311 Zenbakia 2005-07-29 / 2005-09-02

Efemerideak

Efemeridea. 1905 urteko abuztuaren 3an Estepan Urkiaga, Lauaxeta, jaio zen Laukizen



Estepan Urkiaga, Lauaxeta. 1905eko abuztuaren 3an Estepan Urkiaga, “Lauaxeta”, jaio zen Laukizen. Haur bat zela Mungiara joan zen bizitzera familiarekin. Durangon, Loiolan eta Oñan egin zituen teologia ikasketak, besteak beste, Zaitegirekin, Ibiñagabeitiarekin eta Plazido Mujikarekin batera. Heziketa klasikoa izan zuen, eta klasikoak euskaratzen aritu zen luzaro. 1928an Jesusen Lagundia utzi eta Bilbora joan zen, han Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendari izan zen, Orixerekin batera lehenbizi, eta bakarrik gero. Han idatzi zituen hitz lauz, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat artikulu. Euzkadi-n ez ezik, Jesusen Biotzaren Deya, Jaungoiko-zale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan ere idatzi zuen. 1930ean Errenterian ospatu zen “Olerkari Egunean” saritua izan zen Maitale Kutuna olerkiarengatik. Errepublika garaian hizlari ibili zen EAJko ageriko ekitaldietan. 1936an, gerra hasi eta gudari talde baten komandante ibili zen. 1937an, Gernika suntsitu ondoren, Le Petit Gironde egunkariko kazetari bati hiri suntsitua erakusten ari zela, atxilotu eta Gasteizen espetxeratu zuten. Handik bi hilabetera Gasteizko hilerriko horman fusilatu zuten. 32 urte zituen.