120 Zenbakia 2001-04-27 / 2001-05-04

Gaiak

Eleria, Euskal Legelarien Aldizkaria

ALKORTA, Itziar

Eleria, Euskal Legelarien Aldizkaria Eleria, Euskal Legelarien Aldizkaria * Itziar Alkorta Idiakez Euskarazko Aldizkari Juridiko bat izatea ez da egun, XXI. mende hasera honetan, ameslari bakar batzuen ekimen erromantiko bat, egungo euskal gizartearen errealitate objektibo bat baizik. Izan ere, hasi zenetik, hizkuntzaren normalkuntza prozesuak ez ditu zenbait etapa alferrik bete. Azken hamar urteotan prozesu hori unibertsitatera iritsi da, alegia, goi hezkuntza eta ikerketa guneetara, eta beraz, baita Zuzenbide Fakultateetara ere. Irakaskuntza lerro elebidunak sortu dira Euskal Herriko Unibertsitateko eta Deustuko Zuzenbide Fakultateetan, eta haiekin batera, lan hizkuntza euskara duen irakasle talde bat ere bada, pixkanaka, beren karrera akademikoa kontsolidatzen ari dena. Bestalde, hamarkada honetan, zuzenbidea euskaraz nahiz elebietan ikasi duen ikasleen promozio ugari ari da praktika juridikora sartzen. Abokatu, notari, erregistratzaile eta, orokorrean, "legelari" euskaldunen kopurua hazten ari da beraz, urtero; nahiz eta, hizkuntzaz gaindiko arrazoiengatik, epaitegietara iristea askoz ere zailagoa gertatzen ari den. Hala eta guztiz ere, epaitegien atarietara deika ari da euskara. Prozesu hura dinamizatzeko, irakaskuntza materialak ekoizteaz gain, beharrezkoa zen ere euskaraz egin zitekeen ikerketa lanari irtenbide bat ematea. Zuzenbidearen eremuan garrantzia handia duen "doktrina", alegia, arauen eta jurisprudentziaren gaineko gogoeta, eskaini nahi zitzaion legelari euskaldunen kolektibo berriari. Erronka handia zen noski. Kalitatezko argitarapen batek, bideragarri izateko, idazle kopuru bat eskatzen baitu, "masa kritiko" bat. Jurista euskaldunen kopuruak gora eginda ere, demostratzeke zegoen artean nahikoa ote zen aldizkari zientifiko bat elikatzeko. Lehen lehenik egin beharreko lana, beraz, indarrak biltzea zen, hizkuntza menderatu eta haren balioan sinesten zuen guztiarentzat irekia egon behar zuen publikazioak. Behar hori Eusko Ikaskuntzaren Zuzenbide Saileanaurkeztu zen 1997an, Gregorio Monreal Elkartearen presidente zela. Egitasmoari abegi ezin hobea egin zitzaion; behar ziren bitarteko guztiak jarri ziren gure esku. Erredakzio Batzorde bat izendatu zen, non Euskalerria osoko itzaldun juristak, erakundeen ordezkaritza zabal bat eta baita hizkuntzalariak ere bildu genituen. Batzordeburu berriz Josu Erkoreka Doktorea, Zuzenbide Administratiboko irakaslea, izendatu genuen, artean, HAEE/IVAPeko Zuzendaria zena, eta nik, berriz, Erredakzio Batzordearen Idazkaritza lanak hartu nituen. Bestalde, aldizkariaren edizio zereginetan laguntzeko eta hizkuntza begirale lanetan, Koro Garmendia aritu da azken urteotan, zeinaren bizkar gainean egon baita publikazioaren gestioaren zati handi bat. Ordutik hona lau urte igaro dira eta egun Eleria haur koxkor bat da, sei ale arrunt eta bi monografiko plazaratu dituena. Jorratutako gaiak askotarikoak izan dira: hizkuntzaren eskubideen gaineko gogoeta, arau berrien hausnarketa, eta, orokorki, Justizia Administrazioan diharduten profesionalak arduratzen dituzten berriak. Horien artean nabarmendu nahi genuke Euskararen Normalkuntzarako Legearen azterketa (Eleria 5), egundaino gai horren inguruan egin den gogoetarik xeheena eta, bestalde, "Justizia eta Burujabetza"ri buruzko monografikoa (Eleria 7), Abel Muniategiren esku dagoen Eusko Jaularitzako Justizia Sailordetzaren sustapena izan duena. Horretaz gain, Klasiko Juridikoen Bilduma kaleratzen du aldizkariak, Joxerramon Bengoetxea, Filosofiaren Zuzenbideko irakasleak zuzendua, ale bakoitzean Zuzenbidearen pentsamenduren aurrerakuntzan mintegi izan diren autore entzutetsuen testuak euskaratu eta komentatzen dituena. Gurean izan ditugu besteak beste, Ihering, Savigny, Llewellyn, Hart, Dworkin eta abar. Bi aletan behin, berriz, Euskal Herriko Unibertsitateetan onartutako doktore tesi juridikoen berri ematen dugu, hori baitzen, ikerketa juridikoaren gaineko informazioak zuen hutsuneetako bat, gureak ez beste inongo aldizkari juridikok betetzen ezduena. Eta baita urtean zehar Euskalerriako bi Legebiltzarretako legeen zerrenda ere ematen dugu, esandako periodizitate horrekin. Dudarik ez, mila berrehun eta berrogei orrialde horietan zehar gogoeta ugari plazaratzeko aukera egon da, eta denetarik ere izan dugu. Batzuk besteak baino hobeak izan dira; ordea, urte hauetan gure aldizkarian bere lana publikatu duten autoreei eskerrak, badugu egun doktrinazko gorputz bat euskaraz sortua eta formulatua. Eta horretaz gain, badugu erakunde bat, heldutasunera iristea igurikatzen duena, zeinaren inguruan sortu diren, dagoeneko, bizirik dagoen erakunde guztietan gertatzen den legez, jardunaldiak eta bilerak, aurkezpenak eta beste erakunde eta edizio etxeekin kolaborazioak, eta abarrak. Oinarriak jartzen ari gara, beraz, guztion artean, euskaraz egindako gogoeta juridikoan estilo bat eta gorputz bat sortzen; eta ez gara gehiegi harrituko, denbora puska batean, oinarri horietatik abiatuta euskarazko liburu eta monografia juridikoak ugaltzen hasten direnean. Agian, bagara nor jada gure ametsa zein den ere esateko. Guk "euskal jurista" delakoaren nozio lauso horri eduki zehatzago bat ematea iradokitzen dugu: alegia, euskal jurista izan dadila bere zereginetan euskaraz beste erdaratan bezain ongi moldatzen den legelaria. Amaitu baino lehen, berriz, zenbait erakundeetatik datorren trumoi hotsa entzuten den honetan, amets hura gauzatzen laguntzen digun erakunde plural eta irekiari, Eusko Ikaskuntzari, eskerrik beroenak eman nahi genizkioke. Itziar Alkorta Idiakez, Eleriako idazkaria Euskonews & Media 120.zbk (2001 / 4 27 / 5 4) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria