339 Zenbakia 2006-03-17 / 2006-03-24

Gaiak

Etorkinen integrazioa gelan, Mungiako Bigarren Hezkuntzako Institutuan

LANDALUZE ZARANDONA, Luis Mª

Hizkuntza Indartze Proiektuaren irakaslea

1. MUNGIA BHIren aurkezpena 2. IKAS KOMUNITATEAK proiektua 3. Proiektuaren gaur eguneko egoera 3.1. Ikasgelan hartutako neurriak 3.1.1. Talde interaktiboak 3.1.2. Hizkuntza indartzeak 3.1.3. Bi irakasle gelan 3.1.4. Irakasle batek arlo bat baino gehiago ematea 3.1.5. Interdisziplinaritatea 3.2. Ikastetxe mailako neurriak 3.2.1. Familia eta ikasleei arreta pertsonalizatua 3.2.2. Ikastetxeko ordutegiaren zabaltzea 3.2.3. Ikastetxea komunitateari irekitzea 3.2.4. Komisio mixtoak 3.3. Beste jarduera batzuk 3.3.1. Kultura arteko jardunaldiak 3.3.2. Irakasleriaren formakuntza 3.3.3. Beste batzuk 1.- MUNGIA BHIren aurkezpena

Bigarren Hezkuntzako institutu hau, eskualdeko institutu publiko bakarra da eta inguruko herrietako ikasleak hartzeaz gain, A edo B ereduak nahi dituen Txorierriko ikasleak ere hartzen ditu. Heziketa eskaintza zabala du: DBH, DBHO, zikloak, SAT eta garraioa eta jantokia ere baditu.

Ikastetxea hiru eraikuntzatan banatuta dago, 800 ikasle inguru daude eta irakasleak ere 110 gara. Beraz, oso konplexua den ikastetxeaz ari gara.

Ikasleen artean dagoen aniztasuna gero eta ugariagoa da eta ikasle etorkinen kopurua ere gero eta handiagoa. Gaur egun, 81 ikasle etorkin ditugu, eta hasiera batean Hegoamerikakoak baziren ere, momentu honetan, mundu osokoak ditugu eta eskolako hizkuntzetaz gain, beste 14 hizkuntza ditugu. Argazkia: Sheba Duh Kitty (shebaduhkitty@yahoo.com)

Kultura aniztasun eta hizkuntza aniztasun egoera berri honek, erronka berri bat planteatzen die ikastetxeari eta irakasleoi. Hain zuzen ere, ikuspegi berri batetatik, ikasleria osoaren eskola arrakasta, elkarbizitza baketsua eta gizartean barneratzea bermatzen duen irakaskuntza bat.

Erronka berri honen aurrean eskola komunitate osoaren parte hartzea ezinbestekoa dela deritzogu (ikasle, irakasle, familia, gizarte zerbitzuak, erakundeak…). Horrela, berdintasun elkarrizketa sortuz, eskola egoera guztietan eta kultura ezberdinetakoekin aberasgarri den elkartrukea egin dadin.

Luzea litzateke institutuak jarraitu duen prozesu osoa azaltzea baina erronka berri horri erantzuna bilatzeko asmoz egindako bidean IKAS KOMUNITATEAK proiektuarekin egin genuen topo. Nolabait, genituen arazo eta erronkei erantzuna emateko bide egokitzat jo genuen, eta duela hiru urte, ordura arte pentsaezinak ziren neurri batzuk jarri genituen abian.

Gaur egun, luzea, dinamikoa eta malgua den prozesu honetan murgilduta gaude eta errespetutik eta berdintasunetik eztabaidatzen eta elkartrukatzen ikasten ari gara. Gero eta parte hartze handiagoa dugu ikasle, irakasle, familia eta boluntarioen aldetik. (AURKIBIDEA) 2.- IKAS KOMUNITATEAK proiektua

Ikas komunitateak proiektua, hezkuntza aldaketa aldarrikatu eta arrazakeria eta gizarte bazterketa gainditzea ahalbideratzen duen proiektua da. Ikas komunitatea osatzen duten kultura ezberdinen berdintasun elkarrizketa batean hurrengo puntu hauetan oinarritutako berdintasun harremanak sortuz:

a) Amets egiteko eskubidea.

b) Ikas komunitate osoaren partehartze kultura anitza.

d) Ikaskuntzaren dimentsio instrumentala

e) Ezagutza eskuratzeko eskubidea guztiontzat.

f) Ezberdintasunen berdintasuna.

g) Kultura arteen elkarbizitza baketsua.

Printzipio hauek estrategia ezberdinen bidez gauzatzen dira:

- Hezkuntza eredu berriaren aurrean ikas komunitatea sentsibilizatuz.

- Lan batzorde mistoak sortuz; ikastetxearen antolaketa partehartze zabaletik bideratuz.

- Ezberdintasunak gainditzeko heziketa praktikak geletara eramanez.

Ikas komunitateen ustez, ikasle guztiengan ikaskuntza areagotzea da geletan arrazakeria gainditzeko modurik onenetarikoa. Mungia institutuan egunero ikusten ari garenez, ikasleria bere osotasunean aintzat hartuta sentitzen denean bere ikaskuntzan aurrera doala sentitzen du. Ikasten dutenen eta ikasten ez dutenen arteko ezberdintasunak desagertzen doazela sentitzen du eta arazoak eta gatazkak gaindituz doazela nabarmena da. (AURKIBIDEA) 3.- Proiektuaren gaur eguneko egoera

Urte hauetan neurri ezberdinak jarri ditugu abian, beti ere borondatez bere burua eskaini duten irakasleekin. Neurri hauek guztiak nolabait sailkatzeko, gela barruan egiten direnak eta era orokorragoan ikastetxean egiten direnak banatuko ditugu. Hori izango da abiapuntua, nahiz eta hauen artean ere ikasleei zuzendutakoak egon. (AURKIBIDEA) 3.1.- Ikasgelan hartutako neurriak

3.1.1.- Talde interaktiboak: Ikas komunitateetan elkarbizitza eta ikaskuntza hobetzeko asmoz, talde interaktiboetan lan egiten da. Ikasgelan, 4-5 ikasletako talde heterogeneoak sortzen dira eta 15-20 minututako ekintzak prestatzen dira (talde kopurua eta ekintza kopurua berbera da). Ekintza bakoitzaz irakasle edo boluntario bat arduratzen da. Talde guztiek ekintza guztiak egin behar dituzte eta ekintza aldatzen denez, ikasleek ez dute aspertzeko unerik. Haiek dira ekintzaren emaitza egokia emateko protagonistak; irakaslea laguntzaile gisa dago. Lan mota honetan, interakzioa oso handia da eta lan kooperatiboaren beharra dutenez, ikaskuntza ere sakona izaten da. Argazkia: Emanuele Cerroni.

Horrelako ekintza bat aurrera ateratzeko ez da ezinbestean irakaslea izan behar, eta gure esperientzian, gurasoak, kale hezitzaileak, praktikak egitera datozen ikasleak eta batzuetan atezaina ere izan dira ikasgelan, beti ere balorazio baikorrarekin. (AURKIBIDEA)

3.1.2.- Hizkuntza indartzeak: Ikasle etorkinei zuzenduta, hizkuntza indartzeak egiten ditugu baina hauek ikasgelan egiten dira ikasleak atera gabe. Helburua, ikasgelan sortzen eta ematen diren interakzio guztiak aprobetxatzea da eta han gertatzen dena ulertu eta jarraitu ahal izateko laguntza eskaintzea. Errefortzu hauek hizkuntza arloetan (euskara, gaztelania) egiten dira eta baita gizarte arloan ere, curriculumaren bitartez ere hizkuntza ikasten dela uste dugulako eta are gehiago, ikasketak aurrera atera behar dituenez, bi gauzak era berean egin daitezkeelako.

Honela, bi irakasle izaten gara ikasgelan eta beste metodologia batzuk probatzeko aukera paregabea da. (AURKIBIDEA)

3.1.3.- Bi irakasle gelan: Hizkuntza errefortzuetan egiten dugun bezala, beste arlo batzuetan ere bi irakasle batera sartzen gara ikasgelan. Orokorrean arlo instrumentaletan egiten dugu hori eta arlokoen asteko orduetatik erdietan egiten dugu. Bigarren zikloko talderen baten tutoretzan ere irakasle bat baino gehiagorekin lan egiten da.

Ordu kreditu hau lortzeko, PIEE proiektuan lortzen ditugun irakasleen orduak hartuz eta, bestalde, klaustroan onartuta dagoenez, irakasle guztiak 18 ordura egoteko prest gaudelako egiten da. (AURKIBIDEA)

3.1.4.- Irakasle batek arlo bat baino gehiago ematea: Honela, ikasgela bakoitzetik pasatzen den irakasle kopurua gutxitu nahi dugu, eta ikasle-irakasle harremanak sendotu. Orain arte, neurri hau DBHko lehen zikloan bakarrik hartu da. (AURKIBIDEA)

3.1.5.- Interdisziplinaritatea: DBHko bigarren zikloan Gizarte arloa eta Gaztelania arloa batera lantzeko saiakera egiten ari gara iaztik, Gizarte arloko testuak erabiliz hizkuntzaren inguruko lanean sakonduz. Honek ere ikasgelan bi, eta batzutan hiru, irakasle egoteko aukera ematen du, baita metodologia aktiboagoak erabiltzeko beta paregabea ere.

Bigarren zikloan Gaztelania eta Euskara arloetako hainbat eduki ere batera lantzeko esperientzia jarri dugu abian talde batzuetan. (AURKIBIDEA) 3.2.- Ikastetxe mailako neurriak:

3.2.1.-Familia eta ikasleei arreta pertsonalizatua: Institutuan aspaldi dago harrera eta arreta plan bat adostuta. Plan honen helburua epez kanpo datozkigun ikasleei eskolatzen laguntzea da, bide batez haien familiak ere onartuak sentitu daitezen.

Protokolo horretaz gain, bakarkako tutorearen figura sortu dugu, ikaslearen jarraipen estuagoa egin ahal izateko, orientatzeko, animatzeko eta eskolatzeak dituen erronken aurrean laguntzaile izateko.

Ikasle laguntzaile figura ere sortu dugu etorri berriei hasierako egunetan laguntzeko. Oso harrera ona izan du ikaslerian. (AURKIBIDEA)

3.2.2.- Ikastetxeko ordutegiaren zabaltzea: Ikastetxeko ikasle guztiek ezin dute eskolaz kanpoko ordutegian laguntza jaso. Horiek ezin zuten eskolaz kanpo ikasten jarraitu eta honi aurre egin nahian, atsedenaldian, eguerdian eta arratsaldeko ordutegian, eskola laguntza, hizkuntza errefortzua eta lehia gabeko kirol saioak jarri ditugu abian. Hauen artean sistematizatuen duguna, tutorizatutako liburutegia da. Borondatez parte hartuz, etxerako lanak egiteko esparrua da. Bertan bi irakasle ari dira egunero eta boluntarioen bila ari gara. (AURKIBIDEA)

3.2.3.- Ikastetxea komunitateari irekitzea: Ikastetxea topagune eta kultur trukea egiteko gunea da eta komunitateak formakuntzaren inguruan gauzak antolatzeko gunea izan nahi du. Institutuko geletan EPA dago eta oso partehartze handia dute kultura arteko hezkuntzari buruzko jardunaldietan. Bestalde Coran eta Arabiera klaseak ematen dira, Behargintzak ikastaro ezberdinak antolatzen ditu eta herriko elkarte batzuk ere ari dira beste ekintza ezberdinekin. (AURKIBIDEA)

3.2.4.- Komisio mixtoak: Ikas komunitate proiektuaren printzipioari jarraituz, komunitatearen estamentu guztien partehartzea areagotzeko eta ikastetxeko bizitzan zeresana izateko asmoz, azken ikasturte hauetan lantalde edo komisio ezberdinak jarri dira abian; irakasleez gain, gurasoak eta ikasleak partaide dira komisio hauetan: Elkarbizitza, metodologia, hizkuntzak, kultura arteko hezkuntza, ekipamendua eta informazioa/komunikazioa. Foto: Xenïa Antunes (xenia.br@gmail.com)

Komunitateko estamentu guztiek bere “ametsa” egin ondoren, ikastetxearen martxari buruzko ekarpenak egitea ezinbestekoa zen eta komisioen bide hau ikusi da aproposena. (AURKIBIDEA) 3.3.- Beste jarduera batzuk:

3.3.1.- Kultura arteko jardunaldiak: Urte batzuk daramatzagu kultura arteko hezkuntzaren inguruan jardunaldi batzuk antolatzen. Hauek oso arrakastatsuak izan dira ikasle etorkinek eta hauen familiek parte hartze zuzena izan dezaten eta, nola ez, guztiontzat oso aberasgarri izan dira elkar ezagutzeko beta paregabea izan direlako. Alde folklorikoaz gain, alde pertsonala eta gizarte mailakoa ere landu dira. (AURKIBIDEA)

3.3.2.- Irakasleriaren formakuntza: Oso eraginkorra eta interes handikoa da prestakuntza eredua; tertulia dialogikoak dira. Irakurketa ezberdinen inguruko solas eta eztabaida guneak dira. Hauek irakasleez gain, familiei, ikasleei, eta beste agente batzuei ere zabalik daude.

Honetaz gain, irailean, klaseak hasi aurretik, prestakuntza saio batzuk antolatzen dira era trinkoan, gero ikasturtean zehar sakontzen jarraitzeko asmoz. Aurten adibidez Gernika gogoratuz erakundearekin gatazken inguruan hausnartze sakona egin dugu eta orain ikastetxeko araudia idazten eta adosten ari gara. (AURKIBIDEA)

3.3.3.- Beste batzuk: Aurten martxan jarri nahi dugun beste proiektu bat Berba lagunarena da. Etorri berrien euskalduntze prozesuan bultzada eraginkorra emateko asmoz, eguerdietan euskarazko solas gune bat sortu nahi dugu, euskaldun zaharrak ere inplikatuz, eta euskaldun familia batzuetan asteburuko egunen batean euskaraz bizitzeko aukera eskainiz. Datorren ikasturterako (dagoeneko curriculuma egina dago eta inspekzioak kontrakorik esaten ez badu) hizkuntza anitzeko aukerako bat eskainiko da ikastetxean. Eskolakoak ez diren beste hizkuntza batzuk landu eta hizkuntza aniztasunera hurbilketa bat egiteko asmoarekin sortu nahi dugun esparrua da. (AURKIBIDEA)