361 Zenbakia 2006-09-15 / 2006-09-22

Gaiak

Iparretarrak, erakunde baten historia (II/II)

BIDEGAIN, Eneko



IKk bere bidea segitu zuen, eta urteak joan ahala giroa ez zen eztituz joan. 1980ean IKko bi ekintzaile hil ziren Baionan, suprefeturaren kontrako atentatu bat prestatzen ari zirenean. Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz hil ziren, prestatzen ari ziren lehergailua eskuetan zartatu zitzaienean. Gertakari hark emozio handia eragin zuen Euskal Herrian. Bihurgune inportantea izan zen IKrentzat. Orduz geroztik, deus ez zen lehen bezala. Borroka armatu haren ondorioz bi militante hil zirenez geroz, gainerateko militanteek ulertu zuten ez zezaketela borroka gehiago utz, hil haien izenean. Gertakariak eragin zuen emozioak gazte anitz IKn sartzera bultzatu zituen.

IKk ekintzak gogortu zituen 80ko hamarkadan. Eta bide horretan, erakunde armatuko kide batzuek klandestinitatean sartzeko hautua egin zuten. Hautu horren bidez, erakundea bera azkartzea zuten helburu. Militante klandestinoak ukanez, azpiegitura handia sortu behar zuten sasitar haien gordetzeko. Etxeak, txoferrak eta abar aurkitu behar zituzten. Gisa horretan, IKren aldeko dinamika zabaltzea lortu zuten, sortu zuten sareari esker.

Militante klandestinoak ukaitearen hautuak eztabaidak piztu zituen. Jadanik IKren aurka zirenek begi txarrez ikusten zuten, eta kritika zorrotzak egin zituzten. Baina IKren baitan berean, adar militarraren eta adar politikoaren arteko ikuspegi desberdinak ageri ziren.

IKrentzat denbora osoz ari ziren militanteek borroka horri indarra ematen ziotela zioten. Horri esker dinamika hedatzen zelakoan eta borroka erradikalizatuz indar harreman handiagoa sortzen zela zioten. Adar armatu indartsu baten ukaiteak ez zuen adar politikoaren autonomia trabatzen. Garai hartan EMA alderdi politikoa sortu zen. Baina ez zeukan bere burua IKren beso politikotzat, ez eta IKk bere burua EMAren beso armatutzat.

Adar armatuaren eta politikoaren arteko oreka bat izan zen. Adar politikoak erraten zuen ekintza baten egitea komeni zen ala ez. Militarrek politikoen iritzia kontuan hartzen zuten. Baina oinarrizko eztabaida bat bazen airean. Adar militarrak adar politikoaren zerbitzuko izan behar du ala ez? Militar batzuen ustez, adar politikoak agintzeak epe luzerako kaltea dakarkio dinamika armatuari, hots, lan politiko publikoari lehentasuna emanez, dinamika armatua pixkanaka-pixkanaka moteltzea eta, ondorioz, ahultzea. Beste batzuen ustez, sasitarrak ukaitearen ondorioz erakundearen indar gehienak azpiegituran ezartzen ziren eta ez beste eremuetan. Beraz, dinamika bera ahultzen zen. Politikoen ustez, aldiz, adar militarrari indar eta autonomia gehiegi emanez, erradikalizatzean urrunegi joateko arriskua egon zitekeen.

1988an sasitar guztiak atxilotuak izan ziren. IKri “burua moztu” ziotela zioten poliziek. Ukaldi handia izan zen mugimendu armatuarentzat. Bihurgune bat. Horrek ez zuen IK desagerrarazi. Militante anitz bazen IKn garai hartan. Sasitarrez arduratze beharrik ez ukanez, ordu arte azpiegituran ezartzen ziren indarrak ekintza armatuetan ezarri ahal izan zituzten.

1990 eta 1991 bitartean lurraren prezioen arazoaren kontrako kanpaina bizia egin zuen IKk, bataz beste astean ekintza bat eginez. Dinamika handia zuelako froga zen hori. Baina dinamika hark ez zuen luzaz iraun. Sasitarrak ukaitearen aldekoen ustez, sasitarrik ez ukaitearen ondorioz azpiegitura desegin zen, eta horrek IK ahuldu zuen epe luzera. Militanteek ez zuten presio bera sendi sasitarrik gabe, eta pixkanaka-pixkanaka beren inplikazioa murriztu zuten.

Sasitarrak atxilotuak izan ondoan, presioa anitz apaldu zen. Eta jadanik indarra hartzen ari zen mugimendu politiko publikoak protagonismo handia hartu zuen. Giroa lasaituz, EMAk harremanak sakondu zituen beste alderdi politikoekin, Abertzaleen Batasuna sortu arte. Dinamika politikoa azkartu ahala, IKren dinamika ttipitu zen.

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea batasuneranzko bidean baldin bazen ere, arras zatitua zen, oroz gainetik ETAren eta IKren arteko zatiketaren ondorioz. Orduko abertzale belaunaldi berria ez zen IKren ildo politikoan. Belaunaldien arteko moztura bat izan zen, eta horrek ere eragin zuen IKren eraginaren ttipitzea.

Hori nabarmenki sentitu zen 1993an, IKk autonomia proiektua aurkeztu zuenean. Proiektu estrategiko sakona aurkeztu zuen, ondotik Ipar Euskal Herriko gizarteak bere egin zezan. Baina EMAren sektoreaz aparte, inork ez zuen bat egin proiektu horrekin. Euskal Batasunak ez zuen proiektua onartu, IKren sinadura zuelakoan. Patxa-Oldartzen sektoreak independentzia aldarrikatzen zuen garai hartan, eta autonomiak kutsu negatiboa zuen, bereziki Euskadiko Autonomia Erkidegoa anitz kritikatzen zuten garaian.

Abertzaleen arteko zatiketak gainditu ziren. Aldi berean, Frantziako Estatuak Euskal Herria 2010 proiektua abiatu zuen eta Ipar Euskal Herriko eragile soziopolitikoak eta ekonomikoak Garapen Kontseiluaren dinamikan bildu ziren. Ordu arte ez zegoen dinamika bat sortu zen, ordu arte elkarren aurkari sutsuak zirenak elkarrekin mintzatzen hasi baitziren.

Garai hartan hartu zuen indarra euskal departamenduaren aldeko aldarrikapenak. IKren hautu estrategikoa ez zen berriz hartua izan. IKk ez zuen Ipar Euskal Herriko dinamika politikoan eragiteko gaitasunik aski, dinamika anitz zabaldua baitzen. Militante gazteak biltzeko zailtasunak zituen horren ondorioz. Borroka armatuaren hautua egiten zuten Iparraldeko militante gazteak ETAn sartzen ziren.

IKk ez du sekulan jakinarazi ea desagertu den ala ez. 1998ean su-eten itxurako bat egin zuen, ETAren su-etenaz baliatuz. Baina ageri da 1993tik landako dinamika ahultzearen ondorioz baliatu zuela aukera hori, ekintzak egiteko gaitasun falta estaltzeko. 2000tik geroz, IKk ez du bizi seinalerik eman. Ez du bere ekinbidearen bilanik egin, ez du esplikatu ekintzak zergatik gelditu dituen behin betiko.

IKren helburua Ipar Euskal Herriaren autonomia lortzea baldin bazen, argi da helburua ez duela bete. Baina ez daiteke erran IKk ez duela deus utzi. IK sortu aitzin, mugimendu abertzalea arras ahula zen Ipar Euskal Herrian. Ez zen dinamika politiko handirik, ez eta ere kontzientzia abertzale azkarrik.

“IKk gauzak inarrosi ditu”, dio militante batek. “Jendeek entzun dute, ikusi dute, beldurtu dira, baina ohartu dira badela Euskal Herri bat bere berezitasunekin, euskara, bizitzeko molde bat, eta Euskal Herri horrek merezi duela zerbaiten egitea. Enbatak efektu bera egin zuen sortu zelarik eta hauteskundeetan aurkeztu zelarik. IKk berdin egin zuen beste metodo batzuekin. Jendeei erakutsi zitzaien bazela zerbait, eta abertzaleek ez zituztela gauzak ziren bezala onartzen, gauzak aldatu behar zirela”.

Hauxe dio beste batek: “Iratzartze estrategia bat zen, ez zen askapen estrategia bat. IKk ez du inoiz erran IKk askatuko zuela Ipar Euskal Herria. Ez du inoiz erran borrokaren zuzendaritzak erranen zuela nola egin behar zen Ipar Euskal Herriaren askatzeko. IKk erran zuen Ipar Euskal Herriko arazo batzuen salatzeko bozgorailu bat zela. Klase politikoaren eta iritzi publikoaren iratzartzearen aldetik, IKk arras bilan baikorra egin dezake”.

IKk ozenki erakutsi du frantses estatuak ere baduela “euskal arazo” bat, edo bestela erraiteko, Euskal Herriak baduela Ipar Euskal Herri bat, bere berezitasunekin, eta berezitasun horien arabera jokatu behar dela.

Gaur egun beste fase batean dago Ipar Euskal Herria. Mugimendu abertzaleak, nahiz eta gutxiengoan izan, indarra hartu du. Hautetsiak baditu eta zenbait herri eta hiritan udal akordioak egin ditu gehiagoa duen taldearekin. Erreferentzialtasun politiko bat lortu du. Sektore sozioekonomikoan leku inportantea dute abertzaleek. Euskal Herriaren aldeko dinamikak beste tresna batzuk baditu bere eskuetan. Lorpenek urriak direla badirudite ere, garaiak desberdinak dira, eta borroka egiteko moduak ere bai.