163 Zenbakia 2002-04-19 / 2002-04-26

Gaiak

Arantzazu: 500 urte ikusgai

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Arantzazu: 500 urte ikusgai Arantzazu: 500 urte ikusgai * Zuriñe Velez de Mendizabal Arantzazun frantziskotarrak daudenetik 500 urte bete direla eta erakusketa bat antolatu dute aurtengo irailera arte. Santutegiaren hastapenetik gaur egunera arte jazotakoak aipatzen dira bertan: Santutegiaren bilakaera, Arantzazuko erreketak, aintzinako liburuak etab. daude ikusgai. Horretaz gain Arantzazuko Adiskideen Elkartea sortu da, Arantzazu bera eta bere misioaren etorkizuna bermatzeko asmoz. Bostehun urte bete dira Frantziskotarrak Arantzazura iritsi zirenetik. Bost mende hauetan historiak bere arrastoa utzi du, bere hondarra, Arantzazuren muina zein izan den argitzeko baliagarria. Horregatik, milurte erdiko zehazkizun eta protagonista nagusien giropena burutzea ez da samurra gertatu erakusketan. Garai desberdinak ongi jaso dira eta bakoitzeko ilusioak gogoratzen dira erakusketako bost aretotan zehar. "Arantzazu 1501 2001" deritzan erakusketak bostehun urtetan ingurunean eman diren aldaketak erakutsiz hasten da, izan ere geografia gune bereziak indarrez erakarri du gizakia Historiaurreko garaietatik. Bisitariak Santutegiaren bilakaerari buruzko informazioa jasotzen du gela desberdinetan aurrera egin ahala. Argazki eta testu idatzien bidez bakarrik ez, ordenagailu bidez ere hornitu dute erakusketa, entzuteko testuak dituena. Arantzazuko Andre Mariaren irudiak izandako bilakaeraren berri ematen da. Jantziak, apaingailu eta abar luze batek gogoratzen digu nola joan den aldatzen Arantzazuko Amabirjinaren irudia mendeetan zehar. 1468an Rodrigo Baltzategi artzainari lehen aldiz agertu zitzaionetik gaur egunera arte mundu osoan jarraitzaileak izan dituela argi geratu da erakusketan, hala Peru nola Mexiko aldean Arantzazuko Amabirjina biziki kontsideratua dela adierazten delarik. Erakusketan zehar, Arantzazun bizitza aberats baten lekukotasuna utzi duten pertsonaia batzuen erreferentziak ematen dira: Gandiaga, Villasante eta Oteiza horietako batzuk dira. Erakusketari amaiera ematekohamabost minututako ikus entzunezko bideo bikaina aurkitzen du bisitariak. Adiskideen Elkartea Arantzazura frantziskotarrak iritsi zirela V. mendeurrena ospatzen ari da. Historia luze baten emaitza da Santutegia eta efemeridea garai berrietara egokitu nahi izan dute bai eta garatu ere bertako fraide eta arduradunek. Arantzazuren zerbitzura dagoena Arantzazuko Fraideen Anaiartea den arren eta geroz eta fraide gutxiago dagoenez; Arantzazuko Adiskideen Elkartea sortu da. Elkarte berriaren bidez Santutegiaren, Kultur Topagunearen, ingurune bikainaren eta Gogartetxearen etorkizuna ziurtatu nahi dute ideiaren bultzatzaileek. Arantzazuk etorkizunerako molde berriak piztu nahi ditu, atzoko moldeak bere garaian baliozkoak ziren arren. Herriaren beraren ondarea izatea bermatu nahi da eta Arantzazuk hainbat mezu trasmititzen dituenez gero, "adiskideek" horren estiloari eutsi behar diote, fedea, kultura eta naturaren bitartez. Zer egin behar da "adiskide" izateko? "Adiskideen" batzarretara joatea eta norberaren ikuspuntuak eskaintzea, adibidez, laguntzeko bide bat da. Baita Arantzazu goratzeko proiektuak sustatuz ere, bertan edo beste edonon. Baina horretarako derrigorrezko baldintza da Arantzazu bera ezagutu eta estimatzea. Hori horrela izanik "adiskideak" maitasunaren militantea izan behar du, eta bere denbora eta partaidetza eskaintzeko gertu. Urteko kuota bat ordaindu beharko du elkarteko kide izan nahi duenak, partikularrentzat 30 eurotan estimatu dena, eta 300 e. enpresa erakundeentzat. Horren truke Adiskide nortasuna adierazten duen txartela jasoko du "adiskideak", bai eta Arantzazu bertako aldizkaria ere. Horrez gain, urtean hiru edo lau aldiz iritsiko zaio "Adiskideen boletina" deiturikoa eta Arantzazuko Webgunean kidearen izena agertuko da. Gainera ostatu/hospederian karta bidezko otorduetan %10eko deskontua egingo da adiskide nortasun txartela erakutsiz gero. Enpresek ere edukiko dituzte zenbait abantaila: Arantzazuko Webgunean enpresaren logotipoa jartzeko aukera etaaldizkaria eta boletina doan jasotzekoa ere. Ikusten denez, Arantzazuren muina berez aldatuko ez den arren, Arantzazuren etorkizuna bestelakotzekotan daude, gaur egun santutegiaren ardura dutenek. Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Euskonews & Media 163.zbk (2002 / 4 / 19 26) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria