406 Zenbakia 2007-09-07 / 2007-09-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Unibertsitatera ikasten jarraitzeko

ELIZONDO, Amaia



Udako oporrak gozatu ostean, Euskal Herriko gazte gehienak klaseetara itzultzen dira urtero. Askorentzat kurtso berriak ez die aldaketa nabarmenik ekarriko, baina beste askok eguneroko bizitzan aldaketa handi bat izango dute. Milaka gazte unibertsitatean hasiko dira iraila eta urria bitartean. Horietatik batzuek etxebizitzaz aldatu beharko dute eta besteek, berriz, etxetik gertu jarraituko dute. Dena dela, unibertsitatea lehen aldiz zapalduko dutenek bizitzako etapa berri bat abiatuko dutela ziur.

Dagoeneko gazte guztiek erabakita izango dute zein karrera unibertsitario egin. Ikasgela eta irakasgai berriak, jendea ezagutzeko parada... unibertsitateak eskaintza ugari ditu. Gazte askok eskolaren jarraipena dela pentsatuko dute, baina ez da horrela. Etorkizunean lanbide batean aritzeko pausoak emango dizkio unibertsitateak ikasleari. Bestalde, ikasleak askatasun gehiago izango du ohiko eskoletan baino. Izan ere, karrera unibertsitario batzuetan jende ugari matrikulatzen da eta irakasleek ez dituzte ikasle guztiak berehala ezagutzen. Etxetik kanpo bizitzea

Adar guztietako ikasketak ez daude Euskal Herriko unibertsitate denetan. Gazte askok beste toki batera joan behar izaten dute ikastera. Egoera horren aurrean, etxebizitzaz aldatzera derrigortua egoten da ikaslea. Lehen urtean gazte askok ikasleentzako egoitzak aukeratzen dituzte. Horietan gela bat izaten du beretzat eta hori izango da bere bizilekua kurtso akademiko osoan.

Beste batzuek, ordea, ikasle pisuetara joatea erabakitzen dute. Hiru edo lau pertsonek osatutako taldeak pisu bat alokatzen dute normalean. Etxetik kanpo bizitzen ikasteko aukera izan daiteke, janaria prestatzeko eta beste kideekin elkar banatzeko unea ere izaten baita. Bestalde, lagun berriak egiteko aitzakia aproposa izaten da. Etxekoekin baino denbora gehiago igarotzen baita pisuko lagunekin. Azterketa garaia

Euskal Herriko unibertsitate guztietan azterketa sasoia hilabete jakin batzuetan izaten da. Lehen lauhilabeteko irakasgaien azterketak urtarrila eta otsaila inguruan egin izan ohi dituzte. Bigarrenekoak, aldiz, maiatza eta ekainean. Eta horien errekuperazioak abuztuan eta irailean egiten dira, beti ere unibertsitate bakoitzaren arabera. Beraz, ikasleak badaki noiz den ikasteko garaia. Ohiko eskolekin alderatuta, azterketa garaia ezberdina da. Eskoletan edozein egunetan egin daitezke azterketak eta frogak, baina unibertsitateetan egun zehatzetan jartzen dituzte.

Horrez gain, unibertsitatea bakoitzak gustuko dituen ikasketak egiteko tokia da. Hau da, sendagilea izan nahi duenak medikuntzari buruzko gaiak jorratuko ditu, eta kazetaria izateko asmoa duenak, berriz, kazetaritzari buruzko irakasgaiak emango ditu, esaterako. Azken finean, ikaslea lanbide baterako prestatzea da unibertsitatearen helburu nagusia.

Unibertsitateak beste abantaila bat du: atzerrian ikasteko aukera. Unibertsitate publiko zein pribatuek atzerrian ikasteko eskaintzak egiten dituzte. Europan edota horretatik kanpo hilabete batzuk igaro daitezke eskaintza horien bitartez. Kanpoan berdin-berdin ikasi behar da baina baditu bere abantailak. Kultura berriak, lagunak egiteko aukera eta beste hizkuntza bat ikasteko modua izan daiteke.