212 Zenbakia 2003-06-05 / 2003-06-30

Gaiak

Euskal Herriko unibertsitateen eleaniztasuna: euskara erdigunean ala periferian?

AREXOLALEIBA, Julen

Euskal Herriko unibertsitateen eleaniztasuna: euskara erdigunean ala periferian? Euskal Herriko unibertsitateen eleaniztasuna: euskara erdigunean ala periferian? * Julen Arexolaleiba Biteri "Eleaniztasuna unibertsitatean" gaia jarrita, gertuenetik ezagutzen dudan errealitatean erreparatuko dut. Mondragon Unibertsitateko kidea naizen aldetik eta bere momentuan hizkuntza plangintzaren gestioan erantzukizuna izan dudan aldetik , eleaniztasunaren gai hau lantzeko prestatu ditudan lan batzuen berri emango dut ondoko lerroetan. Mondragon Unibertsitatea. Arrasate. Batetik, nire ustez gaia behar bezala kokatzeko lagungarri izan ahal diren ideia batzuk joango dira. Eta, bigarrenik, ideia horiek praktikan jartzeko gogoan izan behar ditugun jarduera eremuak aipatuko ditut. Aipatu diot, horietako bakoitzaren baitan zer dagoen eta zer egiten ari garen azaltzeko lekua ez baita oraingo hau. Geure errealitateari begira eginiko gogoetak izanik ere, uste dut horietako asko ez direla MUri bakarrik dagozkionak; irakurleak jakingo du, beraz, ea zenbateraino zaizkion berari baliagarri. MUren zein Euskal Herriko unibertsitateen egungo eleaniztasun mailaren berri izateko, azken aldiko argitalpenen artean, honako bi hauek aipatuko nituzke: Jakin aldizkariaren 100.zenbakia eta EIREk kaleratu berri duen "Euskal Unibertsitatea 2021: egiten ari garen euskarazko unibertsitatea" izeneko liburua. Hasteko, orduan, unibertsitateetako hizkuntza politikaren aniztasunak gaur eta hemen adierazi nahi duenaz gogoeta batzuk, manifestu gisa erredaktatuta: Egungo hizkuntza politika hobetu egin dezakegu Elebitasuna, eleaniztasuna,…egunetik egunera gehiago erabiltzen ditugun kontzeptuak dira. Elebakartasunaren alde nekez argudiatzen du jadanik inork, elebitasunari ere gutxitxo iristen diogu, eleaniztun izan nahi dugu guzti guztiok. Hitzak hitz, garrantzitsua da bat etortzea eleaniztasunaren kontzeptu horren azpian dagoen mamiarekin. Zein nolako eleaniztasuna nahi dugu, bada, gure unibertsitate honentzat?Bistan da ez dugula euskara, gaztelania eta ingelesa erabiliko gure eguneroko zeregin guztietarako. Zertarako erabiliko dugu horietako bakoitza, beraz? Irakaskuntza bideratzeko hizkuntzak hirurak izango dira. MUren estrategiaren baitan, titulazio bakoitzaren hezkuntza proiektuak argudiatu eta zehaztu behar du, besteak beste, zein leku egingo zaion hizkuntza bakoitzari curriculumaren baitan. MUren helburu estrategiko bat da bertan ikasitako tituludunak gaitzea hiru lan hizkuntzotan moldatu ahal izateko, egungo eta etorkizun hurbileko hartu emanetarako prestatuta atera daitezen behar adinako hizkuntza trebeziaz. Helburu handi horretara hurbiltzen joateko, dudarik ez, MUk berak egokitzen joan behar du bere burua, apurka apurka eta etengabe. Hori da txanponaren alde bat. Txanponaren beste aldeak, berriz, eskatzen digu argitzeko ea zein izango den gure arteko harreman hizkuntza; ea euskararen, gaztelaniaren eta ingelesaren artean aukerarik egiten ote dugun. Gai honetan ere norabide bat markatu nahi dugu: MUren harreman hizkuntza, gero eta pertsona gehiagoren artekoa eta gero eta zeregin gehiagotarako, euskara izan dadin nahi dugu. Zailtasunak zailtasun eta tokian tokiko hizkuntza ohiturak oso kontuan hartuta, norabidea da egunetik egunera eta urtetik urtera euskara gehiago irradiatuko duen unibertsitatea eraikitzen joatea. Txanponaren alde biei begiratuta era honetako irudia ateratzen da: euskara erabiltzeko hizkuntza izango da guretzat eta gaztelania eta ingelesa, berriz, ibiltzeko hizkuntzak. Euskaldun gisa egituratzen jarraitu nahi dugu, beraz, horixe delako zabalik egoteko, zabaldu ahal izateko, gure herriak duen modurik duinena. Gaztelania ere gu guztiona da, ezinbestekoa zaigu, eta arrazoi pragmatikoek eraginda ingelesa eta beste batzuk ere bai. Afektibitatea eta efektibotasuna, biak tartekatzen dira hizkuntz eleaniztasunaren katramila honetan, biei erreparatu behar zaie. Arrazoi asko daude MUn eredu eleanitza indartzeko Eleaniztasunaren aldekotasun hauek arrazoitzekoera askotako argudioak erabil ditzakegu. Esate baterako: 1) Hizkuntzak ez dira gutariko bakoitzarengandik kanpoko zerbait, geuk zabaltzen edota ixten baitizkiegu ateak. Jakinaren gainean ala oharkabean, denok gara hizkuntza egoeraren orekatzaile edota desorekatzaile. Garbi ikusten dugu, horrexegatik heldu da guganaino eta, euskarak Euskal Herria duela berezko lurralde eta geure inguru geografiko hau dela lurralde horretako zati garrantzitsu bat: norbanakoz osatutako gizatalde bat norabide batean konszienteki eragin nahi duena. 2) Eraiki nahi dugun gizarte ereduaren erreprodukzitzaile izaten saiatzen gara eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Belaunaldi berriak gero eta euskaldun jantziago datozkigu, gure ingurune hurbilean urrats handiak eman dira …, eta paradoxikoa baden arren, denon artean erein dugun hazi horrek une honetan ez digu eskatzen gure jarrera euskararen aldekoa izatea, eskatzen digu gure joera izatea euskaltzalea, eta horretarako jarrera ona baino gehiago behar da. 3) Azkenik, gogoan izan dezagun ikasleen aldetiko eskaera izugarri aldatu dela azken urteotan. Hau da: gure bezeroek,eskaini ahal dieguna baino elebidunago, eleanitzago izan gaitezen eskatzen digute. Euskararen egoerari buruzko diagnosia MUn (1998) izeneko lanean oso nabarmen ageri da esandako hori. Ikasleen nahiak eta behar profesionalak bete egin behar ditugu Eta arrazoiak eman ondoren, eleaniztasunaren aldeko aukerak zein nolako ondorioak ekarriko dizkigun aurreikusteko unea ere iritsi da. 1. Lehenik eta behin, orekatu egin behar dugu hizkuntza errealitatea ikusteko modua. Euskararen errealitatea oso ezberdina da adin talde ezberdinen artean. Oso hamarkada gutxitan dezente aldatu dira kontuak. XX.mendearen erdialdera jaio eta euskaraz badakitenen ezaugarriak (lan hizkuntza gaztelania, gehientsuenak) eta 25 urtetik beherako gazteenak (euskal eleaniztun prestuak, horietako asko) ez dira konparagarriak. Eta horretantxe datza erronka bat, gure apustuaren ondorio bat: gazteagoen gaitasunak etahelduagoen erabakitzeko ahalmenak bide beretik joan behar dute. Ingelesari dagokionean ere beste hainbeste esan daiteke: jantziago daude gazteak helduak baino. 2. Euskal elebakarrik geratzen ez zaigun honetan, euskara erabiltzeko derrigortasunik ez dago inon eta ezertarako. Den dena erdaraz eginda ere ez dago komunikazio arazorik! Baina, ondo dakigunez, elkar ulertzeko erdara bakarrik erabilita, ez gara asetzen ari gure bezeroen eta gure langile askoren behar linguistikoak. Zertan datza, baina, norabide aldaketaren gakoa?: euskaldunok ezin dugu jarraitu izaten erdaraz badakitenen azpimultzo bat, multzo autonomo gisa jokatu ahal dugu, jokatu nahi dugu eta jokatu behar dugu. Ez da derrigortasuna, gonbitea da hala jokatu nahi duenarentzat. 3. Eta gure estruktura egokitzen joateko premia berrietara, bi norabidetatik eragin behar da: MU kudeatzeko ardura dutenei, nor bere egoeratik abiatuta, eredu emaile izatea dagokie hizkuntzen alorrean ere. Norbanako antolatuen jarrerek eta ekintzek gizataldeak mugiarazten dituzten eran; era berean, gizatalde horien egunerokotasunak mugiarazi egin behar ditu, norabide berean, bere baitako norbanakoak. Gure inguruko esaera batek dioena ekarriko dugu gogora, harira datorrelakoan: "arbola fruituetatik eza(g)uketan da". 4. Gure fakultateetara, bestela ere, ikasleak erakartzea lan erraza ez dela izango jakinik, horren handizaleak izatea gure amets eleaniztunak ez ote du zailduko lan hori? pentsatzen dugu behin baino gehiagotan. Hor da arriskua! Arriskuak arrisku, hala ere, garbi ikusten dugu zeintzuk diren gizartearen beharrak eta horiei erantzutera jo behar dugu; eta, orobat, inguruko unibertsitateekiko lehian, eredu eleanitza gure aldeko faktore kualitatiboa izango delako uste osoa dugu. Erronka estrategikoa da guretzat, bereiziko gaituen ezaugarrietako bat. Esaera zaharrek zer gogorarazten diguten ikusi dugu. Eta guk esaera zaharrak ez ezik, esaera berriak ere behar ditugunez, gure arteko hitzen hezitzaile ezagun batek hara nolajarri dituen aurrez aurre aurretiaz esandako asko: "Lehenik eta behin izan nahi dut elean ( bertako hizkuntzan) hiztuna, eta gero, seguru, eleaniztuna". Orain arte aipatutako ideiak praktikan gauzatzen joateko ondorio gisa, jarraian azaltzen diren eremuetara iristea litzateke helburua. Gorago esan bezala, arretaguneak aipatzeko helburua dut; ez, inondik inora, arlo bakoitzaren baitan egin ahal dena eta egiten ari garena. 1. Irakaskuntza sistema eleanitzaren plangintza osatu 1.1.) Talde integratuak sortu 1.2.) Euskarazko eskaintza handitu eta kalitatea bermatu, graduondo, master eta erreziklaia ikastaroetan 1.3.) Euskal Herri osoan euskarazko eskaintza unibertsitarioa handitzeko proiektuak bultzatu 2. Ikerketa enpresa eta beste jardueratan euskararen erabilera indartu 2.1.) Unibertsitatean garatzen den ikerketa alorrean euskararen presentzia areagotu 2.2.) Euskararen benetako presentzia bermatu hitzaldi, jardunaldi, biltzar eta abarretan 3. Pertsonalaren hizkuntz gaitasuna egokitu premia berrietara 3.1.) Irakasleriaren eleaniztasuna bermatzeko baliabideak eskaini 3.2.) Gainerako langileen hizkuntz gaitasuna bermatu 3.3.) Kontratazio politikan hizkuntz gaitasuna bermatu 4. Ikasleen hizkuntz gaitasun eleanitza bermatu 4.1.) Ikasleak onartzeko behar duten hizkuntza gaitasuna zehaztu 4.2.) Ikasleen eleaniztasuna lortzen joateko baliabideak eskaini 5. Barne harremanak euskaldundu 5.1.) Ikasleekiko eta langileekiko harremanetan euskara erabili 5.2.) Euskara lan hizkuntza eta harreman hizkuntzatzat hartu 6. Kanpo harremanak euskaldundu 6.1.) Irudi korporatiboan, komunikabideetan eta publizitatean euskara erabili 6.2.) Lan munduarekiko harremanetan euskarari sarbidea egin 6.3) Administrazioarekiko harremanetan euskarari sarbidea egin 7. Hizkuntz normalizazioa bideratzeko organoak eta berauen funtzioak finkatu 7.1.) Corpus ean eragiteko 7.2.). Estatus ean eragiteko 7.3.) Unibertsitate alorrean euskara garatzea helburu duten ekimenetan parte hartu Eleaniztasunaz aritzeko"euskara" askotxo aipatzen dela uste duenik izango da seguruenik; jakin beza ez dela kasualitatea, ideia batzuen kausalitatea baizik. Izan ere, unibertsitate eleanitzagorik bada, asmoz eta jakitez euskarari XXI. mendean bideak zabaltzen prestatzen dena baino? Ala norbaitek uste zuen eleanitzagoa izatea ingelesa hobeto irakastea dela bakarrik? Julen Arexolaleiba Biteri, MUko Eskoriatzako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (HUHEZI) fakultateko irakaslea Argazkiak: Mondragon Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitateko webguneetatik Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05 30 / 06 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria