369 Zenbakia 2006-11-10 / 2006-11-17

Efemerideak

Efemeridea. Federiko Krutwig Sagredo, Vasconia liburuaren autorea, 1998ko azaroaren 15ean hil zen

Federiko Krutwig. Bizkaiko idazle eta politikaria (Getxo, 1921). Aita alemaniarra zuen eta ama bizkaitarra, jatorriz veneziarra bazen ere. Euskaldunberria. 1941ean R.M. Azkue ezagutu eta haren laguntzaile ibili zen lanean. 1943an euskaltzain oso egin zuten, Euskaltzaindia nahikoa itzalita zegoen garaian, eta Azkuerekin batera suspertu zuen. Garai hartan Mikeldi pintore taldea eta Julio de Urquijo Ikerketarako Institutoa sortu zituen. Euskara batzearen aldeko eraginkorrenetakoa izan da. Horretarako Lapurdiko literatura tradizioa hartu zuen oinarritzat (Leizarraga, Axular, Etxeberri, Haraneder...), hizkuntza landuenetako maileguak onartuz (grekeratik batez ere), eta ahozko tradizioak baztertuta. 1952an, Luis Villasantek Euskaltzaindian sartu behar zuen egunean, hitzaldi bat egin zuen Bizkaiko Aldundian, elizak euskararekiko zuen jarrera salatuz. Orduko aginpide frankistak haren hitzaldia separatistatzat jo eta atzerrira joatera behartu zen. Donibane Lohizunen Lezo de Urreztieta eta Parisen Jon Mirande ezagutu zituen. Hurrena, 1961ean, Miarritza itzulita, bere idazlanik ezagunena prestatzen hasi zen: Vasconia (1963). Liburu hark eragin handia izan zuen belaunaldi gazte antifrankistarengan, EAJaren burubideak zalantzan jartzen zituztenen artean. EGI mugimenduko kide ohiekin borroka armatuari buruz teoriak lantzen hasi zen. Frantziatik kanporatu zuten 1964an eta Brusselera joan zen. Han ETAko kideekin harremanetan jarri eta txosten pare bat idatzi zituen erakunde horrek Lapurdiko Getarian egin behar zuen V. Biltzarrerako (1966-1967). ETArengandik bereizten hasi zen pixkanaka, harik eta 1975ean erabat hautsi zuen arte. Krutwigen artikuluak Egan, Gernika, Euskera, Euzko Gogoa, Branka, RIEV eta Deia agerkarietan aurki daitezke, besteak beste. Vasconia liburuaren arrakastaren ondoren saio liburu asko eman ditu argitara: La cuestión vasca (1965); Vasconia y la nueva Europa (1976); Garaldea (1978), euskaldunen jatorriari buruz, guantxe herriarekin lotuta; La nueva Vasconia (1979); Mikelditarrak (1979); eta Computer Shock Vasconia (1984), XX. mende hondarrean Euskal Herriak daukan erronka informatikoari buruzkoa. Eleberriak eta kontakizun laburrak ere idatzi izan ditu: Ekhaitza (1980); Igibarziaren iphuiak (1981); Jakintza-baitha, Erroten Burgiko mystêrioa, Harbelnoren amazônak, Mystagintza zaharra (1982, Belatzen baratza sailekoak); Otsoaren bidea (1983), Ortziren zaldiak (1983), Garaziko oihanaren thauma, Sua ez da hiltzen.