212 Zenbakia 2003-06-05 / 2003-06-30

Gaiak

Unibertsitatea gaur Europan

LARRAZABAL ANTIA, Jesus Mari

Unibertsitatea gaur Europan Unibertsitatea gaur Europan * Jesus Mari Larrazabal Antia Gai zabalari buruz labur idaztea ez da erraza. Saiatuko naiz, hala ere, gai korapilotsu honen inguruan oinarrizko puntu batzuk aurkezten. Aldaketa bizian dago Europa osoa. Gizarte aldaketa, aldaketa politikoa, ekonomikoa... eta, oroz gain, kultur aldaketa sakona, zientzia eta teknikaren garapen azkarrak gizartean zabaltzen dituen bitartekoen bidez, ezagutza eta komunikazio intentsiboan zimendatutako gizarte berria tajutzen ari baita. Aldaketa orokor horren barruan kokatu behar da Europako unibertsitateetan dagoen aldaketa giroa. Bolognako deklarazioaren garrantzia (1999 6 19) 2010erako markatzen dituen helburuez gain, helburu horiek lortzeko ezartzen dituen bideetan dago. Urtebete lehenago Sorbonako deklarazioak argi utzi zuen ezinbestekoa zela epe laburrean Europan goi mailako hezkuntzaren espazioa sortzea, honetarako berehala integrazio neurriak hartuz estatu ezberdinetan. Unibertsitate publiko nahiz pribatuak deitu zituzten oinarrizko egokitze batera, Europaren barruan graduatuen mugikortasuna eta enplegua ziurtatzeko. Gainera, modu honetan Europako goi hezkuntza erakargarri bihurtu nahi zen Europatik kanpoko ikaslegaientzat. Bolognan markatutako bidea sei puntu hauetan zehazten da: unibertsitate ikasketak bi ziklo nagusitan banatzen dira, gradu aurrekoak (gutxienez 3 urte) eta gradu ondokoak (masterra eta doktoradutza); titulazio sistemen konparagarritasun erreala; kreditu sistema orokortua; ikasle, irakasle, ikerlari nahiz administrazio langileen mugikortasuna; kalitatea ziurtatzeko lankidetza; Europako beharrezko unibertsitate dimentsioak sustatzea. Argi dago datozen zazpi urte hauetan Europako Unibertsitate Espazioa osatu nahi dela, behar bezalako konbergentzia urtez urte indartuz. Honek, jakina, neurri sakonak hartzea eskatzen du estatu ezberdinetan. Neurri politikoak, hasteko. Neurri ekonomikoak ere bai, ez bakarrik legediaren alorrekoak. Kontuan izan behar da, gainera,alde batetik, unibertsitate publikoen autonomia eta, bestetik, unibertsitate pribatuen dependentzia euren jabeenganako. Kontuan izan behar da baita ere unibertsitate bakoitzak bere historia duela, normalean bere kulturan errotua dagoela eta bere hizkuntza edo hizkuntzak erabiltzen dituela. Konbergentzia prozesuan agenteak unibertsitateak dira eta unibertsitateak barrutik proiektu argiak asumitzen direnean aldatzen dira eta ez kanpotik soilik legea edo dirua erabiliz, nahiz eta gizartearen presioa faktore indartsua izan hainbat aldaketa bultzatzeko. Ez zuen, nire ustez, Espainiako Gobernuak Unibertsitate Lege berria egiterakoan batere asmatu. Europako konbergentziaren aitzakitan unibertsitate publikoei espazioa murriztu zien, legea bera ia ia lege eta erregelamendu bihurtuz. Ondorioz, Espainiako unibertsitate publikoek presaka egin dituzte estatutuak. Hauxe da, bistan denez, UPV EHUn gertatutakoa. Euskal Autonomi Erkidegoan laster izango da Euskal Unibertsitate Sistemaren legea. Zirriborroa ikusita, esan daiteke hiruzpalau puntu nagusitan ekarriko diela hobekuntza unibertsitateei. Irakaslego kontratatuari bidea zabaldu egiten dio, ikerketaren esparruari daukan garrantzia ematen dio, kalitatearen ebaluaziorako eta kreditaziorako agentzia sortzen du, eta oinarri ekonomikoa ziurtatzeko modua finkatzen du. Ez da gutxi, gauden mugetan gaudela. Inozoak ginateke geure mugen mugak ezagutu eta kontuan hartuko ez bagenitu. Lege berri honek aurrera urrats garrantzitsu bat emateko aukera ematen du. Kondizio politikoak egiazki hobetzen badira, bistan da, pauso gehiago emateko aukera izango da. Gogoan izan behar da lege berriarekin unibertsitate berriak ere sortzeko bidea zabalik egongo dela. Zergatik ez Euskal Unibertsitatea? Europa mailan gauzatu nahi den unibertsitate konbergentzia ez da dekretuz lortuko. Geure ikasketak kanpoan egin genituenok, ongi dakigu zein eredu ezberdin segitzen dituzten Frantziako, Erresuma Batuko edo Alemaniako unibertsitateek, hiru estatu nagusi aipatzearren.Ez da hitz egin nahi uniformizazioaz, hitz honek irudi txarra sortzen duelako, baina oinarri oinarrian eredu gisa funtzionatuko luketen zimendarri uniformeak jartzen ez badira, dibergentziak segituko du konbergentziaren izenpean. Zazpi urte hauetan egintzak behar dira, ez arau soilak. Kalkulatu al da konbergentzia horrek zenbateko kostua izango duen gurean? Prest al gaude kostu hori, gizartearen oniritziarekin, ordaintzeko? Ikerketari 2010erako eman behar zaion tamaina, urtez urte Barne Produktu Gordinaren (BPG) ehunekoa ikerketarako dezente altxatuz, ziurtatzeko konforme ote gaude? Unibertsitatean eta ikerketan diru publikoa nahiz pribatua behar haina inbertitzeko ados jarriko ote gara? Honetan oso garbi hitz egin behar da: baliabideak beti daude mugatuta eta gauza baterako erabiltzen duguna ezin besterako erabili. Ezin. Bolognako deklarazioaren helburuak betetzeko hainbat arazo sortzen ari da Europako unibertsitateetan. Nago gurean oraindik ez garela jabetu deklarazio horrek eskatzen dituen neurrien izaera eta kostuaz. Europako Batasunean gutxi gorabehera 3.300 goi hezkuntza zentro daude. Mendebaldeko Europa osoan, Europako Batasunean sartzear dauden estatuak ere kontuan hartuz, 4.000tiko gora dira. Begi bistan dago hainbeste zentroen artean denetik dagoela, oso onak, onak, ez horren onak, txarrak eta oso txarrak. Nola egingo da konbergentzia, zirkunstantzia hauetan, lehenagotik ez badira gauzak argitzen? Berlinen biltzekotan dira Europako Batasuneko estatuetako Hezkuntza eta Ikerketa ministroak aurtengo irailean. Prest ote daude goi hezkuntzarako BPGaren ehunekoa behar haina igotzeko? Prest ote daude fiskalitatea egokituz unibertsitate eta ikerketarako diru ekarpen pribatua bultzatzeko? Erraza da beti erreferentzia gisa Amerikako Estatu Batuetan gertatzen dena aipatzea, baina ez da kontuan hartzen hango unibertsitate eredua eta, oro har, Europan dagoena (daudenak) ez direla berdinak. Ez dago batere dudarik. Ezagutzan oinarritutako gizarte demokratiko batean, ezagutzarenprodukzioa, transmisioa, zabalkundea eta, baita ere, teknologi transferentzia ez da kostu gutxikoa. Hitz egitea errazagoa bihurtu da azken aldi honetan benetan egitea baino. Egin egin behar da. Egiturak egin, mantendu eta garatu. Zazpi urte geratzen bazaizkigu, zergatik ez behingoz indartu ikasleen mugikortasuna, irakasleen arteko trukea Europako unibertsitateen artean, ikerlarien mugikortasuna, titulazioen parekotasuna (ikasketa programa sendoak ziurtatuz), traba administratibo guztiak ezabatuz? Esan dezadan argi baino argiago: irakasleek, gutxienez, ingelesez hitz egiten ongi jakin behar dute eta Europako beste hizkuntza nagusi bat ere bai, esaterako, alemana. Zer esanik ez, ikasleek beste hainbeste. Konturatzen al gara zein den gaurko gure egoera? Noizko ingeles hutsezko ikasgaiak gure zentroetako gradu aurreko titulazioetan? Noizko doktorego programak ingeles hutsez? Kalitatean gora egin behar dela ez du inork ukatuko. Agerian dago, ordea, gorentasun maila, definizioz, ezin duela unibertsitate orok erdietsi. Beraz, kalitatean jada aurrean egon eta aurrera egiten duenak bakarrik lortuko du maila hori. Kalitate kontuan, beste gainontzeko kontuetan bezala, mailak daude, hau da, ordena eta hierarkia. Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Gauza ona litzateke gai honetaz gogoeta sakona egitea Euskal Herrian, bertako gaur egungo unibertsitateen eta sor daitezkeen berrien leku propioa zein izan daitekeen pentsatzeko. Bukatzeko, berriro esango dut: Europako goi hezkuntzako espazioan eta Europako Ikerketa Espazioan Euskal Unibertsitate Sistema eta Euskal Ikerketa Espazioa sendo txertatzeko baliabide ekonomiko ugariak eta kondizio politiko aproposak behar ditugu. Beharrezkoak dira. Baina, ez engainatu, ez dira aski. Jesus M. Larrazabal Antia, logikaria Argazkiak: Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Fakultateko webgunetik (http:// Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05 30 / 06 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria