369 Zenbakia 2006-11-10 / 2006-11-17

Gaiak

BAT, Soziolinguistika Aldizkaria

AZURMENDI, Maria Jose GARMENDIA, Larraitz

aldizkariko zuzendariaaldizkariko koordinatzailea

Kokapena

1989an EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrak) hiruhileroko aldizkari bat argitaratzea erabaki zuen, hizkuntzen gaineko argitarapen espezializatuen gabezia ikusirik. Horrela sortu zen BAT Soziolinguistika Aldizkaria, soziolinguistika eta glotopolitikaren alorreko ezagutzaren lanketa eta zabalkunderako helburuarekin. EKBk aldizkaria sortzea erabaki zuenetik hamazazpi urte pasatu dira eta argitalpen honek ibilbide luze eta oparoa egin du epe horretan.

EKBk desagertzeko hartutako erabakiak aldizkariaren iraupena arriskuan jar ez zezan, eta orain arte egindako lanari modu osoago eta are zabalago batean ekin asmoz, Argitalpen Batzordeak bere gain hartu zuen soziolinguistika aldizkariaren argitalpena, horretarako SEI Elkartea sortuz, 1998an. 2004an, SEI Elkartea desagertzearekin batera, BAT soziolinguistika aldizkariari Soziolinguistika Klusterraren baitan jarraipena ematea izan da gure erronka. Behin Klusterraren baitan izanda, erakunde horren baitako Argitalpen Batzordeak berak erabaki du, orain artean bezala, aldizkariari jarraipena zein modutara eman. Helburua

BAT soziolinguistika aldizkariaren hartzaileak euskararen berreskurapen lanetan diharduten euskaltzale, teknikari, irakasle, edo unibertsitateko irakasleak dira. Aldizkariaren helburu nagusia eragile hauentzat beren jarduera esparruan lagungarri izango zaien informazioa biltzea eta hedatzea da.

Azpimarratzekoa da BAT soziolinguistika aldizkariaren izaera zientifikoa; hain zuzen ere, informazioa biltzeaz eta hedatzeaz gain, soziolinguistikako ezagutza eta ikerkuntzaren zabalkundea baitu helburu. Edukia

BAT soziolinguistika aldizkariak hizkuntzen egoerari, normalkuntza prozesuari, eta glotopolitikari buruzko lanak biltzen ditu. Bi dira erreferentzia esparru nagusiak: Euskal Herria (batez ere) eta Europa. Batean nahiz bestean plazaratzen diren iritzi, esperientzia, edo ikerketen agertoki izan nahi du aldizkariak. Argitaratzen diren lanen hautaketa egiterakoan, Argitalpen Batzordeak ahalegin berezia egiten du alor honi berezkoa zaion disziplinartekotasuna gordetzen, eta honela, bertan biltzen diren lanek hizkuntza normalkuntzarekin eta glotopolitikarekin loturiko ahalik eta alderdi desberdin gehien erakuts dezaten.

Aldizkariak bi atal izan ohi ditu: atal nagusian, dossierrean, gai monografiko bati buruz adituen artikuluak, elkarrizketak, eta iritziak jasotzen dira. Dossierretik kanpo berriz, “Gurean” atalean, bestelako lanak ere jasotzen dira (gehienetan euskarari buruzko ikerketak izaten dira). Argitalpena

BAT soziolinguistika aldizkariak urtean lau zenbaki argitaratzen ditu. Zenbaki bakoitzeko, 500 ale banatzen dira harpidetzen bidez, eta horrez gain, ohiko liburudendetan izaten da aldizkaria salgai. Aldizkariak 60 zenbaki argitaratuak ditu dagoeneko. 2006. urtean, esate baterako, hauek dira argitaratu ditugun zenbakiak, Argitalpen Batzordearen erabakiz: 58. zenbakia. Martxoa: Euskararen egoera Nafarroa Garaian. 59. zenbakia. Ekaina: Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian. 60. zenbakia. Iraila: Unibertsitate aurreko hizkuntza-ereduen balorazioa eta proposamenak. 61. zenbakia. Abendua: Unibertsitate mailako soziolinguistikaren irakaskuntza eta ikerkuntza-lerroak.

Soziolinguistika Klusterrak BAT soziolinguistika aldizkarian argitaratu diren artikulu guztiak bere webgunean irakurlearen eskura jarriak ditu. Aldizkariaren edukiak artikuluka jaisteko aukera eskaintzen diogu irakurleari. Azken lau zenbakiak dira bertan agertuko ez diren bakarrak; horiek paperezko bertsioan eskura litezke. Azken lau zenbakien izenburuak eta laburpenak, ordea, webgunean ikusgai izango dira. Enfokea eta zabalpena

BAT soziolinguistika aldizkariak badu Argitalpen Batzorde bat, eta bertan hartzen dira, aho batez, aldizkariari dagozkion erabaki guztiak. Batzordekideak soziolinguistikan adituak dira (soziolinguistika zentzu zabalean ulertuta), unibertsitateko eta euskal munduko lankideak, teorian eta/edo praktikan eragile lanean dabiltzanak. Gainera, batzordea osatzean, euskal lurralde guztietako partaideak bertan biltzea izan da aldizkariaren helburua. Hauek dira, gaur egun, aldizkariaren argitalpen batzordekideak:

Zuzendaria: Maria-Jose Azurmendi, UPV/EHUko Psikologia Fakultateko katedraduna.

Koordinatzailea: Larraitz Garmendia, hizkuntza ukipenean eta dialektologian ikerlaria.

Argitalpen Batzordea, berriz, honako partaide hauek osatzen dute: Jean-Baptiste Coyos (IKER ikerketa guneko kidea); Jone Miren Hernandez (antropologoa); Nekane Jausoro (UPV/EHUko Soziologia Fakultateko irakaslea); Lionel Joly (Soziolinguistika Klusterreko kidea); Iñaki Martínez de Luna (Hiznet-eko Zuzendaria eta UPV/EHUko Soziologia Fakultateko irakaslea); Inma Muñoa (eleaniztasun gaietan Ikastolen Elkarteko teknikaria); Carlos Vilches (NUPeko irakaslea).

Soziolinguistika Aplikatuari egin zaio leku gehien azken urteotan BAT soziolinguistika aldizkarian (SL teorikoaz gauza berririk apenas dugulako gure artean). Argitalpen Batzordeak, ordea, teoriaren eta praktikaren artean oreka bati eustea beharrezkoa ikusten du.

Atzerriko erreferentziei ere leku egiten zaie BAT soziolinguistika aldizkarian. Jorratzen ditugun gaietan, atzerriko ekarpen interesgarririk jaso dezakegun aztertzen dugu.

Bestalde, unibertsitatean erreferentzialtasun handiagoa bilatzea garrantzitsu ikusten dugu. Filologoen, soziologoen, psikologoen, pedagogoen, antropologoen... artera iristea da gure erronketako bat.

Gizartearen aurrean... Aldizkaria gizarteko gaien edo lehentasunen aurrean erne egotea ere beti azpimarratu izan da aldizkariaren batzordean. Aurten, esate baterako, batzorde bileran urteko 4 dosierretako gaiak izendatu ondoren, batzordekide batek gai bat ordezkatzea proposatu zuen, aurten “hizkuntza ereduak hezkuntzan” gaiak hartua duen garrantzia azalduta. Ondorioz, aurtengorako aurreikusi genuen gai bat hurrengo urtera atzeratzea onartu zuen batzordeak. Gerora begira, beraz, azken ahapaldi hauetan aipatu ditugunak nabarmenduko genituzke, berriro ere: unibertsitarien inplikazio handiagoa lortzen ahaleginak egitea, eta ahaleginak egitea zabalkundea handitzen ere (informazio mailan behintzat), arloko aldizkari, elkarte, erakunde, eta ikerketa guneetan, besteak beste.