239 Zenbakia 2004-01-23 / 2004-01-30

Gaiak

Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurraldearen Arloko Plana

ELETXIGERRA, Mikel

Menu GAIAK Inicio > EM 239 > Gaiak -->

2004/01/23-30 Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurraldearen Arloko Plana Mikel Eletxigerra, Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurraldearen Arloko Planaren koordinatzailea

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión original

Iragan berri den abenduan, Etxebizitzen Sustapen Publikorako Lurraldearen Arloko Planaren Aurrerapena aurkeztu zitzaion Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordeari. Plan hau Eusko Jaurlaritzako bi Sailek elkarlanean prestatua da -hots, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak-, eta bere helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri eta Alor Funtzional bakoitzean etxebizitza babestuak sustatzeko politikaren ildo eta irizpide lurraldetarrak planteatzea da. Era berean, Planaren Aurrerapenak biztanleriaren banaketaren eta eskakizunen inguruan jasotzen dituen aurreikuspen orokorrak guztiz erabilgarriak izaten dira prestatze bidean dauden Lurraldeko Plan Partzialetako proposamenak lantzeko, lurzoruaren gaineko eskaintzak koordinatuta egon daitezen eta proposamenek elkar osa dezaten.

Lurraldearen Arloko Planak finkatzen dituen alderdien artean, etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzorua arautuko duen Lurraldearen Eredua eta honen gaineko jarduera programak daude, hain zuzen ere ekintza publiko eta esku-hartze politika egokien bidez hiritarrek etxebizitza duin bat izateko daukaten eskubidea bermatzeko eta lurraldea antolatzeko estrategiak lantzen joateko. Gainera, etxebizitzaren politika eraginkortasun handiagoz garatzeko proposamenak ere luzatzen dira.

Plana prestatzeko orduan kontuan hartu diren oinarriak bi izan dira nagusiki: DOT direlakoez osaturiko Antolamendurako Eredua batetik -hain zuzen ere uneotan izapidatzen ari diren Lurraldeko Plan Partzialek garatzen dutena-, eta hamasei urteko eperako prestaturiko Etxebizitzarako Plan Zuzentzaileak, bestetik.

Esku hartzeko estrategia nagusiek, lurraldeari dagokionez, oreka bilatzea dute helburu, eta etxebizitza politikari dagokionez, berriz, prezio mugatua daukaten etxebizitzen eskaintza handitzea, eta etxebizitza babestuek daukaten prezioarekiko salneurri bateragarria izango duen lurzoruaren eskaintza behar bezainbestekoa izango dela bermatzea. Horretarako, honako estrategia orokor hauek proposatu dira: Egun dagoen parkearen eraginkortasuna optimizatzea. Alokatzeko parke publikoa bultzatu eta garatzea. Lurzoruaren ondare publikoa bultzatu eta garatzea.

Etxebizitzak birgaitzeko ematen diren laguntzak oso eraginkorrak dira etxe berriak egiteko eskaria murrizteko, baina, azken batean, ez dute parkea handitzen. Hori dela-eta, planteatutako programa eta jarduteko ildoen helburua, gaur egungo parkea optimizatzea da. Horretarako, batetik, erabilitako etxebizitzak erosteko laguntzak aurreikusten dituzte, eta, bestetik, hutsik dauden etxebizitzen jabeei etxe hauek alokairuan emateko diru-laguntzak eskaintzen dizkiete. Eraikin berrien kasuan, alokatzeko parke publikoa sortu eta garatzea litzateke xedea, eta beste eragile batzuek -publiko zein pribatuek- salmentan jartzeko edo/eta alokatzeko eraikin berriak egitea.

Azken programa horiek gauzatzeko, Planak lurzoruaren erreserba batzuk -publikoak gehienak- kuantifikatu eta kudeatzea proposatzen du, irizpide malguei jarraiki, dela finkatzen dituen helburu kuantitatiboei erantzun ahal izateko, dela Plana indarrean egongo den bitartean sor litezkeen aurreikusi gabeko egoerei eta/edo politika alternatibo berriei erantzuteko. Planak, halaber, lurralderatu egiten ditu erreserba horiek, eta etxebizitzaren politika modu eraginkorrean garatu ahal izateko dauden arazo zein aukera nagusiak zeintzuk diren adierazten.

Etxebizitzak publikoki sustatzeko aurreikuspenak lurraldean zehar banatzeko proposamena egin baino lehen Lurralderako Eredu bat onartzea planteatzen du Planak, bai etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzorua arautzeko orduan erreferentzia modura hartzeko, bai ekimen publikoak egin beharreko eragiketa estrategiko nagusiak identifikatu eta aukeratzeko.

Lurralderako Eredu horrek kategorizatu egiten ditu EAEko udalerriak. Hori egiteko, etxebizitza berriak eraikitzeko aurreikuspenak eta beste hainbat alderdi lurraldetar hartzen ditu kontuan (hala nola, hirigune saturatuetara dagoen distantzia, azpiegituren eta ekipamenduen xedagarritasuna, eta abar), eta, kasuan kasuko ezaugarrietan oinarrituz, esku-hartzeko estrategia batzuk finkatzen ditu.

Kategorizazio horretan, hiru udalerri mota bereizten dira: Babes ofizialeko etxeak eraikitzeko lurzoruak garatzeko interes bizia daukaten udalerriak. Lurzoruan eragiketa osagarriak garatzeko interesa daukaten udalerriak. Hasiera batean behintzat, babes ofizialeko etxeak egiteko lurzoruak gutxi garatuko dituzten udalerriak.

Interes bizia daukaten udalerrien artean, biztanleen eta jardueren kopuruaren aldetik kontzentratuenak diren hiru lurraldeak dauzkagu (Bilbo Metropolitarra, Donostialdea eta Vitoria/Gasteiz), eta baita Alor Funtzional ezberdinetako hirigunerik populatuenak ere. Ereduak, halaber, beren egitura lurraldetarra, xedagarritasun espaziala, sarrera eta abar kontuan hartuz lurraldea berrorekatzeko politikak bultzatzeko egoki izan daitezkeen diren beste hainbat lurralde ere proposatzen ditu.

Udalerri hauetan esku hartzeko estrategia nagusia, dagoeneko kalifikatuta dauden lurzoruak garatzea da. Saturazio mailarik handiena daukaten udalerrietan, eta jada zaharkituta edo narriatuta dauden esparruak dauzkatenetan, esku hartzeak birkualifikatzeko, berritzeko eta eraldatzeko eragiketei eman behar die lehentasuna. Beharrezkoa denean, gainera, jarduera berriak aurreikusiko ditu inguruko udalerrietan, baldin eta horretarako aukera ematen badute, eta lurraldearen ikuspuntutik egoki badira.

Planak jasotzen duenaren arabera, udalerri hauetan guztietan aplikatu beharko da 17/94 Legea, "Etxebizitzen arloko presazko neurriei buruzkoa...", edozein delarik ere beren biztanle kopurua.

Jarduera osagarriak garatzeko interesgarriak diren udalerriak, orokorrean hartuta, honakoak dira: 1.000 eta 2.000 biztanle artean dauzkaten hiriguneak; biztanleen aldetik hazkunderik handiena daukaten hiriguneen periferian kokatuta daudenak; edota lurraldea berrorekatzeko dinamiken hartzaile izateko moduko erreserbarik ez daukatenak. Hori dela-eta, beren beharrei erantzun ahal izateko kalifikazio eta jarduera egokiak aurreikusiko dituen politika aldarrikatzen da udalerri hauentzat.

Sailkapeneko hirugarren kategorian, nekazaritza giroko udalerriak biltzen dira funtsean. Hauetan, banatuta badaude ere, 1.000 biztanle baino gutxiago daude guztira. Udalerri hauetan etxebizitza berriak eraikiko direla aurreikusten denez, une bakoitzeko sortzen diren eskariei erantzuteko jarduera asistematikoak diseinatzen dira.

Etxebizitzen sustapen publikorako politika bereziki etxe berriei zuzenduta dagoenez, Planak jarduera publikoak banatzeko proposamena egiten du, eta, horretarako, Alor Funtzional edo lurralde bakoitzean aurreikusita dagoen etxebizitzen kopurua hartzen du kontuan.

Lurraldeari eragiten dioten hiru politika motetatik (hutsik dauden etxebizitzak alokatzea, alokatzeko etxe berriak eraikitzea, eta beste eragile batzuek saltzeko zein alokatzeko etxe berriak eraikitzea) lehenengo biak, 7.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo alorretan kontzentratu dira. Izan ere, beharrezkoa da alokatzeko politikaren eraginkortasuna bermatuko duen gutxieneko masa kritiko bat izatea, eta, gainera, erabilitako etxebizitzak alokatuz, murriztu egiten da etxe berriak egiteko beharra, kontuan hartu behar baita hain zuzen ere alderdi horretan sortzen direla lurzoru berriez xedatzeko arazo gehien. Gero, proposaturiko Lurraldearen Ereduari jarraiki zuzenketa batzuk egin ostean, politika horiek zer-nolako inplikazio izango dituzten aztertzen da, bai kalifikazioari dagokionez, bai lurzoruaren ondare publikoaren dimentsionamenduari dagokionez. Bukatzeko esan Planak banan-banan aztertzen dituela Alor Funtzionalak, eta hauetako bakoitzarentzat etxebizitza babestuetarako lurzorua antolatzeko irizpide lurraldetar nagusiak planteatzen dituela. Horrela, alde batetik bideratu egiten du Administrazioaren jarduera (erreserba nagusiak zeintzuk diren zehaztuz, hiriak berriztatzeko eragiketa nagusiak zeintzuk diren azpimarratuz, eta eragiketa horiek estrategikoak edota lehentasunezkoak ote diren adieraziz), eta, bestetik, etxebizitzen sustapen publikoa egiteko udalerrietako lurzoruaren dimentsionamendua proposatzen du. Lotutako artikuluak