408 Zenbakia 2007-09-21 / 2007-09-28

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jon Gurrutxaga. Musikaria: Talde bat sortzeko ezinbestekoa da kideen arteko kimika egotea

ELGOIBAR IKASTOLA

Jon Gurrutxaga musikariari elkarrizketa egiteko aukera izan zuten Elgoibarko Ikastolako lantaldekoek. Bera Arima Beltza taldeko ahotsa izan da urteetan. Blues doinuak jorratzen iaioak ziren gipuzkoarrak, baina 2006ko abenduan agur esan zien eszenatokiei. Ikasleei galderak erantzuteko tartetxoa hartu eta hemen jarri dugu zuentzako.

Nola sortu zen taldea? Noiz?

Arima Beltza 1987.urteko irailean hasi zen. Aitor Badiola gitarran, Jon Gurrutxaga bateria eta ahotsean, Igor Txurruka baxuan eta Lander Trinidad hasi ginen. Igorri ez zitzaion estiloa gustatzen eta I?igo Araujo sartu zen bere partez. Lehenengo kontzertua 1998ko abuztuaren 8an Plaentziako gaztetxean izan zen.

Amaieran, aldaketa baten ondorioz, Lander Trinidadek taldea utzi zuen eta azken urteetan, Patxi Zabaleta izan zen gitarra jolea; baterian Elur Arrieta; gitarran Aitor Badiola; baxuan Iñigo Araujo; armonikan Joseba Alonso eta ahotsean Jon Gurrutxaga. Arima Beltza taldea. Argazkia: Arima Beltza.

Zergatik Arima Beltza taldea?

Hasieran, blues estiloa geneukan. Blues-a beltzek sortutakoa zenez, arima beltza genuela esaten genuen. Baina gero bluesa gogortzen joan zen eta blues–rock–a sortu genuen.

Zein da zuen kanturik gustukoena?

Lehenengo diskoko instrumental bat: Rory. Rory Gallagher-en omenezko kantua da.

Taldearen pasarte edo anekdotaren bat?

Lehenengo diskoarekin, musika sarietarako izendatu gintuzten, euskarazko kanturik onena jasotzeko. Saria Joseba Tapiak irabazi zuen azekenean. Bilbon Madrilerako hegazkina hartzerakoan jende famatu asko ikusi genuen hegazkinean. Isabel Preysler, Miguel Bosé, No sólo música programako aurkezlea, Estefanía Lluci...

Txikitako talderik gustukoena?

Led Zeppelin. Estilo asko entzuten ditugu eta hainbat talde ditugu gogoko. Allan Brother’s band, Free, Rory Gallagher, jazz musika, soula... Jon Gurrutxaga. Argazkia: Arima Beltza.

Eman duzuen kontzerturik gustukoena? Zergatik?

Garrantzitsuena, Getxoko Blues jaialdian, aurretik Raimundo Amador eta Ñaco Goñi y los Bluescavidas taldeek jo zuten eta sei mila pertsonen aurrean jotzeko aukera eduki genuen; kontzertu beroa izan zen.

Zer sentitzen da ezaguna izatean?

Batzuetan, onerako sentsazioa izaten da eta besteetan txarrerakoa. Jendeak egindako lana baloratzen duelako izango litzake onena; txarra berriz, intimitate falta.

Banatzeko erabakia hartu zenuten. Zergatik?

Taldean sei lagun izatea asko da. Gainera, egon behar lukeen kimika jadanik ez zegoen, eta hori funtsezkoa da.

Espero al duzue inoiz berriro ere elkartzea?

Ez dago jakiterik, baina oso zaila da. Kontzertu jakin bat emateko bai, baina talde bezala funtzionatzeko oso zaila da. Jon Gurrutxaga (Elgoibartarra) Euskal musika munduan Blues doinuak egiteagatik famatua egin zen Arima Beltza taldeko abeslaria izan da Jon Gurrutxaga. Ahots bereziko gipuzkoar gazte hau rock eta blues doinuen jarraitzailea dela aitortzen du. 2006ko abenduan agur esan zien bere taldekideei ia hamar urteko ibilbidearen ondoren. Hala ere, ez du musika utzi, eta Uek taldean dihardu bateria jotzen. Gainera, Jon telebistan aritu delako ere ezagun egin zen. Izan ere, Bertatik Bertara saioko kolaboratzaile lanetan ibilia da.