212 Zenbakia 2003-06-05 / 2003-06-30

Gaiak

Euskal Unibertsitate sistema ingurune globalizatuan

BARANDIARAN IRASTORZA, Xabier

Euskal Unibertsitate sistema ingurune globalizatuan Euskal Unibertsitate sistema ingurune globalizatuan * Xabier Barandiaran Irastorza Unibertsitate legea eztabaidagai bilakatu da azken hilabeteotan Euskal Autonomia Erkidegoan. Hausnarketa hau ez da gaurkoa. Zer nolako unibertsitatea behar du gure herriak eta nolako herri baldintzak arautu behar dira horretarako?. Unibertsitateak eginbide eta ardura garrantzitsua du: ezagutza aurreratua sortu eta sormen hori gizarteratu alor ezberdinetan. Unibertsitateak gizarteak planteatzen dituen beharrei erantzun behar die eta ez alderantziz, gehiegitan, batzuei iruditu ohi zaien moduan. Deustuko Unibertsitatea. Bilbo. Mendebaldeko gizarte aurreratuetan abiadura handiko gizarte aldaketak burutzen ari dira. Ekonomiaren alorrean etengabeko globalizazioan sakontzen dihardugu. Komunikazioaren eta informazioaren teknologiak bitarteko ekonomia sistema geroz eta desnazionalizatuagoa eta desmaterializatuagoa da eta, geroz eta gehiago, balio erantsia ezagutzan datza; ezagutza ekoiztu eta kudeatzeko gaitasuna erakusten duten guneak, herrialdeak eta barrutiak dira nazioarteko eszenatokian lehiatzeko aukerak dituztenak. Errealitate honek enpresa eta langileentzat aldaketa garrantzitsuak suposatzen ditu. Jokuzelai berria nazioartera hedatzen da eta aktore ekonomikoak malgutasun handiko egitura eta kultura aldaketa batetara beharturik daude lehiakortasuna mantendu nahi badute. Lanaren izaera aldatzen doa eta lan harremanen baldintzak malgutasunerantz doaz espazioaren eta denboraren gizarte ezaugarrien aldaketek horrela eskatzen dutelako. Ingurune ekonomikoa egonkortasun txikia duen eszenatokian bihurtu da. Errealitate ekonomikoan ez ezik gizarte kulturan ere eragin zuzena eta sakona du globalizazioak. Norbanakozko nahiz elkartezko izateko, sentitzeko eta jokatzeko moduetan geroz eta sekularizatuagoa eta pluralagoa da gure ingurunea. Herrialde askoren erronka oinarrizko gizarte adostasuna ezinbesteko pluraltasunarekin uztartzean datza. Globalizazioarenerrealitateak espazioaren eta denboraren kontzeptu berrian sartzen du kultura errealitatearen gizarte eraikuntza. Bi prozesu kontrajarriren aurrean gaude: alde batetik pluraltasuna eta bestetik ekonomia sisteman gaitasun handiena erakusten duten aktoreek ezartzen duten homogeneitatea. Eszenatoki honetan izanbide esklusibo eta baztertzaileentzako eta eramanezintasunerako lekurik ez da geratzen: norberarena mantendu ahal izateko bestearenarekin integratu behar da. Globalizazio ekonomikoak nazio estatuaren kontzeptua, maila handi batean, krisian sartu du. Errealitate ekonomikoaren aldaketak egituraketa politikoaren birmoldaketa premia garrantzizkoan eta arazoan bihurtu du. Ongizate estatuak bere baitan dituen eskumenetako batzuk beste egitura batera pasa daitezke eta beste batzuk merkatuan diharduten izaera politikorik ez duten beste aktore pribatuen esku geratzen ari dira. Etengabeko aldaketarekin eta egonkortasun eskasarekin batera, egoera honek, krisia, etengabeko gizarte egoera egiten du: krisia erakundetu du. Ahazterik ez dago garapen eredu hau herrialde aberats eta pobreen arteko ezberdintasunak handiagotzen ari dela. Deustuko Unibertsitatea. Donostia. Euskal Herria ingurune honetan kokaturik dago eta euskal unibertsitate ezberdinak egoera honetara egokitu behar dira. Gaur ezagutzen dugun unibertsitateak (publikoa ala pribatua izan) beste gizarte errealitate batetako argazkia erakusten du. Gure unibertsitate sistema Espainiako estatuan kokaturik dago; Espainiako egitura politikoaren menpeko da eta, hein handi batean, loturik dago bere araubidera. Espainiako unibertsitate sistema jakobinoa burokraziaren menpekoa da eta malgutasun eskasekoa. Antolakuntza ikuspegitik bestalde, unibertsitate pribatuaren eta publikoaren arteko bereizketa egitea ezinbestekoa da. Unibertsitate pribatua nagusiki ikasleetatik bizi da eta apenas ikerketarako baliabiderik duen; ikasleen beherakadak diru iturri berriak ezinbesteko egiten ditu eta horrek unibertsitate pribatua esparru berrietarazabaldu arazi beharko luke: ikerketara, formazio jarraitura e.a. Unibertsitate pribatua orokorrean nazioarteratugabea dago, formazio prozesu mugatuen esparruan mugitzen da, enpresa kudeaketa tradiziorik ez du eta egituraketa erraldoi eta mugiezinen menpeko da. Unibertsitate pribatuaren balio erantsia eskolak ematean eta, orainartean behintzat, bere diziplina eta seriotasunean datza. Baina hori ez da nahikoa etorkizunari aurre egiteko. Aldaketak behar dira egituran, lan edukietan eta kudeaketan. Unibertsitate publikoak finantziazio arazo gutxiago ditu baina erronka berdinak ditu: nazioarteko sarean oraindik gehiago sartu, formazio eta ikerketa prozesuak zabaldu e.a. Horretarako egitura malgutu behar du eta hori egitura publikoan gauza erabat zaila da; pribatuan baino askozaz ere zailagoa. Unibertsitatearen aldaketa premiaz hitz egiten denean sarritan aldaketa horiek erakunde publikoetatik etorri daitezkeen sistema eta baldintza aldaketekin identifikatzen dira. Garrantzizkoa da bi gauzak ongi bereiztea; arauak eta sistema aldaketa beharrezkoa da baina ardura nagusia aldaketa egin behar duten aktoreetan kokatzen da. Unibertsitatearen giza baliabideak dira aldaketaren ardatz nagusia. Gure unibertsitatearen esparrua dagoeneko ez da Espainia ezta Euskal Herria ere. Gure esparrua Europa eta mundua da. Egoera honek kultura eta hizkuntza aniztasunera behartzen gaitu. Gureari eusteko modu bakarra errealitate zabalagoan integratzea baita. Euskal Herrian dauden unibertsitateek ezagutzaren sormenean eta formazioaren hedapenean errealitate hau bereganatu behar dute. Euskarak aurrera egingo badu gaztelerarekin, ingelesarekin eta beste zenbait hizkuntzekin uztartu behar da. Euskarari egin diezaiokegun mesederik onena ingelesezko elkarte zientifikoan euskaraz dakien jendea edukitzea da. Unibertsitatearen eginbidea ezagutza aurreratua sortu eta formazio prozesuak eskaintzea da. Euskal Herriak ordea ezagutza prozesu mugatuak sortzeko gaitasuna du; ezin dugu ezagutza sortu gai guztietan;estrategikoak direnak aukeratu behar dira. Hari berean, dagoeneko formazio prozesua ezin liteke ez gune geografiko jakin batetara mugatu ezta adintalde jakin batetara ere. Merkatu berriak esploratu behar dira; balio erantsia eskaini genezakeen gaietan adin mugak eta muga geografikoak gainditu egin behar dira. Bestalde, ikasleen formazio prozesuak ezin litezke soilik ezagutzaren eta informazioaren transmisioan oinarritu. Ikasleak trebakuntza eta gaitasun horien jokabidetza bideratuko dituen giza baloreak bereganatu behar ditu. Ezagutza hain abiadura handiz aldatzen den gizartean ikasleak ezagutza eta prozesu berrietara egokitzeko gaitasuna behar du bizitza guztiko ikasketa prozesuan. Erronka pedagogiko berri baten aurrean gaude: ikaslearen ikasketa prozesu esanguratsua eta autonomoa nola landu. Erronka guzti hauek unibertsitatea enpresa ikuspegitik ere aldatzea eskatzen dute. Unibertsitateak bere eginbidea kalitatez burutuko duen enpresa lehiakorra behar du izan. Egitura eginbide horretara egokitu behar da. Ikerketaren eta formazioaren alorrean unibertsitatea ezin liteke irla batean bilakatu baizik eta sare zabalagoetan txertatu eta nahastu behar da orainarteko mugak gaindituz; sarean lan egin behar da Europako nahiz mundu mailako beste unibertsitate eta enpresa batzuekin. Saretze dinamika hau gertuko ingurunean burutzea ere garrantzitsua da; era honetan, Euskal Herrian dauden unibertsitateak batzuetan balio erantsiaren sortzaile izan daitezke eta beste batzuetan beste nonbaiten sorturiko balio erantsiaren komunikazio bide. Antolakuntza alorrean unibertsitate publiko eta pribatuek autonomia eta malgutasuna irabazi behar dute ( irakasle kontratazioan eta kudeaketako nahiz formazioko gai ugariren erabakimenean) ohiko mugikortasun faltak eta burokraziak sortzen duten herdoildura gaindituz. Baina unibertsitatearen egitura bitarteko bat da eta ez helburua. Helburua ezagutza sortu eta pertsonen prestakuntza da. Helburuak ez dira ezta ere tituluak. Tituluak ere adierazgarribat dira. Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateak aurreko lerroetan aipaturiko errealitate horretara bideratzea ezinbestekoa da. Bideratze horretan herri erakundeek sortzen dituzten baldintzak bezain garrantzizkoa da unibertsitate hauek hartzen dituzten erabakiak. Euskal Herriaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren herri garapenerako unibertsitateak balio handia duen neurrian Eusko Jaurlaritzak aipaturiko unibertsitate hori ziurtatzeko eskumenak erabili egin behar ditu. Autonomiak ez du Estatu batek duen baldintzatzeko gaitasuna; halere, ahal den neurrian euskal unibertsitateei bultzada bat ematea premiazkoa da. Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitateak beraien artean koordinatuago eta lan amankomunago bat burutu behar dute eta erakundeek unibertsitate hauek beharrezkoa duten erronkei erantzuteko baldintzak sortzen joan behar dute: unibertsitateak finantziazio iturri berriak eskuratzeko lege baldintzak sortu, unibertsitateen kudeaketan malgutasuna eta gaitasuna suposatuko duen legezko neurriak hartu, euskal herriarentzat balio estrategikoa duten gaietan erakunde eta unibertsitate ezberdinen arteko lankidetzak ahalbideratu, nazioarteko txertaketa eta saretzea babestu, Euskal Herriaren herri garapenerako giza baliabideen plan estrategikoa burutzeko baldintzetan lagundu e.a. Errealitate honetara gerturatuko gaituen unibertsitate lege bat behar du Euskal Autonomia Erkidegoak. Euskal Unibertsitate legeak unibertsitateko kudeaketa prozesuak malgutu, nazioartean kokatu eta ezagutza eta formazio prozesuetan kalitatea ziurtatzeko baldintzak sortzeko balio behar du. Euskal Unibertsitate sistemak eta legeak unibertsitate bakoitzaren autonomia errespetatu behar du baina laguntza eta babes guzti honek diru publikoa beharrezkoa egiten duen neurrian diru publiko horren erabilpen egokia ziurtatzea erakunde publikoen obligazioa da. Xabier Barandiaran Irastorza, Iritzi Publikoko irakaslea Deustuko Unibertsitatean Argazkiak: Deustuko Unibertsitateko webgunetik (http:// Euskonews& Media 212. zbk (2003 / 05 30 / 06 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria