296 Zenbakia 2005-04-15 / 2005-04-22

Elkarrizketa

Txema Blasco. Aktorea: Pribilegiatua naiz, hiru aktoretik bat besterik ez baita bizi lanbide honekin

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

GARMENDIA IARTZA, Koro

Txema Blasco aktore gasteiztarra 50 urteak beteta zituenean sartu zen zinematografiaren munduan. Ordurako, zaletuen taldeetan ibili zen antzerkia eta pailazoarena egiten, hain gustukoa zuen interpretazioa lantzen. 1992an, metalurgiako enpresa batean zeukan lan egonkorra utzi, eta zinema, antzerki zein telebistaren munduan aritzeko erabakia hartu zuen.

Txikitandik izan al duzu artista bihurtzeko talentua?

Artista bihurtzeko talenturik ote neukan ez dakit, baina artista izateko irrika bai behintzat. Zenbat errieta egin ote zidaten etxean antzerkia zela-eta, pailazo izan nahi nuela-eta... Gogoan dudan lehen oroitzapena, Samaniego eskolara joaten nintzenekoa da, Vitoria/Gasteizen. Ikaskideek galdetu ohi zidaten: “Zer? Gaur izango al dugu funtziorik?”. Denak Errioxa kalera joaten ziren, bizi nintzen atarira, eta eskaileretan esertzen ziren, nik zerbait egiteko zain. Zerbait egiten nien, txaloka hasten ziren, eta, sekulako zalaparta sortzen genuenez, azkenerako bota egiten gintuzten. Bokazio bat da hori, horrekin jaiotzen zara. Sendian ez dugu lanbide honetan jardun denik izan, baina niri betidanik gustatu zait kontu hau.

Lanean hasi zinenean, baina, ez zinen aktore gisa hasi.

Hamahiru urterekin hasi nintzen lanean. Ama hil egin zitzaigun, eta etxean diru premia geneukan. Ikasketak utzi, eta mandatari lanetan hasi nintzen, enpresa batean. Geroztiko ikasketa guztiak gauez egin nituen: batxilergoa, psikologia, merkataritza... Lanetik atera eta ikastera joaten nintzen. Enpresan 92ra arte egon nintzen mandatari gisa; gero lana aldatu nuen. Mandatari izateari utzi, eta kontulari bihurtu nintzen.

Baita pailazo ere.

Zinema eta antzerkiarekin ere uztartu nuen lana. Gainera, enpresan lanean ari nintzela hainbat pelikula egin nituen: “La fuga de Segovia”, “Tasio”, “Alas de mariposa”, “Terranova”...

Ezer gelditzen al zaizu pailazo hartatik?

Sekulako eskerrona, eta, neurri batean, baita nostalgia punttu bat ere, oso garai polita izan zelako. Inork ez daki zeinen gauza ederra den pailazoarena egitea, jendeari barre eginaraztea. Batez ere, erietxe, egoitza, haur ezinduentzako zentro eta horrelakoetan eginiko antzezlanetan, denbora tartetxo batean zoriontsu egin ditzakezula ikustean... Hori izugarria da. Pailazoak, gainera, denetarik erakutsi dit: jendaurrean moldatzen, gorputzaren bidez adierazten, ahoskatzen, inprobisatzen... Hori guztia pailazoari zor diot, ausardia ematen didalako.

Pailazo horrek itolarria izaten al zuen bulegoko lau hormaren artean?

Ez nintzen gaizki egoten, errutinak gauza guztiak mekanikoki egitera eramaten zaituelako. Ordu jakin batzuetan han egon behar duzu, eta kito, ez duzu beste ezertan pentsatzen. Aktore izatea, beste nortasun bat izatea, ihes egiteko balbula moduko bat zen niretzat.

Noiz erabaki zenuen enpresa utzi eta bete-betean interpretazioaren munduan sartzea?

Ez nuen aurreikuspen ekonomikorik egin, eta, beraz, ez nekien arlo honetan zenbat diru irabaziko nuen. 92an, familia guztia bildu, eta aktore profesional izan nahi nuela esan nien, ez nuela aukera galtzen utzi nahi, hori zela benetan gustatzen zitzaidana, nire bokazioa zela. Eta zin egin nien etxean ez zitzaiela sekula soldatarik faltako. Baina Julio Medemen “Vacas” filma amaitu nuenean, ez neukan xoxik ere. Erokeria izan zen hura. Lanbide honek eromen punttu bat du. Gehien kezkatzen nindutenak haurrak ziren, ez bainekien nola aterako zen kontua. Oso burugogorra naiz ni. Batzuek oso ondo bizi garela eta asko irabazten dugula esaten duten arren, lanbide honetan ez da urrea distira egiten duen guztia. Denbora asko ematen dugu ezer ere egin gabe. Aurreko batean irakurri nuen hiru aktoretik bat bakarrik bizi dela lanbide honetatik. Zorionez, ni pribilegiatua naiz, gorabeherak izan arren lanbidetik bizitzeko aukera daukadalako.

Zer sentitu zenuen hamarkadatan zure enpresa izandakoa itxi zenuenean?

Oso sentipen bitxia. "Eta orain, zer?", galdetzen nion nire buruari. Lanean aritzeko gogo eta ilusio handia neuzkan, eta, gainera, arloa ez zen niretzat erabat ezezaguna. Bospasei hilabete noraezean eman nituen. Gauzak hobetzen ez zirela ikustean, okerrena pentsatzen hasten nintzen: “hemendik ez da ezer onik aterako, ez dago aurrera egiterik”. Inon pelikularen bat egitekotan zirela jakin orduko, hara joaten nintzen. Horrelako batean, Madrilera joan nintzen; Enrique Urbizu bere hurrengo pelikula prestatzen ari zen. Bere aurreko filmari esker, “Todo por la pasta”, ezagutu nuen. Ikusi ninduenean, esan zidan dagoeneko bazituela protagonistak, baina edozer onartzeko prest nengoela esan nionean, bi paper elkartu zituen. Eta horrelaxe egin nuen lan “Cómo ser infeliz y disfrutarlo” filman. Lana egiteko desiratzen nengoen. Aktore batzuek, behin protagonista izan badira, ez dute bigarren mailako paperik hartu nahi izaten. Niri hori lerdokeria hutsa iruditzen zait. Ez dut uste pertsonaia txarrik badenik; bakoitzak bere ezaugarriak izaten ditu.

Nork lagundu zintuen gehien erabaki hura hartzeko orduan?

Nire sendiak, noski. Zinemaren munduan, Julio Medemek, nire zuzendariak, nire 0 kilometroa denak. Beste alde batetik, denborak aurrera egin ahala, zinemaren munduan lagun asko ditudala ikusten ari naiz, azkenean lortu dudala mundu konplexu horretan sartzea, eta haien artean bat gehiago naizela. Iaz, Fernando Fernán Gómezekin lanean ari nintzela, harrituta gelditzen nintzen, miresten nuen jendearekin lanean aritzen ari nintzela ikustean. Hori oso gauza ederra da.

Gaur egungo panoraman, nola ikusten duzu zure burua? Zinemako langile baten modura?

Langile baten modura. Iruditzen zait zuzendariek kontuan hartzen nautela. Ez zait gustatzen egitasmoei buruz hitz egitea, baten batek pentsa dezakeelako "a zer nolako fantasma, gizon hau!", baina orain bertan bost gidoi dauzkat mahai gainean. Errazagoa da zuzendari berri edo gazteekin lan egitea, zuzendari helduak baino ausartagoak izaten direlako. Helduek segurtasuna nahi izaten dute, beren aktoreak izaten dituzte, jende ezaguna, etab. Zuzendari ospetsu batzuekin ere aritu naiz lanean; hala nola, Berlanga edo Juan Antonio Bardemekin. Nik terreno guztietarako balio dut; behar dena egiten dut: antzerkia, laburrak, luzeak, telebista... Telebista ez zait batere gustatzen, baina bizi ere egin behar da, noski. Niri lan egitea besterik ez zait axola; ez zaizkit batere axola festak, ospakizunak eta horrelakoak. Lana dela-eta joan behar izanez gero, joango naiz, baina joateagatik ez behintzat.

Orduan, aurrerantzean ez duzu lan bila inoren atera jo beharko?

Gauzak aldatzen hasi dira. Alde batetik, ordezkaria aritzen da egitasmoak bilatzeko lanetan, baina, bestetik, zuzendariak hasi dira nire lana ezagutzen, eta zuzenean deitzen didate. Gainera, alderdi ekonomikoa nik ez dut ukitu ere egin nahi; nahikoa daukat pertsonaiarekin. Pelikula nire ezagun batek egin behar baldin badu, ez naiz bera ikustera joaten; ez dut presio berezirik jasaterik nahi. Julio Medemen kasua da, esaterako. Zorionez, jendeak deitzen jarraitzen du, eta egitasmoak sortzen dira.

Zure lanbidearekin zoriontsu izatearen aldeko apustua egin zenuen, baina Aranzabal enpresak orain ez daukazun zerbait eskainiko zizun ordea: erretiroa.

Ni aurre erretiroa hartuta egongo nintzen dagoeneko. Momentu baxuetan, horrelako gauzetan pentsatzen hasten naiz. Baina, erretiroa hartzeko zain egon izan banintz, ez nituzkeen gauza hauek guztiak egingo. Batzuek esaten didate: “lehenago hasi izan bazina...”, eta nik erantzuten diet: “ez, ez. Ni, hasi behar nuenean hasi nintzen”. Beti aurrera begiratzea gustatzen zait, sekula ez atzera. Bultzatu egin behar da, ez iraganari begira egon.

Ez duzu erretirorik hartuko, beraz.

Ez. Lanbide honetan, zaila da erretiroa hartzea, zeren eta inoiz 80 urteko pertsonaiarik behar badute... Dena den, urteak daramatzat aitonarena egiten.

Zure bizitzako filma iristear dagoela pentsatzen al duzu? Agian onena ez, baina gehien salduko duena.

Duela hilabete gutxira arte, ezetz esaten nuen, baina bada gordeta dagoen istorio bat... Bi urte barru bonba bat izango dela esaten dute. Beraz, bada zerbait hor tartean. Sekulako konfiantza daukat zuzendariarengan, baina ezin dizuet bere izena eman. Gainera, zera esan didate, hitz hauekin: “Txema, pelikula honek bizia aldatuko dizu”. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Gidoia oso ona da, izugarri atsegin dut... Hortxe gabiltza, ilusioz gainezka. Urteek ez dute ilusioarekin inolako zerikusirik.

Zer da horrenbesteko ilusioa sortzen dizuna?

Garrantzitsuena zuzendaria da. Oraindik ez du metraje luzeko pelikulari egin, baina zuzendari ona izango da. Norbaitekin alderatzearren, Montxo Armendáriz bezalakoa izango dela esango nizuke. Metraje laburreko lau pelikula egin ditut berarekin, eta gizon horrek badaki zer nahi duen. Pentsa, 22 milioi pezeta kostatu zitzaion metraje laburreko pelikula egin zuen! Eta ez dago erotuta, ez horixe! Eta hemen ingurukoa da.

80 urterekin jaitsi egingo al duzu pistoia?

Hala uste dut, baina oraingoz behintzat ez dut jaitsi. Batzuetan, lan batekin amaitzen dudanean, lur jota gelditzen naiz, baina jende gazteari begiratu, eta ni bezain nekatuta daudela ikusten dut. Lanbide hau “Kixoteentzat” egina da, lan bakoitza erronka berri bat delako. Beraz, egin duzunari begiratu beharrean, egingo duzunari begira egoten zara denbora guztian.

Espainiar zinema ikusleak galtzen ari omen da. Kezkatzen al zaitu horrek?

Jakina, enpresa batean lanean ari bazara, eta honek badu bere produktua saltzen, langile guztiak egongo dira kezkatuta, litekeena baita enplegua erregulatzera iristea. Konponbidea zein den ez dakit. Amerikarren arazoa dago, eta ez da txantxetakoa. Jende guztiak lehenago ikusiko du pelikula amerikar bat, espainiar bat baino. Amerikar Estatu Batuetan film espainiarrak bertsio originalean eta azpitituluekin ematen baldin badituzte, zergatik ez egin hemen beste horrenbeste pelikula amerikarrekin? Beste kuku batek joko liguke. Gainera, pantailako koten kontua dago hor; alegia, iparrameriketako zineman punta-puntakoa den pelikularik bota nahi izanez gero, pelikula sorta bat erostera eta zinema aretoetan ematera behartzen zaituztenekoa. Orduan, noski, botatzen ari diren beste pelikula batzuk kendu egiten dituzte. Eta zer da errazena? Bada, film espainiarrak kentzea. Ez dizut esango zinema espainiar guztia ona denik, ederrak ikusten baitira noizean behin; hor ere, kontu pixka bat eduki beharko litzateke. Arrakasta ez du kantitateak ematen, kalitateak baizik. Gauzak ezin dira itsu-itsuan egin. Zineman, azken batean, telebistan ikusten dugun egoeraren parekoa ematen da, hau ere kasu aparta baita. Programa pila dago, zertarako balio duten ez dakidala. Telesail onak kendu egiten dituzte. Parte hartu nuen bat, seigarren atalerako kendua zuten programaziotik. Beste bat, laugarren atala eman orduko kendu dute. “El pantano”, “Un lugar en el mundo” eta abar ere kendu egin zituzten. Eta, horien ordez, ergelkeriak besterik ez dizkigute eskaintzen. Horrelakoa da gure kulturaren maila. Nahastuta nago erabat.

Julio Medem kondenatu egin zuten. Baina, hara non, ahaztu egin zait zigorra zein izan zen, eta epailea nor.

“Vacas” egin zuenean ere kondenatu egin zuten. "Euskal gatazkaren" problematika jarri zuten bere eskuetan, "Vacas" pelikulak kontu horrekin inolako zerikusirik ez zeukan arren. “La pelota vasca” egin zuenean, zintzotasun osoz jokatu zuelako kondenatu zuten. Berak gizartean dagoen problematika planteatu zuen, guztiekin elkarrizketatu zen, eta erantzun nahi izan ez zuena ez zen agertu. Pseudo-epaile horiei zera galdetuko nieke nik: “Zer dela-eta zabiltza bere kontra hitz egiten, zure argudioak defendatzeko aukera eman baldin bazizun?”. Juliok hori darama barruan, eta kalte handia egin ziezaiokeen. Ni kezkatuta ibili nintzen oso, bere inguruan sortutako problematika horrekin eta harrotu ziren hautsak ikusita, pentsatu nuelako Madrilen ate guztiak itxiko zizkiotela..., baina ez. Iruditzen zait bera albo batean gelditu zela. Bakoitzak esan beharrekoa esan zuen, eta kito. Norberak bere ondorioak atera ditzala. Zinemak aukera polit hori eskaintzen digu, ezta? Zinema aretotik ateratakoan, pelikulari buruz hitz egiten jarraitzea, ados egotea edo ez, polemika piztea... Antzerkian gauza bera: jendea irteeran obrari buruz beharrean, futbolari buruz hitz egiten hasten baldin bada, txarto. Baina ikusleak pelikulari buruz hitz egiten jarraitzen badu, seinale ona da hori; eragina izan duela erakusten du. Juliok artegatasuna eragin zuen.

Nola eragin zion berari polemika horrek guztiak?

Oso bolada txarra igaro zuen, baina berak badaki bere alde gaudela eta maite dugula. Denboraldi txarra igaro bazuen ere, dagoeneko gaindituta daukala uste dut.

Nor losintxatu beharra dago zinemaren munduan? Ezer gutxi dakit nik horrelako kontuei buruz. Edonola ere, nik uste enpresari guztiek langile onak nahi dituztela, eta, beraz, losintxatzen aritzen dena bazterrean gelditzen dela azkenerako. Txema Blasco 58 metraje luzeko film, metraje laburreko 106, telesail mordo bat, antzezlanak... Datu hauek, 1941ean Vitoria/Gasteizen jaiotako aktorearen kurrikulumeko zati txiki bat baizik ez dira. Kixote batzuetan, aizkolari eta aitona besteetan, Olentzero inoiz edo behin... Horra hor Txema Blasco.