154 Zenbakia 2002-02-08 / 2002-02-15

Gaiak

Nemesio Etxaniz: idazlea bihotz egin zenekoa

ARANBARRI, Iñigo

Nemesio Etxaniz: idazlea bihotz egin zenekoa Nemesio Etxaniz: idazlea bihotz egin zenekoa * Iñigo Aranbarri 36ko gerrak ondoren ekarri zuen garai gaitzeko jardunean, euskal literaturaren lehen ekoizpen gunea Ameriketako erbestean kokatu behar bada ere (Monzon, Irazusta, Eizagirre, "Euzko Gogoa"...), denboragarrenean, berebiziko garrantzia hartu zuen Euskal Herrian bertan buruturiko produkzioak. Hegoaldean, Aita Onaindiak eta Salbatore Mitxelenak osatzen duten bikoteari, legezkoa dela, uste dut, Nemesio Etxanizen izena gehitzea. Bakoitza bere neurrian, bedera bere estiloan, eta elizak eskaintzen zien neurri bateko babespean, hirurak direla, esango nuke, hiru luma ausartenak sistemari zirrikitua letra kolpez zabaltzen. Etxanizen merituen artean, harrigarri gertatzen bada ere, ez nioke literaturagileak berarekin ia berez daraman "artifizioaren maisuarena" erantsiko. Etxaniz, zerbait izatekotan, literatura teknikak estaltzen ez duen idazlea baita. Berak esana da "bihotzak agindu erara" idazten zituela poemak. Eta "idazten zuen oro", gehi dezakegu lasai ederrean guk. Bihotz biluzi baten aurrean gaudela uste dut. Bihotza, bada, idazle tekniko baino. Barren minarekiko zorretan den idazlea. Eta gizona batez ere. Hesteak eta bihotzak agerian utzi gabe idazten ez zekien gizona genuen Etxaniz. Begia ematea besterik ez dago gerra aurrean hasi, baina batez ere gerra osteko ilunaldian buruturiko lan eskergaren neurriari. Batean ez bazen bestean, aldizkariek urjentziazko literaturari eskaintzen zioten parada aprobetxatuz, ukitu ahal diren jenero guztiak ukitu zituen: eleberria, ipuina, olerkia, antzerkia... horietan plantorik egin gabe gainera. Francopeko gizarte itoa iratzartze aldera, literaturaren mugak hautsi eta gizartearengan eragin zuzenagoa izan zezaketen arloetan ere murgildu zen Etxaniz. Ez edonola, gainera. Hala, artikulugile izan zen garaiko kazetetan, euskara ikasteko entzunezko metodoen aitzindari, irrati saio dramatizatuen aita, abesti egile, "Ez dok amairu" koenarima eta sustatzaile... eta gobernadore zibilen mailu... Hala da. Hamaika alderdiko poliedroa dugu Etxaniz, eta literaturarena, ederrenetarik duen arren, ezin bereiz litekeelakoan nago besteengandik. Izan ere, nekez uler daiteke Etxaniz idazlea Etxaniz aktibistarik gabe. Baina idazlearen baitan ere, nekez bereiz daiteke Etxaniz narratzailea eta Etxaniz apaiza, Etxaniz olerkaria eta garaiak mamituriko Etxaniz gizona. Etxanizen baitan, zainek egiten dute batetik besterakoa, barrenak otzan ezin dezakeen bihotza da orain maite olerkitan ari dena eta orain drama existentzialistari lotzen zaiona. Esan dugu: bihotza, idazlearen bizigarri. Eta nago Etxaniz idazlearen mundua hobeto ulertu ahal izateko, ezinbesteko zaigula Etxanizen formazio garaietara egitea, sorterriko giro integrista politiko eta erlijiosoak dakarkion mundu ikuspegian aurkituko baititugu bere obraren zertzelada ideologiko nagusiak. Orain ikustera, bi munduren arteko zubi da Etxaniz. Alde batetik, 60ko hamarkadak berarekin dakarren haize berriaren hauspo. Bestaldetik, 50ekoak atzean uzten duen beldur eta keizuen apostolu. Bi mundu bakar batean. Horra On Nemesioren figura, sotanadun baina kitarrajole, maitemindu baina ezinbestean etsi. Nola esan, garaiaren seme. Etxanizen unibertsoan, ipuinetik nobelara egingo du irakurleak jauzi, olerkitik antzezlanera. "Suge lana" eta "Izotz kandelak", "Bide ertzeko belarra" eta "Zotzean bizia", horra mundu beraren agerpen diferenteak. Asko hitz egin da Etxanizen modernotasunaz, eta bai, moderno genuen Etxaniz. Modernoa gazteek ekar zezaketenaren aurrean itxaropentsu eta modernoa zenbait jarrera estetikoren defentsan. Garaiko doinuak euskaratzen ezagutu zutenen lekukotzak bultzatuta, halaxe, apaiz moderno legez pasatu da gure historia txikira. Eta ez da gezurra. Baina beldur naiz denbora joan ahala ez ote duen kanpora begirako modernotasun itxura horrek (apaiz bat txa txa txa kantatzen!) beste alderdi aberatsago bat estali. Bai, modernoa genuen Etxaniz, moderno mina, ordea.Ez da Etxanizen mundua Etxanizen modernotasuna, esan beharko genukeen azalekoa. Ez da Etxanizen gizona kanpoeder. Zaila du eguneroko bizitza. Eta izaeraren konplexutasuna azaltzeko, minimalismotik existentzialismora dabil, absurdotik tradiziora. Horra Etxanizen modernotasuna lozorrotik iratzartzen ari den Euskal Herriaren gozagarri. Ez da Etxanizena amarruz eta liluramendu merkez eraikitako obra. Ez duzu Etxanizen baitan horrelako askorik aurkituko, ez du handinahikeriako idazkerak hordituko. Alderantziz, garden, gorririk agertzen zaigu, biluziegi nahiaren eta ezinaren arteko borroka etengabean. Maitasun galduaren poeta deitua izan dena, ez da, ez, tekniko agertzen, ez da baliabideetan maisu, badu betelanetik, inoiz injenuitatearen mugan paratzen dela iritziko dio irakurleak, nola litekeen hain hasiera onarekin amaiera hondatu ("Zotzean bizia" antzezlanaren hasiera teatroaren antologia guztietan egon beharko lukeen horietakoa da), baina hori da hain zuzen ere Etxaniz. Kolpea, bihotza, eta modernotasunarekin jolasean, ezinbestean bezala, aurrez kondenatutako gizona. Idazle handien ezaugarri asko ditu bere horretan: ausarta da, ez dio bere buruari barkatzen, eta askotan, etxeko erreferentziarik gabe abiatzen da mundura zabaldu nahi duen euskal literaturaren basamortuan. Nik neuk, Etxanizi irakurri dizkiot 50. hamarkadak berarekin ekarri dizkigun orrialderik ederrenak. Nemesio Etxaniz herritarra irakurtzen, testuok berarekin dakartzaten galderak egin ditut neure. Eta zinez diotsuet, ez diot gehiagorik eskatzen idazle bati. Hogei urte dira Nemesio Etxaniz Aranbarri, "Erratzu" eta "Amillaitz", Donostian hil zela,1982ko urtarrilaren 27an. Euskal Herriarekiko eta euskararekiko kompromezuzko jarreragatik ezaguna da. Argazkia: Auñamendi Entziklopedia Euskonews & Media 154.zbk (2002 / 2 / 8 15) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria