393 Zenbakia 2007-05-04 / 2007-05-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Bilboko turismoa

IBAÑEZ, Unai

DBH 4.mailako ikaslea



Ni Bilbon bizi naz. Aspalditik ikusten dot gero eta turista gehiago etortzen dirala Bilbora, eta hori bilbotarren bizitzetan nabaritzen da. Azken aldian, taberna garrantzitsunetako prezioek gora egin dabe, gero eta jente gehiago dago... Hau guztia turismoaren errua da. Gainera, turistentzat erreztasunak jartzen dabez. Guk baino diru gehiago euki, eta erreztasunak eurentzat! Harrituta geratzen naz. Orain dala gitxi entzun dot txartel turistiko bat dagoala, Bilbao Card txartel turistikoa. Horregaz garraio publikoak prezio merkean erabili daitekez, eta museoetan, jatetxeetan eta beste zerbitzu batzuetan deskontuak egiten deutsuez. Ideia ona da.

Halan eta guztiz be, turismoak onurak be ekarri deutsaz Bilbori eta bilbotarrei. Esan beharra dago, Bilbo lehen baino ezagunagoa dala, eta horretan hainbat faktorek eragina euki dabe. Bilbo orain dala urte batzuk baino askoz garbiago dago. Bilboko errekan dragatze lanak egin ebezan eta orain askoz garbiago dago. Arrainak be ikusten dira. Gainera, arrain horreek erreketako lohia jaten dabe, beraz errekaren garbiketan be laguntzen dabe. Baina oraindik lan asko egin behar da erreka garbitzeko eta behar bezala ixteko. Kaleetan, makina modernoagoak erabiltzen dabez kaleetako zaborrak batzeko eta zikinkeria garbitzeko. Baina orain dala gitxi kaleak uragaz garbitzea debekatu dabe urtegiak euren edukiaren % 30era dagozalako. Beraz, gure uria garbi eta txukun mantendu nahi badogu, eta gure mundua zaindu nahi badogu uraren kontsumo egokia izan behar dogu. Gero be, Bilbok ez dauka 60. hamarkadan euki eban beste industria, eta hori ingurugiroan nabaritzen da. Ez dago hainbeste poluziorik eta paisaiak oso politak dira gaur egun. Bilboren barrikuntza Argazkia: Pilar Rivera.

Bilbo ezagun bihurtu dauan beste faktore bat Bilboren barrikuntza izan da. Prozesu hau 1997an hasi zan Bilboko Guggenheim museoa zabaldu zanean. Museo horrek Bilbo New Yorkekin, Venicegaz, Berlinegaz eta Las Vegasekin lotzen dau. Handik aurrera barrikuntza asko egin dira Bilbon. Urte horretan be Zubi-zuri zubia egin zan. Errekaren inguruko pasealekua barriztu dabe. Lehen ontziola zana, Euskalduna jauregia bihurtu dabe, bertan kontzertuak eta hitzaldiak egiteko. Erakustazoka barria eraiki dabe, ez Bilbon bertan, baina bai “Bilbo Handi” horretan, Barakaldon. Bertan dago BEC erakustazoka, Bilbao Exhibition Centre. “Bilbo Handian” be Loiuko aireportua eraiki dabe danontzat ezaguna dan “Usoa” eraikina aireportuko terminal bihurtuz. Bilboko kaleak konpondu egin dabez. Aparkaleku barriak egin dabez, Bilboko Areatzeko aparkalekua esaterako. Zerbitzuei dagokienez, Bilboko metroak geltoki gehiago zabaldu dauz. Metroa Etxebarritik Portugaleteraino eta Plentziaraino heltzen da. Bilbok ohitura zahar bat berreskuratu eban 2002. urtean. Bilbok tranbia dauka barriro be. Atxuritik Basurtoraino heltzen da. Gaur egun, Isozaki dorreak ia amaitu dabez, BBVA eraikina baino altuagoak diran dorre bi. Gero, La Salve zubia barrizteko egitasmoa dago. Zubi hori arte modernoaren adibide lez margotu eta apaindu gura dabe. Barrikuntza guzti honeek Bilbo turismo puntu bihurtu dabe. Gastronomia Bakailaoa bilbotar erara

Turistak erakartzeko arrazoi garrantzitsu bat dauka Bilbok, Euskal Herri osoak bezala; bere gastronomia. Bilbon euskal gastronomiako plater tipikoak jateaz gain, Bilboko plater tipikoak be jan daitekez: makailoa bilbotar erara, porrusalda, indabak, perretxiko nahasia, pistoa bilbotar erara, sukalkia, gatzatua... Eta danok dakigun moduan, Europako turistek batez be ondo jatea gustoko dabenez Bilboko gastronomia oso goxo aurkitzen dabe. Euskal Kultura

Nire ustez, Bilboko eta Euskal Herriko kulturak, kirolek eta ohiturek turistak erakartzen dabez. Beraz, euskal kultura Bilbo ezagunago bihurtzeko beste arrazoi bat dala esan daiteke. Atzerritarrentzat arraroa da gizon batzuk harriak jasotzen ikustea, euren eskuekin harri bat baino gogorragoa dan pilota bati golpeak emoten ikustea, eta bedarra segatzea kirola dala ikustea. Kirol honeek sorgindu egiten dabez. Baina futbola be garrantzitsua dala ezin da aitatu barik itxi. Eta bilbotarren futbolarekiko pasioa argi ixten dauan taldea Athletic Kluba da. Athletic 1898an sortu zan Euskal Herrira lan egiten etorritako ingeles batzuen eskutik. Horrek interesa pizten dau turistengan. Gainera, Athletic Klubean jokalari euskaldunek baino ezin dabe jolastu. Klubean euskaldunak bakarrik jolastu arren, Espainiako ligan jolasten dabilenetik, ez da inoiz lehenengo mailatik jaitsi. Hori harritzekoa da gaur egun ia talde guztiek atzerritarren bat daukielako zelaian jolasten, eta gehiago sailkapenaren lehenengo postuetan doazanek. Beraz Athletic taldea oso garrantzitsua da turismoarentzat.

Euskal kulturak be turistak erakartzen dauz. Alde batetik, gure hizkuntza oso zaharra dalako eta oraindik erabiltzen dogulako, baina holan jarraitzen badogu, hau da, gero eta gitxiago hitz egiten eta gure artean gazteleraz berbetan, azkenean gure ama hizkuntza galdu egingo da. Beste alde batetik, gure herriak ohitura bereziak daukaz, edozein kulturak bezala. Gure aratusteek Brasilekoek besteko garrantzia euki ez arren, oso politak eta bereziak dira. Ez dira jantzi oso landuak, hobeto esanda, jantzi herrikoiak dira. Baina aratusteetan dagoan giroa ez dau ezerk aldatuko. Gure dantzak oso politak dira. Gainera Bilbon hainbat dantza ekitaldi dagoz, eta dantza taldeak bultzatzen dabez euskal kultura galdu ez daiten.