125 Zenbakia 2001-06-01 / 2001-06-08

Gaiak

Olaberria burdinola (Legazpi) XV-XIX. mende bitartean

IMAZ, Iñigo

Olaberria burdinola (Legazpi) XV XIX. mende bitartean Olaberria burdinola (Legazpi) XV XIX. mende bitartean * Iñigo Imaz 2000. urteko martxoa eta apirila bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko Kultur Heziketa Programan, Lenbur Fundazioa, Urola Garaiko Mankomunitatea eta Aranzadi Zientzia Elkartearen parte hartzearekin, Legazpiko Olaberria Burdinolaren inguruko indusketa eta dokumentazio lanak burutu ziren. Burdinola hau, dokumentuetan agertzen denaren arabera, XV XIX. mende bitartean egon zen martxan. Aldaparoaren ikuspegi orokor bat. Aldaparoko horma batean kokaturiko bano harlandua, 1585ean Juan Lasaldek bultzaturiko berrikuntzen artean aipatzen da. Burdinolen jabetza eta ustiapena: Olaberrian isladatzen den jabetza eta ekoizpen sistemaren inguruko hainbat hausnarketa egin nahi genituzke artikulu honetan. Bi arlo hauek Aintzin Erregimeneko gizartea eta bere antolakuntza ulertzeko bide egokiak dira. Horretarako, alde batetik, jabetza sistemaren garapena azalduko dugu. Bertan, hiru garai bereiztu ditugularik. Bestetik, burdinola ekoizten zuten pertsonen inguruko hainbat xehetasun emango ditugu eta, azkenik, burdinolaren garapen historikoaz arituko gara. 1) XV. mendetik XVI. mende bukaera bitartean: Burdinolen gainean jabetza anitza nagusitzen da . Jabeek zuzenean ustiatzen dute burdinola, eta era berean, alokairuan ematen bada jabeetariko bati ematea nahiago izaten da. Sistema horretan, beraz, ustiatzaile txikiek ere jabetza dute ekoizpen baliabideen gainean, eta ekoizturikoa merkatariei saltzen diote. Sistema hau Kaufsystem bezela ezagutu ohi da. Sistema horretan, merkatariak merkataratzea soilik kontrolatzen du eta ez ekoizpena. Jabego txiki eta anitz horren zergatia garbi dago, burdinolek jabego librearen izaera baitzuten garai hartan . Jabetza mota honek eragin zuzena izan zuen burdinolen garapenean, zorrak eta hauen ondorioz gertatuko diren salmentak ugaritu egingo baitira. Eta gainera, ekoizpenari dagokionez, zati ezberdinen jabeek antolatukodute ekoizpena, nahiz eta ohizkoa izango den alokairuan ematea. Merkaturatzeari dagokionez, burni tocho en produkzioa armagintza eta burnizko tresnerian espezializaturik zeuden guneetara bideratzen zen bai Gaztelan zein Gipuzkoan bertan (Arrasate, Bergara eta Beasain). Dirudienez itsuturiko bano hau izan zen burdinolaren sarrera nagusia. 2) XVI. mende bukaeratik XIX. mende arte: Jabetza sistema era bat aldatuko da, eta beraz, baita ekoizpen sistema. Mende horietan, Gipuzkoako hainbat eta hainbat leinu Gaztelako Koroari lotu zitzaion beren familien egoera ekonomiko, sozial eta politikoa bermatu era garatu asmoz. Era berean, sendi hauek beren boterea eta eragin sozio politiko eta ekonomikoa zabaltzen saiatu ziren jatorrizko probintzian, beren botere sarea lortzeko, eta horretarako bide egokiena aktibitate ekonomikoetan aurkitu zuten. Ez dugu ahaztu behar burdinola batek bere ekoizpenaren inguruan sortzen zituen onura ekonomikoak. Esan dugunaren ondorioz, XVI. mende bukaeran eta XVII. mende haseran Olaberriaren gaineko jabetza Gaztelako Gorteari estuki loturik agertzen zaizkigun Juan Lasalde eta Martin Lizarazu, aurrekoaren ilobaren eskuetan erori zen, biak ere Burgoseko Erret Diruzainak. Burdinolako jabe ezberdinen zorrez baliaturik, jabetza osoa eskuratu zuten eta birmoldatze lan garrantzitsuak ere bultzatu zituzten, olatxo bat eraikiz. Honela, Olaberriak, olatxoan burnizko lantresnak egiteari ekin baitzion. Baina, lehenago deskribatu dugun prozesua, hau da, jabego libre izateari utzi eta leinu bati lotzearena, eten egingo da Lizarazuren oinordekoen zorren eraginez. Joera, hala ere, geldiezina zen, eta egoera ekonomiko eta judiziala argitu zenean, Angela Arriaranek burdinola eskuratu eta bere maiorazkoari atxiki zion, jabego librearen izaera galduz. Geroztik, Olaberria, familien arteko elkartze bidez, Legazpiko Bikuña leinuaren eskuetara pasa zen, azkenik Donemiliagako Markesen ondasunen artean aurkituko dugularik, Gipuzkoako beste hainbat burdinoletan gertatu bezala.Momentu hortatik aurrera, burdinolaren jabeak ez du erlazio zuzenik izango ez ekoizpenarekin ezta langileekin ere, Olaberria alokairuan emango baitute. Eta era berean, giza sare komplexu bat sortuko da burdinolaren inguruan, baina maila desberdinetan zabalduko dena: a) Leinu ezberdinen arteko oinordekoen ezkontza bidez, Olaberria, Gipuzkoako hainbat burdinola bezala, Donemiliagako Markesen eskuetara pasako da, herrialdeko burnigintzarekin oso erlazionaturik zegoen leinu bat hain zuzen ere. Eta gerora, Gaztelako Koroa mailan oso pisu handia zuen Porcel sendiari elkartuko zaio Olaberriaren jabe zen Donemiliaga. b) Beste maila batean, burdinolen jabetza zuten leinuen inguruan ere beste familia askok burdinolaren hornikuntzan eta bere ekoizpenaren merkataratzean izango dute bizi modua eta leinu horiei lotuko zaizkie: alokairuan hartzen duten familiak, olagizonak, ikazkinak, mandazainak,... c) Bukatzeko, aktibitate ezberdinetara bideratzen ziren familien arteko erlazioak ikus ahal ditugu, bai ezkontza zein beste motatako erlazio bidez (olagizonak, arrendatariak). Lehenago aipatu bezala, Lasalde, Lizarazu y Arriaranek eginiko berrikuntzen ondorioz, tocho en produkzioa areagotu egin zen eta burnizko lantresnak egiteko olatxo batekin osatu zuten, Olaberriaren errentabilitatea handituz. Garai honetan, burdinolaren jabea urrun bizi zen, gehienetan herrialdetik kanpo ere, leinuko kide batek ordezkatua zelarik, burdinola alokairuan eman ohi zuena eta leinu buruaren izenean burdinola eta beste gai ekonomikoez arduratzen zen bere izenean, berau Gortean bizi baitzen. 3) XIX. mendearen azken laurdena: Olaberria burdinolaren azken garaian, Antzin Erregimenaren hondamena gertatzen da Euskal Herrian. Olaberriak berriro ere jabego librearen izaera eskuratu zuen, beraz, leinu bati lotuta egoteari utzi zion. Bere inguruan osaturiko giza sarea desegiten hasi zen, burnigintza tradizionala desagertzen joan zen heinean. Horrela, jabetza indibidualari eman zitzaion lekua eta aktibitate ekonomikoezberdinen hasera ezagutuko dugu Olaberrian bertan (kartutxo fabrika, papergintza, errota,...). Tailerraren ikuspegi orokorra. Ferroiaren irudia: Jabetza eta ekoizpena alde batera utziz, olagizonaren inguruan hainbat hausnarketa egin nahi genituzke. Batetik, sarritan dokumentazioan ez baita argi geratzen figura honen esanahia. Batzutan, burdinolaren jabeari deritzo, bestetan burdinola ustiatzen duen maizterrari, eta azkenik, maizterrak kontratatuko zuen langileari. Hala ere esan beharra dago, azken honen kasuan, ez dela langile soila beste langileen nagusia baizik, honek kontratatzen dituelarik burdinolan lagunduko dioten pertsonak. Harreman hauetatik sarearen enborra sortuko da. Enbor honetatik hainbat adar aterako dira denak ere burdinolaren hornikuntzarekin lotuak: mandazainak, mehagizonak, merkatariak, ikazkinak etab . .Maizterra normalean enpresari txiki bat izan ohi zen. Batzutan, burdinola bat ustiatzeaz gainera beste baten jabe ere izan zitekeen, udal karguren bat bere eskuetan izan zezakeelarik. Figura honen adibide garbiena, XVII. mendean, izango dugu Lorenzo Lopez de Plazaolaren eskutik . Merzedariak eta zentsoak: Atal honen zergatia dokumentuetan agertu zaigun mercedario aren figuran dago. Hau, Errege Katolikoen garaian sorturikoa da, eta erregeak bere Gorteko pertsonei ematen zien mesede edo sari bat zen. Mesede horren arabera, erregeari zegokion albala y diezmo viejo delakoa jasotzeko eskubidea ematen zien. Batzutan oinordekotzan eman zitekeelarik. Figura honek ez du ustiakuntza prozesuarekin edo jabeekin inolako zer ikusirik. Honek adierazi dezake, burdinolaren ekoizpenen murgilduta zeuden pertsonek etekinak lortzeaz gainera, sare honetik kanpo zeuden beste batzuk ere onura atera nahi zutela edo ateratzen zutela. Olaberriaren kasuan, Cristobal de Ipenarrieta eta bere oinordekoak dira aurrekoaren adibide. Lagazpiko Udal Agiritegian aurkitutako agiri baten arabera pentsa genezake, eskubide horiek kobratzen zirela, Ipenarrietaren alargunak Legazpikozazpi burdinoletako olagizonen testigantzarekin, ekoizpenari buruzko datu zehatzak luzatzen baitizkio herriko alkateari, Cristobalen semeari dagokion dirua lortu asmoz . Figura zehatz honetaz gainera, burdinolen gainean beste jarduera ekonomikoen gainean egon ohi zen bezala, zentso bat edo gehiago agertzen dira. Hauen jatorria garaiko pentsamoldean aurkitu daiteke, gaizki ikusia baitzegoen lukurreria. Horregatik, zentsoak sortuz diru laguntza ematen zitzaion pentsona edo familia bati, eta aldez aurretik ezarritako epe batean corridos de censo edo interesak jasotzen zituen, dirulaguntza luzatu zuenak. Azpimarragarria da, auzi batean agertu denaren arabera, eta bibliografian isladatzen zaigun bezala, diru laguntzaile haundienetarikoen artean Oñatin zegoen Bidaurretako Santísima Trinidad Komentua zegoen. 1. Burdinolen jabe ezberdinei porcionero deitzen zaie agirietan, eta partzonari hauek era berean, alokairuan har dezakete beste jabeen zatia. Gainera, ez da arraroa izango, partzonari batek burniola ezberdinetan zati txikiak edukitzea. 2. ACHON INSAUSTI, J.A.: "Los mercaderes y la provincia de Guipúzcoa en el siglo XVI. Problemática, líneas de investigación y una reciente tesis sobre el tema". En: Mundaiz (separata), julio diciembre 1988, nº36, pág. 10. 3. Eta gerora ere, XVIII. mendean oraindik ikus daitezke hainbat burdinola jabego libre bezala, baina joera nagusitik at geratuko direnak, garrantzitsuenek jabego libre izateari utziko baitiote XVI XVII mende bitartean. 4. 24 DM / DUA: Kutxa 173 (49). 1750 / 10 / 28. Bernardo Belaunzaranek Bikuñako, Arrolategi, Arriaran eta beste maiorazgoen ondasunen eta errenten administrazioari buruz azaldutako kontuak. Bertan, 1746, 1747 eta 1748 ko Olaberriari buruzko hainbat kontu azaltzen dira. Ondasun guzti hauek Maria Joaquina Bikuña y Gaunarenak dira, Joaquin Agirre y Porcelen emaztea. Bertan, laugarren orrialdetik aurrera, Olaberriari buruzko kontuak agertzen dira. Baina aipatu salbuespen bat dagoela XVII an erregeakburdinola bahitzen duenean ordezkari bat agertzen baita normalean herriko alkatea (ikus 1633ko auzia). 5. DM / DUA: Kutxa 111 (249) eta (251). 1633. 6. LUA: 177 / 1. 1614. Antonia Galdos, Cristobal Ipenarrieta mercedariaren alargunak, 1613an Legazpiko burdinolek ekoizturiko burni kintalei buruzko agiri bat luzatu zion herriko alkateari, Lorencio Lopez Plazaolari. 7. bibliografiaren datuak mecedariaren inguruan. Salazar. Iñigo Imaz, Historian lizentziatua Euskonews & Media 125.zbk (2001 / 6 / 1 8) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria