396 Zenbakia 2007-05-25 / 2007-06-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Lapurdiko Ihauteriak

GRACY, Sebas URCHEGUI, Ihintza EYHARABIDE, Anna CHOPERENA, Kristiñe

Batxilergoko lehenengo mailako ikasleak



Otsailarekin batera, ihauteriak joan dira aurten ere, eta ohi bezala herri bakoitzak bere ohituren arabera ospatu ditu. Arabako zelai zabaletatik Xiberoko mendietara Euskal Herria kolorez eta musikaz jantzi da. Egunerokotasunari ihes eginez, urtean behin nahi dugun itxura izateko aukera ematen dute besta hauek, baina ohiturek errespetatuz beti ere. Euskal ihauterien jatorria

Ihauteriei dagokienez, Euskal herrian dibertsitate handia dago. Hori dela eta herri batetik bertzera izenak aldatzen dira: batzuk ihauteri, inauteri edo inaute erraten diote, bertzeek artauste...

Artauste hitzaren etimologia “haragi uztea” dela pentsatzen da, eta inaute hitzarentzat ere teoria bera atera daiteke. Izan ere “in-ar” edo “gi-ar”-ek haragiari egitek dio erreferentzia, beraz “ihaute”, “haragiaren garaia” izango litzateke. “-eri” atzizkiak, konotazio ezezkorra besterik ez dio gehitzen. Jatorri hau, mundu osoan zehar erabiltzen den “carnaval” hitzaren parekoa da, latinez “carne”(haragi) “levare”(utzi) erran nahi baitu. Bertze batzuen iritziz ordea, inauteri eleak “inausi” aditzarekin harremana dauka, zuhaitzak inausteko garaiarekin alegia.

Askotan ihauterien sortzea kristautasunarekin lotzen da. Izan ere pazko aitzin garizuma izaten da eta Elizaren arabera garai horretan (40 egunez) ezin da haragirik jan, ezta bestarik ospatu ere. Debeku honen erantzun gisa, garizumaren bezperako egunak gero utzi beharko ziren plazerez gozatzen igarotzen ziren. Horregatik ostegun loditik errauste asteazkena iritsi arte, hau da ihauteri garaian eskean joateko ohitura dago, eta hemendik dator “haragi uztea” izena.

Baina pentsatzen da Euskal Herriko ihauterien jatorria kristautasunaren hedapena (1000. urtetik landa) baino zaharragoa dela. Ohitura hau udaberriaren etorrerarekin lotzen da eta, beraz, kutsu kristaua ondorengo asimilazio prozesu baten ondorioa litzateke. Euskal Herrian, Lurra zaratarekin esnatzeko deia zegoela uste da eta horregatik ereite jai batekin harremandu da maiz. Bestalde, ihauterietan izpiritu txarrak usatzen ziren. Horren erakusgarri da Iparraldeko herri anitzetan egiten den zanpantzarren auzia. Gainera, ihauteria artzainen besta ere izan daiteke. Jakina da garai honetan hartza esnatzen dela, eta hau da herri askotako pertsonai nagusia. Pentsa daiteke mozorroak otsoak beldurtzeko ere erabiltzen zirela. Horrez gain, ihauterietako jantzi, erritual eta leiendek, euskal mitologiarekin harreman zuzena dute. Lapurdiko ihauteriak

Lapurdiko ihauteriak 1975 urtetan berpiztu ziren besteak beste Pierre Bettelu, Pierre Gil, Thierry Truffaut, Donibane Lohizuneko Begiraleak eta Lapurtarrak elkarteei esker. Ihauteri ibilaldiak antolatu dira pertsona guziekin , Ezkonduak barne . Lan handia egin da ondoko pertsonai dantza eta ohiturak berreskuratzeko:

Pertsonaiak

-Enseinaria : kaskarotak bezala jantzia da eta desfilearen hastapenean kokatua da. Lehen, Ikurrinarik ez zenez Frantziako bandera eramaten zuten edo beraien herriko bandera.

-Kaskarotak : dantzariak dira, beraien jantzia, ator eta galtza xuriak, ttattarra, eta galtzaren bazterreko aldeetan kolorezko apaindurak zituzten. Bestalde, gerriko ubel edo gorri bat, lokarri gorridun espartinak eta lore edo zintaz apaindutako kapeluak zituzten.

-Besta gorriak : Besta Gorrien mozorroa, kaskarotenen ezberdina da. Jaka gorri bat, urre koloreko hariz inguratua da. Maskara gorri bat ere daramate begi eta ahoarentzako idekidurarekin. Besta gorrien funtzioa eskean ibiltzea eta publikoko jendea zirikatzea da. Horretarako, eskuineko eskuan egurrezko ezpata bat dute eta ezkerrean, dirua biltzeko kutsa bat. Pareka ibiltzen dira, gehienetan binaka edo launaka.

-Ponpierrak : horien jantzia Erdi Aroko erregeen eroena bezalakoa da. Galtza motzak, koloreta eta marra lodidun kolore hori-berdeko jaka zeramatzaten. Jakaren behereko aldean, girgildun hortzak baziren. Ponpierren maskarak itxura pikortatua zuen. Buru gainean paperez eta zintaz apaindutako egurrezko txapel batekin ibiltzen ziren. Hauek eskuetan, aistur handi formako egurrezko pintza bat zuten. Honekin, urrun ziren ikusleen diru eskaintzak biltzen zituzten. Hauek ere, eskean ibiltzeaz gain, dantzan ibiltzen ziren.

-Marika edo Kotilun Gorria : bere betebeharra desfilean diziplina mantentzea da. Bi Kotilun Gorri bakarrik daude. Gona gorria dute soinean, galtza xurien gainetik. Gainean, Artilezko jaka xuria eta kolorezko mantala ere badituzte. Honen sakeletan daukaten errautsa, jendearen itsutzeko erabiltzen dute. Eskutan, behi-buztana zintzilika duten makil bat, jendearen jotzeko. Kapela luze piramidala eta gerrian joareak dituzte. Bukatzeko, aurpegia, ahoa eta begiak ezik ehun gorrizko maskara batez estalia dute.

-Zirtzilak : arropa zahar eta zarpailez jantziak dira barrea eragiteko, dantzan, irriz, garrasika eta kantuz ibiltzen dira.

-Jauna eta Anderea : orokorrean bi gizon izaten dira. Bata bestearen ondoan ibiltzen dira eta lehen Anderearen bahitzen zuten eta Kotilun Gorriek salbatzen zuten.

-Hartza : kasik lapurdiko ihauterietatik desagertu den pertsonaia da, baina euskal ikerlari batzuei esker berriz garrantzia hartzen ari den pertsonaia da.

Dantzak

Lapurdiko ihauterietako dantzak Baxe-Nafarroako dantzak orroitarazten dituzten jauzi sail bat aurkitzen da, hala nola “ Mutxikoak” , “Lapurtar motxak” , “ Zazpi jauziak”. Urrats berak dira eta urrats-markatzaile batek erraten ditu. Ezberdintasun nagusia ez direla berdin ematen, Baxe-Nafarroan jauzi egiten da , Lapurdin, aldiz, ez.

Ihauteri egun bat

Goizetik kaskarrotak etxetik etxera pasatzen dira dantzatez eta kantuz . Hori egin eta ainitzetan herriko plazan elkartzen dira eta hor dantzatzen dute. Egunaren bukaeran antzerki bat egiten da : hori da San Pantzarren auzia. Huntan , San Pantzarri , gertatzen zaizkigun kalte guztiak leporatuak zaizkio. Auziaren bukaeran San Pantzar erretzen da plazaren erdian. Uztaritze: Ihauterien tradizioa eta sorkuntza elkartuak

Uztaritze herrian, ohiturak atxikitzeaz gain, lan handia egin da sorkuntzan. Hartzaro festibalak dantza, musika, antzerkia eta beste mota anitzetako ikusgarri eta ekimenak azaltzen ditu 15 egunez. Gehienetan larunbatetan emanaldi bat bada -aurten Ufaka Zanpaka eta 2002-tik 2005arte Hartza iguzki-. Igandetan Uztaritzeko dantzariek kaskarrotak egiten dituzte, eta festibala urtero asteartean bukatzen da ihauteriekin. 1985ean berpiztu ziren Uztaritzeko ihauteriak, bi helburu nagusirekin : batetik, Lapurdiko ihauterien tradizioari eustea, eta, bestetik, sorkuntza bultzatzea.

Hori lortu nahian, Uztaritzeko Errobiko Kastarotak deitu elkarteak Hartzaro jaialdia bultzatu zuen, eta 2002-an hartzaren iratzartzean oinarritzen den ekitaldi bat antolatu zuten : hau izan da Hartza iguzki. Bi urtetik behin sorkuntza berezi bat emaiten dute. Hartza iguzkik, berrehun bat aktore, dantzari, musikari, antzezle eta tradizioko pertsonaia biltzen ditu. Mizel Theret koreografoa da ikusgarriaren sortzailea, Remi Gachis musikaria.

Orotara, berrehun bat lagunek parte hartzen dute festibaleko azken egunean, ihauterietan. 6etan, ihauteriak hiribehere plazan hasten dira, eta hor animaleek haien dantza egiten dute. Zirtzilek karrikak animatzen dituzte beste plaza arte eta han, maiek ere dantzatzen dute. Gaur egun Lapurdin aurkitzen den mota honetako emanaldi ederrenetarikoa eta osatuena bilakatu da.

Aurten Burrunka taldeak prestatu duen Ufaka Zanpaka ikusgarria izan da Uztaritzeko Hartzaro festibalaren berritasun nagusia. Burrunka taldeko perkusio jotzaileek, musikariek eta Izartxo dantza taldeko dantzariek eman dute ikuskizuna. Beñat Amorena da emanaldiaren sortzailea, eta berak sortu du musika. Jose Casaubon eta Ainhoa Lebeiriek sortu dituzte koreografiak. Euskal dantza tradizionaleko urratsak eta Kongoko dantzak erabili dituzte sorkuntza osatzeko. Mariren Herensugearen eta euskal mitologiako beste pertsonaia batzuen inguruko kontuak agertzen dira ikusgarrian.

Urtero Hartzaro Festibalak arrakasta haundia du; aurten ere, 200 pertsonek ezin izan dute emanaldia ikusi tokirik ez baitzen gehiago.

Argi dago orduan, Euskal Herrian ihauterien jatorria zaharra dela, eta nahiz eta historian zehar gora-beherak ezagutu dituen, gaur egun oraindik ohitura kontserbatzen duen herri bakarrenetarikoa da Europan. Lapurdiri dagokionez, berreskuraketan lan handia egin da azken hamarkada hauetan eta geroz eta herri gehiagotan ikus daitezke orain kaskarotak. Horrezgain, Uztaritze bezalako herrietan ohitura atxikitzearekin batera sorkuntzak arnas berria eman die ihauteriei. Baina, ez da ahantzi behar besta herrikoi honen jatorri eta erranahia, turistentzako folklore agerraldi bat bilaka ez dadin.