneizazioa, baita graduko bi ziklo nagusitan (geroago hirugarren sartu da) eta kredituetan oinarritutako sistema ere. Halaber, sistema horrek ikasleen mugigarritasuna eta Europako eremu osoan irakasle komunak izatea ahalbidetu behar du.

Bolognako Jarraipen Taldeak egin zuen lehen konferentzian (Praga, 2001eko maiatzaren 19a), lortu beharreko helburuak zabaldu ziren eta GHEE sortzeko premia indartu zen. Berlingo adierazpenean (2003ko irailaren 19a), Bolognako Prozesua izenpetu zuten estatuetako ministroek kalitatea bermatzeko irizpide, prozedura eta jarraibide adostuak garatzea eskatu zioten European Network for Quality Assurance (ENQA) erakundeari.

Bergenen 2005eko maiatzean egindako topaketan, goi-mailako hezkuntzan eskumena duten Europako ministroek “GHEEn Kalitatea Bermatzeko Estandarrak eta Gomendioak” onartu zituzten. ENQA erakundeak egin zuen dokumentu horren zirriborroa. Bertan, honako emaitza eta gomendio hauek bildu ziren: Europa-arloko irizpideak ezarri beharko dira barneko nahiz kanpoko kalitatea bermatzeko, baita kalitate-bermerako kanpoko agentzietarako ere. Kalitatea bermatzeko Europako agentziei azterketa egingo zaie bost urtetik behin. Kalitatea bermatzeko agentzien Europako Erregistroa sortuko da, eta Erregistro horrek Batzorde bat izango du, agentzia berriak biltzeaz arduratuko dena. Goi Mailako Hezkuntzaren kalitatea Bermatzeko Europako Aholkularitza Foroa eratuko da.

Testuinguru horretan sortu zen Uniqual. Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legean du jatorria, eta haren estatutuak ekainaren 27ko 138/2006 Dekretuaren bidez onartu dira. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da Uniqual, eta Eusko Jaurlaritzari atxikita dago, Unibertsitateei buruzko eskumen duen Sailari, hain zuzen ere. Dena den, 2006ko bigarren seihilekoan jarri da abian Uniqual. Bere estatutuen arabera, Uniqualen jarduerak Jardun programetan bildu dira, Europako gainerako Kalitate agentzien ildoari jarraiki. Adituen Batzordeak proposatzen ditu Programa bakoitzerako ebaluazio-irizpideak eta Uniqualen Administrazio Batzordeak onartu eta argitaratzen ditu. Beraz, unibertsitate-komunitate guztiak eskura ditzake.

Uniqual eraginpean hartzen duen Europako testuinguruan zeregin garrantzitsua izateko helburua edukitzeaz gain, Uniqualek kalitatearen arloko erreferentea izan behar du estatu espainolean. Azken helburu hori betetze aldera, Unibertsitateen Kalitaterako agentzien Espainiako Sarearen (REACU) sorreran parte hartu du, beste hainbat autonomia-erkidegotako agentziekin (Katalunia, Madril, Gaztela eta Leon, Balear Uharteak, Kanariar Uharteak, Gaztela-Mantxa, Andaluzia, Aragoi eta Valentziako Erkidegoa) eta Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko agentzia Nazionalarekin (ANECA) batera. Honako helburu honi begira sortu da REACU erakundea: agentzien arteko lankidetza bultzatzea eta agentzia horien erabakiak elkarri aitortzeko baldintzak sortzen laguntzea. Zinez espero dut argitalpen hau Uniqual unibertsitate-eremura hurbiltzeko eta eremu horren nondik norakoak, eginkizunak eta helburuak ezagutzera emateko lagungarria izatea.