142 Zenbakia 2001-11-02 / 2001-11-09

Elkarrizketa

Patxi Goenaga: "Euskara batua gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da"

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Patxi Goenaga Patxi Goenaga Mendizabal, Euskaltzaindiako Idazkari orokorra "Euskara batua gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da" * Ismael Diaz de Mendibil Patxi Goenagak bi ardatz nagusi ditu bere eguneroko zereginetan: Unibertsitatea eta Euskaltzaindia. Dena den, bietan helburua bera du, euskara lantzea eta ikertzea, alegia. Gure protagonista Euskal Akademian 1979an sartu zen, ordutik euskararen inguruko ikerketa asko egin ditu, eta egun Euskal Herriko Unibertsitateko Euskal Filologia sailaren zuzendaria da. Berarekin hitz egiteko une ezinhobea dugu hau, orain berri Euskaltzaindiak bere azken biltzarra izan baitu. Orain aste batzuk, Euskaltzaindiaren XV. biltzarra izan da Bilbon. Zer nolako ondorioak dituzue etorkizunari begira? Lehenbizi, euskara eta euskalgintza XXI. mendearen atarian zertan den aztertu nahi izan den horretan, azpimarratzekoa da jendearen parte hartze handia. Bestalde, azken urte hauetan boladan dago nolabait paleolinguistika egitea eta horretarako, besteak beste, hizkuntzen arteko konparazioak egitea. Batzuk azterketa fantasmagorikoak izaten dira. Halere, argi dago, konparazioak behar bezala egiteko, euskararen historia ezagutu behar dela. Arlo honetan lan ugari dago egiteko. Euskaltzaindiak ezagutza hori bultza dezaketen lanei eta langileei bere babesa eskaini nahi die. Hiztegigintza alorrari dagokionez ere, zenbait gauza argi gelditu dira Biltzarrean. Euskaltzaindiak argitaratu berri duen "Hiztegi Batua" denek onetsi dute, eta bigarren itzuliari bultzada berezia emateko eskaria helarazi diote biltzarkideek Euskaltzaindiari, epeak ahalik eta gehien laburtuz, eta eguneroko hitzei sarrera emanaz. Bukatzeko, lekuko euskararen eta euskara batuaren arteko harremanez ere mintzatu da Biltzarrean. Euskaltzaindia euskalkien aldeko agertu da beti. Gogoeta sakona eskatzen du kontu honek, horretarako, ahozko euskarari arreta berezia eskainiko dio Euskaltzaindiak, behar diren eztabaida guneak sustatuz. Beste herrialdeetanzer egiten den ere kontuan hartuko du. Azken biltzarrean euskara batua kolokan jarri da berriz? Ez. Zenbait komunikabidek hori isladatu nahi izan dute, baina ez da horrela. Nire lankidea den Koldo Zuazo mintzatu zen horretaz. Berak ez zuen euskara batua kolokan jarri, bere mezua argi azaldu zuen, euskara ez dela euskara batua soilik, alegia. Askoz zabalagoa da, batzuek uste ez arren. Euskara batua, zenbaitek ulertu duten bezala, behintzat, oso mugatua izan daiteke. Batua erabat beharrezkoa izan dugu, baina gaizki erabiliz gero, zurruna, kaxkarra eta gogorra da. Euskararentzako ez da ona maila guztietan (tabernan, eskolan, elizan...) eredu berbera erabiltzea. Euskara batuak ondorio on asko ekarri ditu, baina horretan gelditu direnek, hau da, inguruko aberastasunak aintzakotzat hartu gabe hitz egiten dutenek, ez dute euskara ondo erabiltzen. Koldo Zuazok honako hau esan zuen: "Zenbaiten euskara batua Martekoa da". Ez zuen esan euskara batua Martekoa zenik, hainbat komunikabidek kaleratu zuten bezala. Gaur egun ere, batzuei horrelako mezuak kaleratzea interesatzen zaie. Horiek diotenez, euskara batua asmatu genuen, euskara aldeanoen hizkera bat zelako, asmatutakoak ez duela ezertarako balio gaineratuz. Zer egingo diogu? Ziur naiz laster gaindituko ditugula eztabaida horiek. Nire ustez, euskara batua aberasteko tresna ezinhobeak ditugu lekuko hizkerak, ahozko hizkeran, batez ere. Ez da euskara murriztu behar. Idazterakoan, ordea, euskara batua dugu guztiontzako irtenbiderik onena. Edozein hizkuntzatan ahozko mailatik idatzira egundoko saltoa dago, eta, noski, euskaran ere bai. Zergatik dugu eztabaidagai euskara? Euskara batuari dagokionez, normala da, orain 33 urte hasi baitzen ibiltzen. Horren ildotik, euskaldunok gutxi gara, sakabanaturik gaude, hiriak ez dira euskaldunak, eztabaidatzea atsegin dugu... Hala eta guztiz ere, gaztelaniak ere arazoak ditu, Garcia de La Conchak, Real Academia de la Lengua Españolako buruak, lehengo egunean Nafarroako Unibertsitatean esanzuen bezala. Haiek ere arrisku larriak dituzte, eta hizkuntza zaindu behar dutela behin eta berriz gogoratzen ari dira. Hori bai, gaztelaniak 300 milioi hiztun ditu, eta gu, berriz, 600.000 lagun baino ez gara. Hogei urte igaro dira Euskal Autonomia martxan jarri zenetik. Zenbat urte igaro beharko dira euskara gaztelaniaren parean egoteko? Zer da gaztelaniaren parean egotea? Gaztelania eta ingelesa parean daude? Nik esango nuke ezetz. Zaila da horri erantzutea. Egunkari bat badugu. Ondo, eta zenbat ditugu inguruan? Telebistarekin berdin, interneten... Kalean? Batetik, euskara lehenengo hizkuntza den herrietan egindakoa sendotu behar da, eta bestetik, gainerako herrietan eta hirietan jarraitu behar da lanean, pixkanaka pixkanaka den arren. Gasteizen eta Bilbon euskaldun asko gara, baina bizitza ez da euskaraz egiten. Noizbait Bilbon arrunta izango da euskaraz kalean egitea? Lan handia dugu egiteko, baina belaunaldi berriekin aurrera goaz, eta hori antzeman daitekeela uste dut. Orain urte batzuk, Bermeon egindako azterketa batek euskararen presentziak behera egiten zuela baieztatu zuen, hori bai dela bestea baino larriagoa. Nire ustetan, larriagoa da herri euskaldun batean hiztun bat galtzea Gasteizen edo Bilbon euskaldun bat irabaztea baino. Esan dituzunak esan eta gero, zeure ustez, Euskal Herrian hizkuntza bakar baten alde egiten dutenak asko dira? Praktikan asko dira. Hizkuntza bakar hori gaztelania da, noski. Nire irakasle batek, Kataluniakoa zen hura, honako hau esaten zigun: " Zergatik diote erdaldunek halako beldurra elebitasunari? Izan ere, hizkuntza minoritarioa hitz egiten duena, lehenbiziko interesatua da bere hizkuntzaz gain beste bat jakiteko". Bestalde, hizkuntza boterea da. Hizkuntza ondo darabilenak botere izugarria dauka, jendea engaina dezake, laburbilduz, nahi duena egin dezake. Hizkuntza batek bizirik jarraitzen du, beharrezkoa den neurrian. Maitasun platonikoarekin batzuk ibil gaitezke, baina gehienok ikasten dugu, behar dugunean. Gizarte elebidunbatean bi hizkuntza jakitea baldintza demokratiko bat da. Eman dezagun, laguntalde batean guztiak euskaldunak, bat izan ezik. Zergatik utzi behar diote euskaraz egiteari? Euskara izan beharrean, ingelesa izango balitz, berdin jokatuko lukete? Non dago hiltzear euskara? Leku askotan. Leku batzuetan hilda zegoen, eta zorionez, berpizten ari da, Arabar Errioxan, esaterako. Kontrako joera Iparraldean dugu, eta Nafarroan ere nahiko lan, are gehiago, nafar agintarien jarrera ikusita, euskaldunen eskubideak murriztu baitituzte bertan. Unibertsitatean ere Euskal Autonomia Erkidegoko egoera eta Nafarroakoa ez dago alderatzerik, hemengoak arazoak eduki arren. Nafarroan ezin da karrerarik euskaraz egin. Ezbairik gabe, gurean unibertsitatea duela 200 urte izan bagenu, euskararen egoera mila bider hobea izango zatekeen. Euskara batua aspalditik egina egongo zen, eta gaur ez genuke horretaz hitz egingo. Zein da Euskaltzaindiaren helburu nagusia? Euskaltzaindiak bi helburu nagusi ditu. Batetik, euskara ikertu behar du (hiztegia, gramatika...), euskara batua ardatza izanik. Euskaltzaindiari euskalkien kontua leporatzen diotenean, ez da zuzena. Euskaltzaindiak euskalkiei ez die kalterik egin, lagundu baizik. Gainera, Euskaltzaindiak egin du egin behar zuena, euskara batua sortu, alegia. Bestetik, guztiok euskara zuzena eta txukuna erabiltzea du helburu. Horrez gain, euskaldunon hizkuntz eskubideak zaindu behar ditu. Eusko Ikaskuntza asmoz eta jakitez den bezala, gurea ekin eta jarrai da. Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil Euskonews & Media 142.zbk (2001/11/2 9) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria