408 Zenbakia 2007-09-21 / 2007-09-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Sorkun

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Nahiz eta Sorkun bezala den ezagunagoa, 1977.urtean Errenterian jaiotako gazte honek Sorkunde Rubio du izena. Bertan bizi izan zen 1999.urtean paisaiaz aldatu eta Gasteiz aldera joatea erabaki zuen arte, eta gaur egun ere bertan egiten du bizimodua.

Laurogeita hamargarren hamarkadan entzun genuen lehenengoz bere izena. Orduan, aurrez sortuta zegoen Kashbad musika taldeko ahotsa izatera iritsi zen. Beraiekin Kashbad, Distantzia eta Hesiak izeneko lanak kaleratu zituen. Zazpi urteko ibilbidearen ondoren taldea banandu eta garai hartan erabaki zuen Sorkunek aire berriak arnastea.

Eta ez zuen denborarik galdu. Fermin Muguruzarekin behin edo behin taula gainean ibilitakoa zen aurretik ere, eta 1999. urtean Muguruzak bere lehen bakarkako diskoa kaleratu zuenean, Sorkun aukeratu zuen diskoaren aurkezpen bira egiteko. Hala, errenteriarrak munduko txoko desberdinak ezagutzeko parada izan zuen. Eta berdin bigarren diskoarekin ere.

Sorkunek ez zuen 2001. urtera arte bakarkako ibilbidea egitea pentsatu, baina abentura berri bati ekin zion bere izena daraman taldea sortuz. Onna deituriko lehen diskoak pop eta hardcore melodiko kutsuko kantuak jasotzen ditu eta harrera bikaina jaso zuen.

Fermin Muguruzaren talde berriarekin bira egiten du Sorkunen taldeak 2003 eta 2004 urteetan. Orduan lan bikoitza egitea egokitu zitzaion gipuzkoarrari. Alde batetik bere taldearekin jotzea eta bestetik, Kontrabandarekin abestea.

Bigarren diskoa (Dunna) 2005. urtean kaleratzen da eta berrikuntza batzuk sartu zituen Sorkunek; hots, sintetizagailu eta sekuentziadoreekin jolasten du bertan. Hasieran ezustekoa izan zen arren, kritika bikainak jaso zituen azkenean.