408 Zenbakia 2007-09-21 / 2007-09-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Elgoibarko Plaza Handian barrena

ALVAREZ, NAGORE ANTON, Nora CARRARA, Asier ZUBIAURRE, Unai

Elgoibarko Ikastolako lantaldea



Elgoibarko Plaza Handia hiribilduaren erdian, eta beraz, gune historikoan kokatuta dago. Frontoiak, San Bartolome parrokiak, udaletxeak eta honen aurreko etxeek mugatutako gune hau, urteetan zehar hainbat aldaketa jasan eta azkenean XVIII. mendean plaza bezala erabiltzen hasi zen.

Kalegoengoen plaza (horrela deitzen zitzaion lehen) 1346. urtean leku publikoa zen. Baina 1604. urtean parrokia harresi barrura sartu zenean plaza itxura hartzen hasi zen, XVIII. mendean Foruen enparantza izena hartu zuen arte.

Beste aldaketa garrantzitsu bat zera izan zen: Kontzeju etxea 1506an berreraikia izan zela eta zoritxarrez 1560an sute batek suntsitu egin zuela. Frontoia

Kare-harrizko harlanduz eraikitako frontoi irekia da Plaza Handiaren baitan duguna. Ezkerreko eta frontiseko paretak ditu. 1750eko apirilaren 5ean erabaki zuen udalak eraikitzea. Cristobal Elorza izan zen horren arduraduna eta 1751ko maiatzaren 22an bukatu zituen lanak. 1834ko ekainaren 30ean Elgoibarrek uholde handi bat jasan eta kalte handiak izan zituen. Ondorioz, frontoiko eskuineko horma berreraiki behar izan zuten. 1863tik gaur egunera arte zoruak ere hainbat aldaketa izan du. Frontoia asfaltatu zuten, eta 1989an berriz, harlauza ipintzeko agindua eman zen. San Bartolome Parrokia

Parrokia XVII. mendeko eraikuntza da. Longa, Larraza eta Ibero arkitektoek eraiki zuten, eta lanek 25 urte iraun zuten. 1716an inauguratu zen azkenean eliza. Bere dorrea barroko estilokoa da.

Justiniani italiarrak eta Ugartemendia euskaldunak egin zuten aldare nagusiak proiekzio klasikoa du, barroko itxura ere baduen arren. San Bartolomeren irudia dago aldare nagusiko erretaulan. Bertan, oso ongi ikus daiteke santuari azala nola kendu zioten.

Baina aipatu behar da gaur egun San Bartolome herriko zaindari izan arren garai batean San Anton izan zela Elgoibarko zaindaria.. Parrokian badago santu horren irudia. Ia lau urtez obretan egon eta gero eta berrikuntza lan izugarria egin ondoren, 1997an berrinauguratu zuten parrokia. Udaletxea

Elgoibarko udaletxea, kontzejuak hartutako erabaki baten ondorioz eraiki zen San Bartolome parrokiatik hurbil zegoen lursail batzuetan. 1734. urtean izan zen hori.

Ibero arkitektoaren lana da. Beheko oinean, erdi puntuko bost arkuren bidez eratutako karrerapeak daude, arkuen gainean balkoi nagusia dago, eta alboetan beste bi balkoi txikiago ditu. Erdian, guztiari osotasuna emanez, teilatu-hegalaren gainetik fatxadarekiko apaindura lerromakurrek eraikinaren izaera barrokoa aldarrikatzen dute.

1498an Errege Katolikoek Elgoibarri eman zizkioten osagai heraldikoen erakusgarri den armarria, bi laurdenetan banatua dago.