22 Zenbakia 1999-02-19 / 1999-02-26

Gaiak

Euskal bake-prozesuaren premiak

EZENARRO, Aintzane

Euskal bake prozesuaren premiak Euskal bake prozesuaren premiak * Aintzane Ezenarro Lau hilabete baino gehiago pasatu dira ETAk su etena aldarrikatu zuenetik, eta egunotan kaleratu berri duen komunikatuan ere bide honi eusteko borondatea erakutsi du. Benetan aurrerapauso handia eta berri pozgarria guztiontzat. Ondorioz sortutako egoera berriak, inoiz ez bezalako itxaropena piztu du euskal gizartean eta etorkizunari begira eremu berriak ireki dira. Baina, aldi berean, guztiok dakigu su etena ez dela bakea. Hemendik aurrera, benetako bake iraunkor bat eskuratu nahi bada, beharrezkoa izango da euskal bake prozesua bizitzea eta burutzea. Hainbeste urtetako aurrez aurreko konfrontazio biolentoa bizi eta jasan duen gizarte honek bake prozesurako eskubidea du. Hauxe da, hain zuzen ere, herri honek duen eskubiderik premiazkoena, Giza Eskubideen 50. urteurrena bete berri denean. Eta horrek bere lanak emango ditu, ez da bere kabuz etorriko. Lan hau batez ere politikoei dagokie, beraiek dute euskal bake prozesua martxan jarri eta subiranotasuna eta elkarbizitzaren inguruko akordio berri bat egiteko ardura, gaur egungo adostasun eza gainditzeko. Baina horrez gain, pentsamolde eta kultur aldaketa nabarmena gauzatu beharko da gizartearen maila guztietan, benetako bake iraunkorra ezarri nahi badugu gure herrian. 1. akordio politiko berria Politikoei dagokien lanari eutsiz, lehenik eta behin, eman beharreko urratsen agenda bateratu bat ezarri beharko litzateke. Akordio nazional berri bat egiteko ibilbide argi bat ezarri behar da eta norbaitek zuzendu beharko luke egun bizi dugun noraeza, bake prozesua norabide egokian jarriz. Politikoen lehentasuna beraz, bake prozesurako eskema bateratu bat ezartzea da. Orainartean ez da horrelakorik ikusi, ideia isolatu eta osatugabeak besterik ez dira sortu. Batzuek prozesua «bakea eskuzabaltasunaren truke» bezala ikusten dute, presoekin onartezina den «regateo» batetara iritsiz. Hauek, azpian dagoen gatazka politikoa ezkutatu eta gizarte honetanoinarrizko baloreen inguruan dagoen zatiketa ahazten dute. Beste muturrean berriz, bake prozesua alde batera utzi eta subiranotasun prozesurako jauzia egiteko tentazioa nabari da. Baina bake prozesurako eredurik demokratikoena, argiena eta eraginkorrena «elkarrizketa, akordioa eta herri kontsulta» rena da. Guztion interes eta jarreren atzean dagoena aztertu eta etorkizunerako gutxiengoan adostean datza.Tragediarik gabe, mugarik gabe eta inposaketarik gabe. Hau kontuan izanda, zentzuzkoena, ahalik eta azkarren erakundeetan ordezkaritza duten alderdi guztien arteko mahai bat eratzea litzateke. Mahai honek lehenbailehen hasi beharko luke lanean. Izan ere, orain, ETAren biolentziarik ez dagoen garai berri honetan, gatazka politikoa bere sakontasun eta konplexutasun osoan aztertzeko aukera paregabea dugu. Transizioa egin zenetik hogei urte baino gehiago pasa diren honetan, euskal gatazkak konponbide berri bat behar duela argi dago. Ez ETAren biolentzia izan delako, baizik eta Nafarroa eta EAEn, gizarte normalizatuek beharrezkoa duten kontsentsu mailarik ez dagoelako. Mahaia indarrean jarri eta gero, bake prozesuaren helmuga gatazka honi konponbidea emango dion guztion arteko akordio berri bat lortzea da; beste modu batean esanda «euskal Stormont» bat egitea. Akordio berriaren beharra argudiatzeko arrazoiak ugariak dira, baina haien artean bereziki hurrengo hauek aipatuko nituzke: (1) Batetik, ez politikoki, ez geografikoki ezta soziologikoki ere, kanpoan inor ez uzteko aukera ezinhobe hau aprobetxatu egin behar dugu. Gaizki itxitako zauriak sendatu, alegia. (2) Bigarrenik, bizitzan gatazkak beharrezkoak baldin badira ere, (eraldaketak eragin eta aurrera egitea posible egiten dutelako), elaberriek bezala, hasiera, garapena eta amaiera izan behar dute. Gatazka irekia betirakoa egiten bada, potentzial onuragarri guztia galtzen du. Izan ere, heltzen laguntzen gaituena, bai pertsonalki eta baita sozial eta politikoki ere, gatazkak modu positiboan konpontzeko gaitasuna baita.Euskal Herrian denbora gehiegi daramagu gatazka irekian, ez aurrera ez atzerako egoeran bizitzen, eta dinamika hau gainditu beharra dago. (3) Honek guztiak inflexio puntu bat lortzea premiazkoa egiten du. Gizarteari, eta batez ere gazteei eta datozen belaunaldi berriei, akordioaren gertakaria garai berri baten hasieraren erakusle definitiboa bezala aurkezteko. (4) Inflexio puntu honek, bide batez, hemendik aurrera etsairik gabe hitzaren zentzu belikoan ulertuta bizi behar dugula gogorarazi behar digu. Gure etsaia gure arerio politikoa besterik ez dela, ideia berri honekin bizitzen ikasi behar dugu. Orain arte etsaiak txarrena merezi zuela uste izan dugu: heriotza, tortura, gartzela, etb., eta uste hau gainditu eta adiskidetze prozesu bat emateko beharrezkoa da guztion arteko akordioaren eskenifikazioa. (5) Eta azkenik, ez dira ahaztu behar gatazka honen zama astunena euren bizkargainean jasan dutenak. Euren sufrimenduaren zentzugabekeria are gehiago biderkatuko litzateke eta aldi berean frustrazio kolektiboa areagotuko, gatazkak bere horretan jarraitzen duela ikusten bada, adiskidetze prozesu bat ematen ez bada. 2. Bake prozesua eta kultur iraultza Bien bitartean, hau da, alderdien mahaia osatzen denetik guztionarteko akordiora iritsi bitartean, egin beharreko bidea da bake prozesua.Baina gurea bezain historia gatazkatsua eta mingarria bizi izan duen herriak bake prozesua garatu ahal izateko, ordezkari politikoren arteko elkarrizketa eta akordioa baino zerbait gehiago behar du; pentsamolde eta kulturaren iraultza txiki bat behar du, gizartearen maila guztietan garatu eta burutu ahal izateko. Lehen esan bezala, inflexio puntua, edo beste modu batean esanda, eliteen arteko akordioaren eskenifikazioa, beharrezkoa da gizarteko maila guztietan etsairik gabe bizitzen ikasteko. Baina goi mailako akordioa berabakarrik ez da nahikoa. Eta hemen dago batez ere, gizartearen eta gizarte eragileen lan eremua: maila guztietako jarrera aldaketak sortu eta bultzatzea. Ez dugu ahaztubehar, adiskidetze prozesua, gizabanako bakoitzaren baitan eta eguneroko bizitzan bakoitzak ditugun jarrera eta jokabideetan dagoela baita ere. Bake iraunkorra bermatzeko beharrezkoa den pentsamolde eta kultur iraultza honi laguntzea izango da gutariko bakoitzari egokituko zaigun lanik garrantzitsuenetakoa. Izan ere, bake prozesuaren garai berriari ekiteko ezinbestekoa da horren aldeko testuingurua sortzea. Orain arte, enfrentamendurako inertzia eta polarizazioa izan dira nagusi eta, ondorioz, ez da hain erraza izan elementu positiboak sustatzeko beharrezkoa den giro hori lortzea. Elkarriren ikuspegitik,garai berri honetan elementu eraikitzaileek izan behar dute lehentasuna, eraikitzailea den guztia bultzatzea da lagungarriena; maila eta alor guztietan irizpide eraikitzaileak oinarritzat hartuta jardunez gero, emaitza emankorrak lortuko direlakoan baikaude. Eraikitzailea esaten dugunean, batetik, gauzak errazteko pentsamoldearekin aritu beharra dagoela esan nahi dugu. Edozein esparrutan eta mailatan; bai gizabanako moduan, bakegintza laguntzeko ahal den guztia egiteko konpromisoa hartuz, eta baita kanpora begira, bakerako bidea erraztuko duen oro defendatzeko, aldarrikatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartuz. Bestetik, arazoaren konponbidera begira hasteko, ezinbestekoa da enfrentamendu dinamikak alde batera utzi eta aurrekoarekin elkarlanean aritzeko pentsamoldea barneratzea, horrela bakarrik konpondu ahal izango baitugu bi aldeok elkarrekin dugun arazoa. Lankidetza esperientziak bultzatzea funtsezkoa da gizarteko esparru eta alor guztietan bai oinarrian, bai goi mailetan ere . Ahalik eta lankidetzarik zabalena eta ezohikoena lortzea komeni da. Baina elkarlanaren helburua ez da mugimendu taktiko gisa ulertu behar, hau da, norberak abantaila hartzeko mugimendu gisa. Pentsaera aldatzea kosta egiten bazaigu ere, bakearen aldeko elkarlan prozesua planteatzeko orduan, bestelako asmoa izan behar dugu: bertan parte hartzen duten guztiek izango dituztela abantailak; izanere, bake iraunkorra bermatzeko alde guztiak garaile izan eta sentituko diren akordioa lortu beharko baita. Eta azkenik, ez da ahaztu behar, inor baztertuko ez duen prozesua abiarazi behar dugula, hau ere gizartearen maila guztietan; elkarlanean guztiek izan behar dutela lekua, alegia. Bereziki azpimarratu beharreko gaia deritzogu, izan ere, gure herriaren aniztasuna aitortu eta onartze funtsezkoa izango baita bake bidean aurrera egiteko. Benetako bake prozesu bat gauzatu ahal izateko, jarrera eta pentsamolde aldaketak akordio politiko berria egitearen adinako garrantzia du. Politikoei euren lanari lehenbailehen ekiteko eskatu behar zaie eta gizarteak adi egon behar du, uneoro, bidean izan daitezkeen oztopoak gainditzen laguntzeko. Baina horrez gain, ez dezagun ahaztu gutariko bakoitzak ere badugula zereginik, besteek zer egiten duten begira egon beharrean, non eta nola egin diezaiokeen bere ekarpena iraultza honi. zer da bake prozesua prozedura eduki eta konponbide jarrera eraikitzaileak demokratikoak integratzaileak sakoneko arazoei helduko dizkietenak: subiranotasuna, lurraldetasuna... elkarrizketa erraztu akordioa elkarlanean aritu herri kontsulta ez baztertu demokrazian eta giza eskubideetan sakonduko dutenak gure elkarbizitzarako akordioak hobetuko dituztenak bakerako akordio sozio politikoa Honako irudi honek bake prozesu baten esanahi orokorra zein den jasotzen du, aipatutako pentsamolde eta kultur iraultza horren osoko ikuspegi bat eskaintzen du. Agerian dagoen bezala, horrelako prozesu batek ez du nahiko politikoen ekintza dinamizatzaileekin, gizartearen partehartzea ere ezinbestekoa du. Aintzane Ezenarro, Elkarriko Tailer Nazional Iraunkorreko kidea.