106 Zenbakia 2001-01-12 / 2001-01-19

Gaiak

Ernest Hemingway, bisitari ezezaguna

BARANDIARAN, Alberto

Ernest Hemingway, bisitari ezezaguna Ernest Hemingway, bisitari ezezaguna * Alberto Barandiaran Hemingway zezenzalea, mozkorti, harro eta handinahia; Hemingway sanferminzalea, andrezalea, bizizalea, amerikar diruduna. Hemingway idazlea ere, Itsasoa eta agurea, Por quién doblan las campanas edo Fiestaren egilea. Hemingway estereotipo, bizarzuri, kantari, edanda. Baina baita Hemingway Euskal Herriaren miresle ere, Hemingway Auritz, Orbaitzeta, Aribe edo Agoitzen bisitari; Donostia, Donibane Lohizune edo Hendaian turista, Lekunberrin eta Miarritzen apopilo. Hemingway gazte, jakingose, kazetari; Hemingway pilotazale, arrantzale, ardozale. Hemingway benetakoa, Hemingway sortzaile, Hemingway ezezagun. Historiak beti baditu bi aurpegi, eta pertsonaiak, baita pertsonaienek ere, berdin. Iruñeko jaiak munduan famatu egin zituen amerikarrak, 20ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrira iritsi zenean, gutxik bezala barneratu zuen hemengo giroa. Jendearekin maiteminduta zegoela eta paisaiak liluratu zuela utzi zuen idatzia. Hortik aitzina, 1931ra arte, Nafarroa izango zen urtero urteroko bisita. Eta 1959a egin zuen bidaia zoro eta etiliko batengatik oroitua izan behar. 1923an lehen aldiz euskal lurra zapaldu zuenean bazuen asmoa eta gogoa. Akiturik zen fisikoki eta psikikoki. Lehen Mundu Gerraren ondorioak oso kaskoan zeuzkaten bere belaunaldikoek, garai gogorra baitzen Europa osoan, eta bizitasun bila iritsi zen Iruñera. Aditua zuen bazirela Pirinioen alde honetan jaiak sekulakoak, zezenen aurrean bizitza eta heriotzaren arteko jokoa inon baino garbiagoa azaltzen zela; trajedia, hitz larriz, hemen zela. Parisera bueltan idatzi zituen bi artikulu sanferminei buruz Kanadako egunkari batean "ez dago inauteririk hau bezalakorik" , sekulakoak kontatu zizkien lagun amerikarrei, eta prestatu zen hurrengo urtean Iruñera ere bueltatzeko. Pariseko karriketan, neguminean, paseak ematen zizkien tranbiei. Hurrengo urteetan Eslava kaleko pentsioan, Gazteluko Plazako Quintana Ostatuan, Iruñakafean, hantxe ezagutu zituen Nafarroako hiriburuan egingo zituen lagunak, baina Iruñea ez ezik, Piriniora ere hurbildu zen idazlea. Michiganen jaioa, Laku Handien ertzean, arrantza zuen afizio kuttunena, eta Quintana Hoteleko nagusiari galdetu zionean amoarrainetan aritzeko tokiez Auritzera bidali zuten. Iruñean aurkitu bazuen Parisen ez zegoena, hau da jarrera fisikoa, alaitasuna eta eskuzabaltasuna, mendialdeak eskaini zion bere jaioterrian beti bilatu behar izan zuena: naturarekin harremana, jende xehea, paisaia zabalak. Askatasuna. 20ko hamarkadaren bukaeran argitaratutako bi liburuetan Fiesta eta Death In the Afternoon marraztu zituen katedralak bezalako pinudiak, ur izoztua jaisten zuten errekak, aizkorarik ezagutu gabeko pagadiak. Han lasaitasuna aurkitzen zuela esaten zien lagunei, eta euskal pirinioa kutsatu gabeko azken tokia zela zioen. Bere lumarekin goraipatuak izatearen ohore bera inguru askok izango zuten gero, erraz berotzen zen horietakoa baitzen idazlea, baina Nafarroa toki kuttunenetakoa izan zen beti, hasieran eta azken urteetan ere. Garai honetan ibili zen baita euskal kostaldean ere, Donostian, Hendaian, Donibane Lohizunen edo Miarritzen, turista ibili ere. Arrastorik ere bere lanetan, ez badira aipuak edo narrazio motzen bat edo beste. Hemingwayk esaten zuen euskaldunek ekartzen zizkiotela gogora berak txikitan Michigango iparraldean ezagututako indiar tribuak. Oso harrigarri egiten zitzaion jende xehearen jatortasuna. Xahatoa arrotzari eskaintzea, dantzarako gonbitea jasotzea, tolesik gabeko jarrera natural eta sinple horiek, izugarri estimatzen zituen. "Hau bai lurra" esaten du Fiesta nobelako protagonistak Euskal Herriaz ari delarik. Gero etorriko zen 36ko gerra, Lehen Mundu Gerra, frankismoa... eta amerikarraren berririk ez Iruñeko lagunek. Kuban, ordea, hantxe ere berehala bildu zen euskaldunekin, eta irlan bizi izan zen hogei urte luzeetan, bere azken hogei urte luzeetan, mundu osoan idazle ezaguna egin zenean, Nobel Saria jaso zuenean,Euskal Herritik alde egindako talde hetereogeneo eta bitxia izan zuen koadrila. Gudariekin kaperau izandako apaizak, saltinbakiarena egindako marinelak, zestapuntistak, aduana buruak, abenturazaleak... Habana ondoko San Francisco de Paulako Finca Vigia mitikoan bisitari temosoenak izan ziren euskaldunak. 1953an Nafarroara berriro itzuli zenean ohituratu behar izan zuen aldaketekin. Hogei urte luze ziren, aldaketa asko, baina cicerone baten gisara gidatu zituen lagunak. "Dena aldatu da, baina pasatako garaietako gauza on guztiak aurki daitezke oraindik, baldin eta bilatzen asmatzen bada". Lekunberriko Aiestaran Ostatutik egunero, argitu orduko, abiatzen zen taldea Iruñeruntz, Lancia gorrian. Halako batean, Iruñerria janzten zuen gariaren urre kolore eta mitxoletaren gorriarekin miretsita hain segur, lur honek inoiz entzun duen lorerik ederrenetakoa jaso zuen idazlearen ahotik: "Lotsagarria da Van Goghek noizbait Nafarroa pintatzea lortu ez izana". Eta 1959ko bisitagatik bakarrik ezagutua izan behar. Argazkiak: Hemingway Museoko webgunetik eta Lur Entziklopediatik Euskonews & Media 106.zbk (2001 / 1 / 12 19) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria