212 Zenbakia 2003-06-05 / 2003-06-30

Gaiak

EAEko hiru errektoreak unibertsitate lege berri baten alde

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

EAEko hiru errektoreak unibertsitate lege berri baten alde EAEko hiru errektoreak unibertsitate lege berri baten alde * Ismael Diaz de Mendibil Hemendik gutxira, Eusko Legebiltzarrak euskal unibertsitate legearen gaineko bozketa egingo du, eta, une horretantxe erabakiko dute Gasteizko 75 legebiltzarkideek legea onartzea edo bertan behera uztea. Euskal Herriko unibertsitateetako agintari gorenek guztiz beharrezkotzat jotzen dute legea. Honen inguruan, zera adierazi du Mondragon Unibertsitateko Inaxio Oliverik: "Legeak marko legal bat eta tresna batzuk eskaini behar dizkio unibertsitateari, gizarteak eskatzen duen trebakuntza eskaini ahal izan dezan". INAXIO OLIVERI. Argazkia: MUk utzitakoa. AZK taldeak eginak. Lege berri bat sortzeko beharraz jabetu ondoren, gaur egungo unibertsitate sistemak zein hutsune dauzkan aztertu nahi izan dugu. Izan ere, zerbait behar baldin badugu, zerbaiten falta dugulako izango baita. Honela mintzatu da Manu Montero, Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea: "Azken urteotan ikaragarrizko aurrerapausoak eman ditugun arren, enpresekin daukagun harremana hobetu beharra daukagu". Alor honetan zein beste batzuetan hobera egiteko, zera dio Monterok: "Bereziki, noizean behin aurrekontuari dagokionez jasan behar izaten ditugun beldurraldiak ekiditeko erregimen bat beharko genuke". Finantzaketaren esparruaz mintzo da Inaxio Oliveri ere: "Unibertsitate publikoak behar bezala finantzatuta egon behar du, baina publikoak ez garen unibertsitateok finantzatzeko formula bereziak behar ditugu. Eta kontrolatu egin behar dira batzuen zein besteen baliabideak". Unibertsitateak gaur egun dauzkan gabeziekin jarraituz, José María Ábrego, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru unibertsitateetako errektoreek daukaten helburu komun bat adierazi du: "Europako eta munduko beste edozein lekutako ikasleentzat unibertsitate erakargarriak izatea lortu behar dugu". MANUEL MONTERO Argazkia: Txetxu Berruezo. UPV/EHU k utzitakoa Euskalunibertsitate sistema, unibertsitate publiko batek (EHUk) eta bi pribatuk osatzen dute (Mondragon Unibertsitateak eta Deustukoak). Lege berria horien guztien arteko lana koordinatzera zuzenduta dago, baina arduradunei eredu publiko eta pribatua elkarbizitzeari buruz zein iritzi daukaten galdetu nahi izan diegu, eta botere publikoek unibertsitate pribatuen aurrean publikoa lehenetsi beharko ote luketen. Monteroren ustez, argi eta garbi unibertsitate publikoak lehentasuna izan behar du tratuan: "Sektore pribatuak ezin ditu unibertsitate publikoak eskaintzen dituen irakaskuntza eta ikerketa bere gain hartu. Euskal administrazioentzat erabat funtsezkoa izan beharko luke kalitatezko unibertsitate publiko bat bultzatzea". Nolanahi ere, EHUko errektoreak titulartasun ezberdinak eskaintzen dituzten hiru unibertsitate izatearen aberasgarritasuna azpimarratzen du: "Hiru unibertsitate dauzkagu, eta bakoitzak bere ereduari jarraitzen dio. Hori aberasgarria da oso. Ez diote inolaz ere elkarri kalterik egiten. Eskaintza zabal honek onurak besterik ez dakarzkio euskal gizarteari. Beraz, garbi ikusten dut egitasmo komun batean parte hartu beharra daukagula". Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko titular ohiak, Inaxio Oliverik, ideia hori bera azpimarratu du: "Euskal gizartean izaera ezberdineko unibertsitateak izatea, herriaren heldutasunaren, garapenaren eta bizitasunaren seinale da, eta ez, batzuek uste duten bezala, eragozpen bat. Gainera, ez dugu ahaztu behar gobernu guztiek gizarteari oinarrizko zerbitzuak eskaintzeko erantzukizuna dutela". Elebitasunetik eleaniztasunera Euskal unibertsitateak aurrean dauzkan zereginen artean, ezin ahaztu hizkuntzaren arloan egiteke daukan bidea. Datuek aditzera ematen dutenez, dagoeneko ikasleen erdiak euskaraz egiten du selektibitatea. Horrelakorik pentsaezina zen duela 20 urte. Bistan da gizartea erantzun azkar eta eraginkor bat eskatzen ari dela. Honi dagokionez, bai Ábregok eta baita Oliverik ere, gogorarazi nahi digute orain artean urratshandiak eman diren arren, oraindik bide luzea gelditzen dela: "Premiazkoa da irakasle elebidunak lehenbailehen prestatzea, eta ikasleentzako materialak lantzea". Monterok oso garbi ikusten du Unibertsitateak epe ertainera nolako erantzuna emango dion gizartearen eskariari: "Gure helburua, EHUk eskaintzen dituen ikasketa guztiak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera egotea da". Errektorearen aburuz, unibertsitateko kideek dagoeneko "erabateko onespena eman diote" asmo horri. José María Ábrego, Deustuko Unibertsitateko errektoreak, ordea, galdera bat luzatzen du: "Argi dago irakaskuntza elebiduna zabaldu behar dugula, baina arlo guztietan egin behar al dugu hori?". Nolanahi ere, Inaxio Oliverik dio datorren ikasturterako indarrean sar litekeen lege berriak ez duela elebitasunaz bakarrik hitz egiten; hots, "eleaniztasuna ere aipatzen du, kanpoko hirugarren hizkuntza bat menperatu eta erabiltzeko xedearekin". JOSÉ MARÍA ABREGO. Sektore hauen ikuspegia ezagutu ostean, garbi ikus daiteke hirurek, bakoitzak bere ñabardurekin bada ere, unibertsitate lege berria onartzeko beharra ikusten dutela. Eta, ezustekorik sortzen ez bada behintzat, laster izango dute unibertsitate sistema berriaren legea. "Unibertsitate bakoitzaren espezializazioak eta profila ahaztu gabe", eransten du Ábregok. Oliverik Mondragon Unibertsitatearen helburuak gogorarazten dizkigu: "Lan merkatura azkar aterako diren profesional eraginkorrak trebatu behar ditugu, eta, jakina, gizartearen onerako ikerketak egiten jarraitu". Bukatzeko, honela dio Monterok: "Erdi goi mailakoak gara, baina gauza asko hobetu behar ditugu". Hala izan dadila. Unibertsitatea erabat oinarrizkoa da garatu eta hobera egin nahi duen gizarte batean. Eusko Legebiltzarrak du hitza. Manu Montero: "Gure gabeziarik larrienetariko bat, enpresa munduarekin daukagun harremana da" Inaxio Oliveri: "Izaera ezberdineko unibertsitateak izatea ez da, batzuek uste duten bezala, eragozpen bat" José María Ábrego: "Premiazko da irakasle elebidunak prestatzea,eta ikasleentzako materialak lantzea" Ismael Diaz de Mendibil, kazetaria Euskonews & Media 212. zbk (2003 / 05 30 / 06 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria