233 Zenbakia 2003-12-05 / 2003-12-12

Herriak

Arrasaten ere, mahasti eta txakolina

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Menu HERRIAK Arrasate Inicio > EM 233 > Herriak -->

2003/12/05-12 Arrasaten ere, mahasti eta txakolina Zuriñe Velez de Mendizabal

Deba Goieneko kultur albisteak helarazteko: zurkain@euskalnet.net

Javier Arregik baserria dauka -Egi Haundi- Arrasateko Zigarrola auzoan, eta bertan dituen lur-sailetan mahastiak landatzea pentsatu zuen. Dagoeneko hamarkada oso bat darama txakolina egiten. Oso pozik dago bere osabak aspaldi nahi zuena egia bihurtu duelako: Arrasaten txakolina egitea posible dela, alegia. Nola otu zitzaizun mahastiak landatzea? Nire osaba batek gerra aurretik Kataiden geneukan baserrian mahastiak landatu zituen, horrela Arrasaten ere txakolina egin zitekeela erakusteko asmoz. Baina ezin izan zituen aurrera atera. Nik froga berdina egiteko ideia izan nuen 1987an, eta 100 bat orpo jartzea iruditu zitzaidan. Getariara joan eta 100 orpo (mahasti oinak, txertaketa egin gabekoak) erosi nahi nituen. Hala ere, hango lagun batek lur zabalak nituenez gero gehiago landatzeko aholkatu zidan eta azkenean 1200 orpo erosi nituen.

Ondoren, bigarren lur eremu batetan 4000 landatu nituen, bi hektarea guztira. Noiz hasi zinen txakolina ekoizten? Lehenengo landaketak egin eta bi edo hiru urtetara. Hasiera hartako zukua gaurkoa baino garratzagoa zen. Zein da txakolina egiteko prozesua? Lehendabizi mahatsa bildu behar da San Migel egun inguruan. Hala ere, aurtengo beroteak uzta lehenago jasotzera behartu gaitu. Guk ditugun bi hektareak batzeko jendea behar da, eta familiako 20 lagun aritzen gara. Bilketaren ondoren aleak askatu eta dolarera bidaltzen ditugu. Bertan estutu eta lehenengo muztioa bandeja batera erortzen da. Hortik depositu batera eraman eta metabisulfitoa bota behar zaio, herdoildu ez dadin. Deposituan zikinkeria behean geratzen da eta berriz ere tokiz aldatu behar da zukua.

Orduan irakiteko prest dago. Zukuari legamia bota eta 16ºC eta 18ºCtan mantendu behar da hamabost egunetan zehar. Ondoren berriz ere lekuz aldatu, azken zikinak kendu eta botiletan sartu. Javier txakolina mantentzeko baserrian dituen deposituetan.

(Arg. Zuriñe Velez de Mendizabal) Noiz dakizu txakolina gertu dagoela botilatan sartzeko? Iñaki Kamio enologoari deitu eta hark aholkatzen gaitu txakolinaren inguruan. Arraroa da bailaran mahastiak ikustea... Bai. Hala ere, Bedoñan, Oñatin eta beste hainbat tokitan ere aurki daitezke batzuk, baina jatorri-izendapenetik kanpo. Ondorioz, mahastiak sartu berri dutenek ezin diote txakolina deitu bere produktuari. Arregik Egi-Haundi baserriaren azpian dituen mahastietan. (Arg. Zuriñe Velez de Mendizabal) Non saltzen duzu Kataide txakolina?

Gehiena Arrasaten bertan. Santo Tomas eguneko ferian dastatzeko ematen dugu eta hortik ezagutzen gaituzte. Hala ere, ekoiztutako zati handi bat familia eta lagunentzat izaten den arren, aurten esaterako, Bartzelona aldean ere egin dugu salmenta, bertako Euskal Etxeetarako.