410 Zenbakia 2007-10-05 / 2007-10-12

Efemerideak

Efemeridea. Bitoriano Gandiaga Artetxe, bizkaitar idazlea eta elizgizona, 1928ko urriaren 8an jaio zen



Bitoriano Gandiaga Artetxe. (Mendata, 1928). Frantziskotarra. Arantzazuko, Foruko, Zarauzko eta Erriberiko komentuetan egin zituen apaiz ikasketak. Arantzazu, Euzko Gogoa, Egan eta Olerti agerkarietan eman zituen argitara bere lehen olerkiak. 1962an Elorri izeneko aurreneko olerki bilduma eman zuen argitara. Bertan Arantzazuko ingurutik hartu zuen olerki gaia, Lizardik ohi zuen bideetatik. Handik hamabi urtera, Hiru gizon bakarka (1974) bilduma eman zuen argitara. Oteizaren eragina aitortu zuen Gandiagak lan horretan, eta, aurrekoaren aldean, olerki mota konpromezuzkoagoa egin zuen. Handik hiru urtera eta Madrila egin zuen bidaia baten ondoren, Uda batez Madrilen idatzi zuen, hiri handi hartako ikusmenak liluraturik. 1985ean Denbora galdu alde argitaratu zuen. Hizkuntzazko baliapide aberatseko idazlea da Gandiaga; onomatopeiek eta hizkuntz jokoek garrantzi handia dute bere olerkietan. Azken urteetan gabon kantak argitaratu zituen eta Arantzazuko irakaslea izan zen. 2001ean zendu zen.