302 Zenbakia 2005-05-27 / 2005-06-03

Gaiak

Xabier Retegiren hitzak Jean Haritschelharren omenez

RETEGUI AYASTUI, Javier



Eusko Ikaskuntzarentzat ohore handiko eguna da gaurkoa. Manuel Lekuona Saria emate ekitaldi guztiak goi mailako gertaerak izan dira beti eta gaurko bilera honetara gerturatu zareten guztiok horren lekukoak zaituztegu. Ongi etorriak izan zaitezte, beraz, euskal kulturak gaur hemen Baigorrin ospatzen duen jai honetara. Izan ere, seriotasun eta akademizismozko ttantta bat ere kendu gabe, ekitaldi hau jai giroan bizitzera gonbidatzen zaituztet.

Ezaguna den moduan, euren bizitzan euskal kulturaren inguruan ekarpen nabarmena egin duten pertsonak ditu kontuan Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Sariak eta 1983an sortu zenetik urtez urte aberasten joan da zerrenda. Saritutakoen taldea 2004ko edizioaren irabazlearekin are gehiago ohoratzen da, Eusko Ikaskuntza bera ere ohoratzen den bezala. Jean Haritschelhar Xabier Retegiren eskutik saria jasotzen.

Manuel Lekuona Saria laugarren aldiz etorri da Ipar Euskal Herrira gaurko honekin. Aurrenekoa 1989an izan zen Eugéne Goyheneche saritu zenean. Gero, Xabier Diharce “Iratzeder” (1994) eta Piarres Charritton (1999) izan ziren izendatuak. Bost urte beranduago Jean Haritschelhar jaunari egokitu zaio golardoa eta niretzat, Eusko Ikaskuntzaren Lehendakari gisa, oso satisfazio handia da Jean adiskideari egiten diogun eskaintza ekitaldi honetan aritzea.

Jakin nuenean, Jean, Iparraldeko Lehendakariordeak zure hautagaitza aurkeztu nahi zuela Manuel Lekuona Sarirako, biziki poztu nintzen, proposamena – egokia izateaz gain- euskaltzale erraldoi baten lan eskerga publikoki errekonozitzeko aukera bikaina zela iruditu zitzaidan eta. Eusko Ikaskuntzaren Batzorde Akademikoak aho batez onartu zuen Jean Haritschelhar saritzeko proposamena.

Jean Haritschelharren Curriculuma irakurtzean, halako mugarri klabeak agertzen zaizkigu, gaur saritzen dugun gizonaren ibilbidea markatu dutenak:

Bordeleko Unibertsitateko irakaslea 1962 1986 bitartean; Baionako Euskal Erakustokiaren Zuzendaria, urte berdinetan; Euskal Herriko Unibertsitateak Doctor Honoris Causa egin zuen 1988an; Baigorri bere jaioterriko auzapeza 1971etik 1980ra arte;1962tik, berriz, euskaltzain osoa da eta 1989an Aita Villasanteren testigua hartuz Euskaltzainburu izendatu zuten, eta horrela aritu da 2005ean kargua utzi arte. Eta urte horietan, hamaika lan zientifiko eta kultural burutu ditu, C.N.R.S-ko ikerlari gisa, Unibertsitateko irakasle moduan, Baionako Museotik, eta – noski- bere bizitzaren berrogeita bi urte eskaini dizkion Euskaltzaindiaren betebeharretatik. Horixe da - luze aipatzea izango liratekeen beste meritu ugariz gain- Jean Haritschelhar.

Ni ez naiz luzatuko Jeanen lorpen zientifikoak azaltzen. Ongi egingo dute horretaz gero mintzatuko direnek. Baina ez dut aukera pasatzen utzi nahi, zuei azaldu gabe Eusko Ikaskuntzako lehendakari izendatu nindutenean programatu nuen aurreneko hitzorduetakoa Jean Haritschelhar-ekin burutu beharrekoa izan zela. Jean Haritschelhar Manuel Lekuona saria jasotzen.

Ez dugu ahaztu behar Euskaltzaindia Eusko Ikaskuntzatik sortu zela. Eusko Ikaskuntza 1918an jaio zen eta une hartantxe pentsatu zuten garaiko Eusko Ikaskuntzako arduradunek , euskal hizkuntzari eskaini beharreko era guztietako babesa zela eta, erakunde aproposa jaioaraztea. Pentsatu ez ezik baita egin ere, eta horrexegatik Euskaltzaindia errealitate bikaina da egun. Eta Eusko Ikaskuntzan zeharo harro gaude, 1919an hartutako erabaki hartaz. Erabaki historikoa izan zen, zalantzarik gabe.

Denok ezagutzen dugu Euskaltzaindiak ordutik izandako prozesu aberatsa. Eusko Ikaskuntza bezalaxe, Ipar eta Hego Euskal Herrian diharduen erakundea da Euskaltzaindia, eta nolakotasun horrek berez garrantzia ematen die bien ibilbideei. Horregatik iruditu zitzaidan lehen unetik Eusko Ikaskuntzako lehendakari bezala Euskaltzaindiarekiko harremana indartu behar nuela.

Eta Jean Haritschelhar-engan interlokutorea aurkitu nuen, bi erakundeen arteko lankidetza aurrera eramateko prest zegoena. Gaur, Manuel Lekuona Saria meritu zientifiko eta kulturalengatik eman zaiola ahaztu gabe, Jeanek Euskaltzaindia-Eusko Ikaskuntza binomioaren aukeran sinetsi zuelako nire errekonozimenduzko testigantza aurkeztu behar diot, eskerroneko sentimenduarekin batera.

Euskaltzainburu gisa aritu den urteotan Eusko Ikaskuntzarekiko izan duen jarrera positiboa azpimarratu nahi dut ere. Eusko Ikaskuntza Iparralde-ko bazkide aktiboa dugu eta harreman bikainak izan ditu gure erakundearekin... batez ere Jean Fagoagarekin, zeinarekin euskarak eta zientziak ez ezik pilotarako grinak ere lotzen zuen. Zorionak, Jean, Sari honengatik eta eskerrik asko, bihotzez, euskal kulturaren ahaleginetan egin duzun guztiarengatik. Zure tamainako kultur ekarle gutxi aurkituko genituzke, bilatzeari ekinez gero. Txapeldun izan zara euskalgintzan eta aurrerantzean ere horrela izango zaitugu. Urte askotarako!