391 Zenbakia 2007-04-20 / 2007-04-27

Euskonews Gaztea

Gaiak: Oroitzapenaren alde, bi erakunde

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



70 urte betetzen dira apirilaren 26an Gernikako Bonbardaketa eman zela. Duela 70 urtetatik Bizkaiko herriak ez du ahaztu orduan gertatutakoa. Horregatik, hainbat elkarte sortu dira memoria historiko hori kontserbatzeko. Gernika Gogoratuz

Gernika Gogoratuz izenekoa herriko kale nagusian dago. 1987. urtean sortu zen, hau da, bonbardaketaren 50.urteurrena eman zenean, Eusko Legebiltzarrean aho batez onartuta, eta “Bakearen Ikerkuntzarako Zentroa” dela azpimarratzen dute elkarteko kideek.

Bere eginkizun nagusien artean dago Gernikan gertatu zena gizarteak gogoratzen jarraitzea. Horretarako, hainbat ekintza eraman ditu aurrera Gernika Gogoratuz elkarteak. Ikastaroak, mintegiak eta jardunaldiak dira horietariko batzuk. Bestalde, argitalpenez ere arduratzen da, horien artean dokumentuak, liburuak, artikuluak eta bideoak kaleratu dituelarik.

Gertakari hari buruz gehiago ikasi nahi duen edonor eskuzabal hartzen dute elkartean eta proposamenak jasotzeko eta lankidetzarako ateak irekita uzten dituztela eman dute aditzera. Bakearen Museoa

Gaur egungo museoa 1998.urtean jaio zen Gernikako Udalaren eskutik, eta Gernika Museoa izenez zen ezagun. Udaletxe parean dago, herriko plazan.

Museo dinamiko bat da, eta bere bi solairuetan bonbardaketaren lekukotasunak jasotzen ditu. Testigantza horiek batez ere argazki bidezkoak dira: alde batetik propaganda frankistak ateratako irudiak aurki daitezke, eta bestetik, atzerriko prentsak ateratakoak.

Aipatzekoa da lehen solairuko zoru berezia: kristalezkoa da eta hala bisitariak ikus ditzake bonbardaketa haren aztarnak, hondakin mordoxka biltzen baitu solairuak: zapatak, liburuak, eraikin zatiak...

Bestalde, gelatxo batean sar daiteke, non 1937ko Gernikako etxe baten erreprodukzioa egin den. Denak izan ziren Begoña deitzen da gela hori eta une latzaren testigantza jasotzen du bisitariak. Han, Begoña izeneko emakume batek bonbardaketa egun hura nola bizi izan zuen kontatzen du eta sirena eta bonben hotsak entzun daitezke.

In memorian deituriko laburmetrai bat ere eskaintzen du museoak; bertan dioten bezala, “tragediari, suntsipenari, itxaropenari eta bizitzari buruz hausnarketa egitera” bultzatzen gaituen bideoa, alegia.

Beraz, Euskal Herriaren historiako pasarte garrantzitsuenetako bat ezagutzeko aukera bikaina eskaintzen digute Gernikako bi erakunde hauek, eta beraz jakin-mina izan eta informazio gehiago eskuratu duen edonork bisitatzea merezi duten tokiak dira.