21 Zenbakia 1999-02-12 / 1999-02-19

Gaiak

Eskualde edo erregioen kontzeptua

ZELAIA GARAGARZA, Maite

Eskualde edo erregioen kontzeptua Eskualde edo erregioen kontzeptua * Maite Zelaia Garagarza Ukaezina da, sortarazten duen interesagatik, eskualde edo erregioen kontzeptua gune edo foro askok eztabaidagai izan dutela. Beraz, doktrinaren ikuspegitik ez ezik, erakundeen ikuspegitik ere aztertua izan den gai baten aurrean gaude. Erakundeen artean, eremu komunitarioan landu diren kontzeptuarekiko hurbilpenak aztertzeaz gain, maila europearrean, Europako Kontseiluak eta honen barnean, Europako Botere Lokal eta Erregionalen Kongresuak eta Europako Erregioen Batzarrak plazaraturiko definizioak izango ditugu aztergai. Horrez gain, ezin ahaztu, estatu kide bakoitzean garaturiko prozesu deszentralizatzaileak ezaugarri propioen jabe direla, eta ondorioz, erregioek jasotako trataera ez dela uniformea izan estatu kideetako testu konstituzionaletan. Arakatze lana erakundeen barrutira mugatuz, Europa osoko estatu eta erregioak barneratzen dituzten erakundeetatik hasiko gara, erakunde komunitarioekin amaitzeko. Eremu europearrean kokatzen dira erregioei dagozkien gaien hausnarketan aritu izan diren erakunderik aktiboenetakoak (gobernuarteko izaeradun Europako Kontseilua eta erregioarteko izaeradun Europako Erregioen Batzarra, hain zuzen ere), zeintzuek Europar Batasunaren barneko erakundeek baino erregioen aldeko sentsibilitate indartsuagoa erakutsi duten. Europako Kontseiluaren barneko Botere Lokalen eta Erregionalen Konferentziaren jarrerari dagokionez, garatu duen erregioen kontzeptuaren oinarria, ondoren beste zenbait erakunderen definizioetan errepikatuko diren hiru elementuk osatuko lukete: (i) espazioa lurraldea; (ii) komunitatea taldea eta (iii) identitate edo kontzientzia erregionala. Elementu hauetatik abiatuz, erregioa, estatu bateko unitate lurraldetar zabalenean finkaturiko giza komunitatetzat hartzen da, zeinaren ezaugarriak (i) arlo historiko, kultural, geografiko edo ekonomikoan homogeneotasuna izatea eta (ii) homogeneotasun horren ondorioz, helburu eta interesamankomunen lorpenean ihardutea liratekeelarik. Adierazirikoari, Konferentziak Autonomia erregionalagatik ulertu izan duena gehituz, hau da, Administrazio estatalaren deszentralizazio hutsa baino zerbait gehiago dela eta, besteak beste, organu legegile eta exekutibo erregionalaren hautaketa zuzena ere barneratzen duela , aipatu hiru elementuei laugarren bat atxikitzen zaie: erregioen erakundeen egitura, alegia. 1994. urtean, Konferentziak eraldaketa bat jasaten du eta Europako Botere Lokal eta Erregionalen Kongresu izena hartu. Baina erregioen kontzeptuari gagozkiolarik, gure interesa ez da erakunde honen bilakaera hutsera zuzentzen, baizik eta Kongresuaren sorrerako ebazpen estatutarioaren azterketara, bertan, zeharkako bidea erabiliz bada ere, kolektibitate erregionalak definitzen baitira, organu hautatuen eta eskuduntza propioen tituludun izanik, zuzenki estatuaren azpiko mailan finkaturiko entitateak direla aintzatetsiz. Bide beretik, Kongresuak 1997. urteko urrian onarturiko Autonomia Erregionalari buruzko Gutuna genuke. Testu honetan, Europako Kontseiluak bere bizi ibilbidean jorratu duen erregioen kontzepzioa laburbiltzen da. Bertan jasotzen denaren arabera, erregioa, (i) estatu bakoitzaren barnean entitate lurraldetar zabalena litzateke; (ii) administratiboki, autoritate zentral eta lokalen artean kokaturik legoke; (iii) erakundeei dagokienez, asanblea ordezkatzailea eta gorpu exekutiboa izango lituzke eta (iv) erakunde hauek, herritargoaren interesean eta beren erantzukizunpean (beti ere subsidiaritatearen printzipioarekin bat) gai publikoak zuzentzeko eskuduntzen tituludun izango lirateke. (v) Azkenik, erregioen eskuduntza hauek konstituzioan, erregioaren estatutuetan, zuzenbide nazionalean edo zuzenbide internazionalean aintzatetsiak beharko lukete izan eta nahitaezkoa litzateke adieraziriko formula juridikoren bat erabiltzea erregioen eskuduntza propioei eragiteko edo hauek mugatzeko. Orain artekoaren konklusio bezala esan genezake, Europako Kontseiluakhartu duen norabidea, entitate erregionalen figura indartzen ahalegintzearena dela, bai estatu mailan eta baita Europako erakundeen mailan ere: (i) Estatu mailan, erregioa, estatuaren osaketaren elementu esentzial edo oinarrizkotzat jotzeaz gain, konstituzio edo estatutuetan aintzatetsia izan behar duela irizten dio, beti ere estatu bakoitzak aukeraturiko deszentralizazio prozesua eta abiadura errespetatuz. (ii) Arlo komunitario eta europearrean, entitate erregionalek, printzipio demokratikoen garapena sustatzeko eta subsidiaritatearen printzipioa eraginkorki aplikatzeko autoritate maila egokiena dutela kontsideratzen du Europako Kontseiluak. Gainera, ildo hortatik abiatu daitezen gomendioak eman izan dizkielarik erakunde ezberdinei. Eremu europarrean, aztergai dugun bigarren erakundea, Europako Erregioen Batzarra litzateke. 1985. urtean, hainbat erregio eta erregioarteko organizazioren baturari esker, sortu zenetik Europako erregioen arteko elkarrizketa, elkarlana eta iharduera amankomuna bideratzeko funtzioa bete du. Era berean, erregioek Europako erakundeetan haserako uneetan horren ahula zen partehartzea indartzearen eta sakontzearen aldeko ahaleginak egin ditu. Gaurkoan guri dagokigun gaiari ere, Estatutuetan bertan zuzenean oratzen dio eta, esango nuke, doktrinaren eta erakundeen artean onarpenik zabalena lortu duen kontzeptua lantzen duela, nahiz eta kritikak ere jasoko dituen. Beronen arabera, erregioaren kontzeptuak, estatu zentralaren azpiko mailan kokatzen diren kolektibitate lurraldetarrak barneratuko lituzke eta hauek hautaturiko asanblea erregional batek egikarituriko ordezkaritza politikoa izango lukete. Europako Erregioen Batzarrak, 1996. urtean onarturiko Europako Erregionalismoari buruzko Aitorpenean kontzeptuari eginiko erreferentzian begirada finkatuz, erregioaren ezaugarriak, (i) nortasun juridiko propioa edukitzea; (ii) ente publiko lurraldetarra izatea; (iii) zuzenki estatuaren beheko mailan kokatuta egotea eta (iv) autogobernu politikoaren jabeizatea lirateke. Estatuaren konstituzioa izan beharko litzateke erregioaren autonomia, identitate politiko propioa, eskuduntzak eta antolaketa, arrezagutuko dituena. Gainera, ez bakarrik arrezagutzea, bermatzea ere bere zeregina litzateke. Halere, estatuko arau juridiko gorenari badagokio ere berme funtzioa betetzea, erregioak berak, konstituzio propio edo autonomi estatutu batez hornitua beharko du egon, zeinak, estatuko ordenamendu juridikoaren parte osatuko duen, lehentasunezko postua betez mailarik gorenean. Eremu europarretik komunitariora joz, bertako erakundeek erregioekiko adierazi duten jarrera, aurretik aztertutakoek agerturikoa baino neutroagoa litzateke. Ezin ahaztu, ordea, erakunde komunitarioen jarrera honek non izan dezakeen bere jatorria: Erromako Tratatuak berak, erregioa, zenbait politika komunitarioren aplikazio marko bezala hartzen du, hau da, metodologia komunitarioak, batipat ekonomiaren sustapenerako dituen tresnetako bat bezala. Denboran jarraituz, Europar Akta Bakarrak, erregioak mailaz igotzeko ahaleginak egiten dituela esan daiteke, ezen politika komunitarioen objektu huts izatetik, erregioak politika horien subjektu bihurtzen baititu, helburu nagusi batekin: batasun ekonomiko eta soziala lortzea. Bilakaera honi jarraituz, Europar Batasunaren Tratatuak, kontzeptuaren konfigurazioan gehiegirik laguntzen ez duen arren, erregioek instituzioetan duten partehartzean berrikuntza bat suposatzen du, Europako Erregioen Komitea sortuz. Azkenik, Amsterdameko Tratatuaz ere beste horrenbeste esan daiteke, ez da erregioen kontzeptuari buruzko inolako aipamenik egiten nahiz eta, esate baterako, atal bat subsidiaritatearen printzipioari zuzendu. Hortaz, ordenamendu juridiko komunitarioak, orain artekoan, erregioen nozio juridikorik ez duela gauzatu esateko egoeran geundeke. Nahiz eta honek ez lukeen justifikatu beharko botere erabakiorra duten erakunde komunitarioek gai honekiko duten jarrera hutsala, testuinguru juridikoak jarrera horrek babesa duelaulertzeko balioko liguke. Erakunde komunitarioen artean, herrien foroa den Europako Parlamentua izan da nagusiki gaia tratatu duena, bakarra dela ez esatearren. Parlamentuaren jarrera zein den agertzen duten testuen artean, nagusia, Erregionalizazioari buruzko Gutuna litzateke, nahiz eta beste zenbait Txosten ere aipatu daitezkeen, esate baterako, Fullet eta Herman Txostenak. Lehendabizikora mugatuz, 1988. urtean onarturiko Erregionalizazioaren Gutunaren arabera, erregioa, (i) geografikoki, entitate neto bat osatzen duen lurraldea edo beraien artean jarraipena duten lurraldeen batura da; (ii) lurralde hortan, herritargoak elementu amankomun batzuk izango lituzke (hizkuntza, kultura, tradizio historiko eta ekonomia edo garraio gaietan interesak). (iii) talde horren helburuak, bereiztasun horiek mantenitzea eta garatzea lirateke, modu horretan aurrerapen kultural, sozial eta ekonomikoa burutzeko. (iv) Erakundeen arloan, ostera ere, asanblea eta gobernu erregionalaren figurak errepikatuko lirateke. Agerikoa denez, definizio honek erregioa bere osotasunean erakusten digu, batetik, izaera objetiboa eta bestetik, subjetiboa dituzten elementuak zehaztuz. Baina, ez zaio estatu bakoitzaren terminologiari eta estatu bakoitzean erregioek duten izaera juridiko politikoari arreta gehiegirik jartzen. Guztiek dute definizio honen barnean lekua baina izaera erregional heterogeneoaren existentzia errespetatuz. Nolanahi ere, estatu kideei beren lurraldean erregioen egoera instituzionalizatu dezaten eskaria luzatzen die, instituzionalizazio hori konstituzio testuan edo ahalik eta maila juridiko gorena duen testu juridikoetan eginez. Bukatzeko, adieraziriko guzti honetatik zenbait konklusio ondorioztatuko genituzke: Lehenik , erregioa zera dela esan genezake: (i) lurralde bat; (ii) giza talde bat barneratzen duena; (iii) maila desberdineko kontzientzia edo identitate erregionalarekin; (iv) administratiboki,zuzenean estatuaren azpian kokatua eta entitate lokalen gainetik; (v) instituzionalki,eskuduntzen jabe diren asanblea legegile eta organu exekutiboarekin eta (vi) estatuaren konstituzioan aintzatetsia. Bigarrenik, ezin genezake ahaztu, estatuen barne antolaketa beraien eskuduntza propioa dela, horrez erakunde komunitario eta europearrek irizpideak eman baino ezin dezaketela egin. Gogoratu oraindik eremu komunitarioan deszentralizazio maila oso ezberdinak daudela: estatu erdi unitarioetatik hasita (Irlanda eta Britainia Handia), deszentralizazio politikoa daukaten estatuetaraino (erregionalismoaren bidea Italia, España edo federalismoaren bidea Alemania eta Belgika erabiliz), tartean deszentralizazio administratibo hutsa dutenetatik igaroz (Frantzia). Horrez, estatu kide bakoitzak erregiotzat ulertzen duena hain desberdina izanik, guzti horiek batuko dituen kontzeptu uniboko edo zentzubakarreko bat lortzea, batetik, oso konplexua eta bestetik, komenigarria den erabakitzeke dagoen auzi bat litzateke. Maite Zelaia Garagarza, Zuzenbide Konstituzionaleko irakaslea. Zuzenbide Fakultatea.UPV/EHU