175 Zenbakia 2002-07-12 / 2002-07-19

Gaiak

Euskararen ezaguera Arrasaten

DÍAZ DE TUESTA, Jose Félix

Euskararen ezaguera Arrasaten Euskararen ezaguera Arrasaten * Jose Felix Diaz de Tuesta Sarrera. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako azken erroldetan euskarari buruzko galderak sartu dira. Horri esker, EAEko biztanleen hizkuntza gaitasunaren eta ama hizkuntzaren berri jakiteko aukera dugu, besteak beste. 1981ean egindako udal erroldan jaso ziren lehen aldiz EAEko biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko galderak. Geroztik bost urtean behin egin dira biztanleen udal erroldak. EUSTATek udal erroldaren bidez bildutako datuei esker, beraz, badakigu zein bilakaera izan duen Arrasateko biztanleen hizkuntza gaitasunak azken 20 urteotan. Izan ere, dagoeneko lau udal erroldako datuak dauzkagu, adinaren eta sexuaren arabera jasotakoak. Biztanleen hizkuntza gaitasunari buruzko datuez gainera, haien ama hizkuntzari buruzko datuak ere badauzkagu. Bestetik, etorkizunean euskararen hizkuntza gaitasunak zein bilakaera izango duen iragartzeko aukera ematen digute udal erroldetako datuek. Hortaz, bada, orain arteko erritmoan jarraituz datozen urteetan zenbateraino euskaldunduko den Arrasate jakin daiteke, beti ere errore tarte batekin. Arrasatearren hizkuntza gaitasunaren bilakaera azken hogei urteotan. Arrasaten 1996an 24.571 lagun bizi ziren, urte horretan egindako udal erroldaren arabera. Horietatik erdiak inguru euskaldunak ziren, hirutik bat erdaldun elebakar eta hamarretik bat elebidun hartzaile. Auzotik auzora, ordea, euskaldunen dentsitatea oso ezberdina da ( ). Erdialdea da Arrasateko auzorik euskaldunena: Arrasateko hiru euskaldunetik bat auzo horretan bizi da. Auzorik erdaldunena, berriz, Santa Marina da. Alde Zaharrean, Zarugalden, Munarren eta Uriben oso handiak dira euskaldunen portzentajeak: %70 ingurukoak, hain zuzen ere. Bestetik, biztanleak galtzen ari den herria da Arrasate. Izan ere, azken urteotan behera egin du Arrasateko biztanleen kopuruak: 1985etik 1996ra 2.100 biztanle galdu zituen Arrasatek. Beheranzko joera hori, gainera, ez da gelditu azkenlau urteotan, 1996tik hona 400 biztanle galdu ditu eta. Arrasateko euskaldunen kopuruak gora egin du eta erdaldun elebakarrenak behera, 1981etik 1996ra bitartean egindako udal erroldetako datuen arabera. Aipatutako hamabost urteotan, Arrasatek 3.111 euskaldun irabazi zituen. Bestalde, 1981ean Arrasateko biztanleen %39 euskaldunak ziren bitartean 1996an %54 ziren euskaldunak. Hortaz, bada, hamabost urteotan 15 puntu hazi zen euskaldunen portzentajea Arrasaten ( ). Hezkuntza sistemaren euskalduntzeak eragin handia izan du euskaldunen kopuruaren hazkundean. Izan ere, gaztelania edo beste erdararen bat ama hizkuntza duten haurren %80 eta gazteen %55 euskaldunak dira. Helduen eta zaharren kasua ezberdina da: euskara ama hizkuntza ez duten helduen %8 eta zaharren %4 dira euskaldunak ( ). Bestetik, 1981etik 1996ra bitartean haur eta gazte euskaldunen portzentajea bikoiztu egin zen. Hogeita bost urtetik gorako biztanleetan ere euskaldunen portzentajea hazi egin zen, baina hazkundea askoz txikiagoa izan zen, %41etik %43ra baino ez zen pasatu eta ( ). Hezkuntza sistemari esker eta, hein txikiagoan, helduen euskalduntzeari esker , gero eta handiagoa da euskaldun berrien kopurua eta portzentajea euskaldunen artean ( ). 1996an Arrasaten bizi ziren 13.067 euskaldunetatik 3.011 euskaldun berriak ziren, hau da, euskaldunen %23. Bestetik, hamar haur eta gazte euskaldunetik lauk dute gaztelania ama hizkuntza. Helduetan, berriz, euskaldun berrien proportzioa asko jaisten da, heldu euskaldunen %11 baino ez baita euskaldun berri. Are txikiagoa da euskaldun berrien garrantzia 65 urtetik gorako euskaldunetan. Euskaldun berrien ugaltzeari esker, Arrasateko hizkuntza egoera irauli egin da, duela urte batzuk inork ezin espero zuen zabalkundea lortzera iristeraino. Hizkuntza egoeraren aldaketa onerako izan da, jakina: Arrasateko hizkuntza egoera hobea da orain duela urte batzuk baino. Alabaina, euskaldun berrien ugaltzeari esker euskaldunen kopurua hazi izanak beste aldaketa bat eragindu: gero eta gehiago dira gaztelania ama hizkuntza duten euskaldunak eta, beraz, gero eta gutxiago dira euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten euskaldunak. Ildo horretatik jarraituz, Hizkuntza Politikarako Sailordetzak egindako Euskal Herriko Soziolinguistikazko Inkestaren arabera, EAEko euskaldunen heren batek baino ez du euskaraz hitz egiten gaztelaniaz baino errazago. Hau da, euskaldunen kopuruak nabarmen gora egin duen arren euskaraz gaztelaniaz baino errazago hitz egiten duten elebidunen kopurua ez da hainbeste hazi. Gauzak horrela, euskal hiztunen artean gertatzen ari den aldaketa kualitatibo honek eragin zuzen zuzena du euskararen erabileran. Izan ere, inkesta soziolinguistikoek eskainitako datuetan oinarriturik egindako azterketen ondorioek argi eta garbi erakutsi dute bi faktore direla, batik bat, euskararen erabileran eragiten dutenak: harreman sareko euskaldunen dentsitatea eta norbanakoen hizkuntza gaitasun erlatiboa (euskaraz gaztelaniaz baino erraztasun handiagoz hitz egiten duen). Arrasatearren hizkuntza gaitasunaren bilakaera datozen urteotan. Alde batetik, 1981, 1986, 1991 eta 1996ko erroldetako datuetan oinarritu gara datozen urteotako estimazioak egiteko. Bestetik, hauxe da prestatu dugun ereduaren abiapuntua: datozen urteotako jaiotze tasa azken urteotako batez bestekoa izango da eta beste faktore batzuek ere orain arte moduan eragingo dute. Alabaina, hemen ez ditugu azalduko gure eredu demolinguistikoa egiteko erabili ditugun formulak eta prozedurak. Hauexek dira, bada, prestatu dugun eredu demolinguistikoko datuen emaitzak ( ): Datozen hogei urteotan Arrasateko biztanleen kopuruak behera egingo du. 1985etik hona biztanleak galtzen joan da Arrasate eta aurrerantzean ere apurka apurka biztanleak galtzen joango da. 1985etik hona 3.000 biztanle galdu ditu Arrasatek eta hemendik 2021era bitartean beste horrenbeste galduko ditu, joera aldatzen ez bada, behintzat. Alabaina, euskaldunen kopuruak gora egingo du datozen hogei urteotan. 1981etikhona euskaldunen kopuruak etengabe gora egin du eta hala jarraituko du aurrerantzean ere. 2021ean Arrasateko biztanleen %70 euskaldunak izango dira. Haurren eta gazteen kopuruak behera egingo du eta, horren ondorioz, haur eta gazte euskaldunen kopuruak ere behera egingo du. Jaiotze tasa hazten ez bada, gero eta txikiagoa izango da haurren eta gazteen kopurua datozen urteotan. Horren ondorioz, haur eta gazte euskaldunen kopuruak behera egingo du. Aldi berean, haur eta gazte euskaldunen pisuak euskaldunetan behera egingo du. Haur euskaldunen portzentajea ez da aldatuko. Horixe da gure eredu demolinguistiko honetan erabili ditugun hipotesietako bat. Izan ere, euskararen transmisio bideak aldatzen ez badira, haurren erdiak gutxi gorabehera ez du familian ikasiko euskara. Horrek ekarriko du 2 4 urteko haurretan euskaldunen portzentajea txiki samarra izatea eta 5 9 eta 10 14 urteko haurretan euskaldunen portzentajea handiagoa izatea. Gazte euskaldunen portzentajeak gora egingo du. Eskolari esker, ama hizkuntza gaztelania duten gazte gehienek euskaraz jakingo dute. Hala ere, guzti guztiek ez dute nahikoa gaitasunik lortuko eta, beraz, ez dute euskara behar bezala ikasiko. Gure ereduan, %7 inguru izango dira euskara ikasterik lortuko ez duten gazteak. Heldu euskaldunen kopurua eta portzentajea hazi egingo dira. Helduen kopuruak gora egingo du eta, aldi berean, adin horretako euskaldunen kopuruak ere. Are gehiago, heldu euskaldunen portzentajea asko haziko da. Horren ondorioz, 2021ean heldu euskaldunen kopurua handiagoa izango da haur eta gazte euskaldunena baino: Arrasaten ia 6.000 heldu euskaldun izango diren bitartean, haur eta gazte euskaldunak 4.500 inguru izango dira. Zahar euskaldunen portzentajeak behera egingo du. Zaharren kopuruak gora egingo du, bai eta adin horretako euskaldunenak ere. Alabaina, zahar euskaldunen portzentajeak behera egingo. Arrasatear euskaldunen ama hizkuntza zein izango den ez dugu aztertu, zaila baita jakitea zenbat euskaldunek izango duten euskaraama hizkuntza eta zenbatek gaztelania. Azken urteetako bilakaerari erreparatuz gero, ordea, pentsa daiteke gero eta gehiago izango direla gaztelania ama hizkuntza izango duten euskaldunak. Alabaina euskara bigarren hizkuntza duten gazteek beren haurrei erakusten ez badiete eta eurekin dituzten harremanetan erabiltzen ez badute, haur horiek ere bigarren hizkuntza izango dute euskara. Garrantzi handikoa da, beraz, gero eta gazte gehiagok beren seme alabei etxean bertan familia bidez euskara erakustea, belaunaldi bakoitza aurrekoa baino abiapuntu egokiagotik abiatu ahal izateko. Jose Felix Diaz de Tuesta, Euskara Teknikaria Arrasateko Udaletxean Euskonews & Media 175.zbk (2002 / 7 / 12 19) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria