105 Zenbakia 2001-01-05 / 2001-01-12

Gaiak

San Fermin Ikastola: Euskara hogeita hamar urtez Nafarroan

BERASATEGI, Mertxe

San Fermin Ikastola: Euskara hogeita hamar urtez Nafarroan San Fermin Ikastola: Euskara hogeita hamar urtez Nafarroan Mertxe Berasategi Arrizabalaga Euskonews aldizkarirako SAN FERMIN IKASTOLAk azken 30 urteotan egin duen bidea eta ikastolaren historiaurrea dei dezakegun aurreko urteetakoa azaltzeko gonbidapena atsegin handiz jaso badut, ez da inoren belarriak besterik gabe gozatzeko, baizik eta, nire ustez, Ikastolaren sorrerak Nafarroan euskara zabaltzen asko lagundu zuelako. Eta horrek du benetan garrantzia. Egia esan, nik baino askoz gehiago dakite eta nik baino askoz hobeki egin zezaketen lan hau garai hura bertatik bertara bizi zutenek. Hor dira Mugertza, Cortés Izal eta beste hainbeste guraso, irakasle eta abar, ikastolaren sorreran parte hartu zutenak. Horietako asko eta asko gaur egun ere ari dira, zorionez, ikastolaren eguneroko bizitzan parte hartzen. San Fermin Ikastolako lehen zuzendari Jesus Atxak liburu bat idatzi zuen ikastolaren historia biltzeko 25. urteurrenean: "25. urteurrena: mila bederatziehun eta hirurogeita hamar mila bederatziehun eta laurogeita hamabost (1970 1995)", San Fermin Ikastola zer izan zen eta batez ere hirurogeiko hamarkadako azken urteetatik aurrera euskalgintzari Iruñean eta Iruñerrian zer ekarpen egin zion jakin nahi duenak nahitaez irakurri beharrekoa. Niri dagokidana, beraz, laburpen txiki bat egitea besterik ez da, liburu horretan bildutako material oparoaren puskatxo bat hona ekartzea, alegia. NAFARROAN IKASTOLAK SORTZEKO LEHEN SAIOAK Jose Antonio Mugertzak egin zuen ganorazko lehen saioa mila bederatziehun eta hirurogeita hiruan (1963) Nafarroan ikastola bat sortzeko. Iruñera etorritako errenteriar hark hainbat ate jo zuen, eta jorratutako bide hari esker, lehendabiziko ikastola zabaltzeko baimena eman zion Jesus Laguna egungo Hezkuntza kontseilariaren aitak. Azaroaren 15ean Ntra. Sra. de Iranzu izenarekin abiatzekoa zen proiektu hartara 27 haur bildu ziren, baina, ikastetxea irekitzeko dena prest zegoenean, bezperan bertan,Laguna ikuskatzaileak, hau da, irekitzeko baimena ahoz eman zuen berberak, ikastola ezin zela ireki jakinarazi zuen; izan ere, Batzordeko kide batzuk "politikaren aldetik susmagarriak" ziren. Bigarren saioak, horrek bai, arrakasta izan zuen, orduan abiatu baitzen Nafarroako lehendabiziko ikastola. Ntra. Sra. de Uxue Ikastola hura Pozo Blanco kaleko 6an seian zegoen eta lau haur zituen. Mila bederatziehun eta hirurogeita bosteko (1965) urriaren 25a zen. Ikasturteak aurrera egin ahala gora egin zuen ikasle kopuruak, eta azkenean hamabi ziren. 1965 66 ikasturtean berrogeita hamar ikasle ziren, eta horrek lehenengo lekualdaketa ekarri zuen, Pozo Blanco kaletik San José plazara, leku gehiago behar baitzen. Urte hartan bertan, Jorge Cortés Izal hautatu zuten gurasoek ikastolako lehendakari. 1968an 200 ikasle zituen ikastolak, eta horrek, jakina, bigarren lekualdaketa ekarri zuen, Baionako etorbideko 40ra hain zuzen ere. Baina han ere denentzako tokirik ez, eta bi ikasgela egokitu izan behar zituzten Irrintzi Dorrean eta beste horrenbeste Lakartzela Mendia kalean. 1969 70 ikasturtearen hasieran 308 ikasle zituen Ntra. Sra. de Uxue Ikastolak. Sasoi hartan, dena zen arazo; izan ere, ikastetxea legeztatu gabe zegoen, eta ikasgelak sakabanatuta, baliabide ekonomikoak urriak ziren, instalazioak eta materialak eskasak, ikastetxearen titulartasunak arazoak eragin zituen ea Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen esku ala gurasoen esku egon behar zuen , diferentzia ideologikoak gertatu ziren erlijio eta gizarte gaiak zirela eta, urte haietan, ikastolak espiritu marxistak jota zeudelako ustea zabaldu zen, eta abar eta abar Gauzak horrela, mila bederatziehun eta hirurogeita hamarreko (1970) martxoaren hogeita seian, Batzordeak ohar bat bidali zien gurasoei, ikastola berri bat sortuko zutela iragarriz: San Fermin Ikastola. Haren egoitza Zizur Txikian egonen zen, Jainko Hitzaren Misiolarien ikastetxe seminarioan, haiekin lokal batzuen alokairua negoziatu eta gero. Gurasoeiesan zitzaien legez, ikastetxeak artzapezpikutzaren oniritzia zuen hori laguntza handikoa zen sasoi hartan eta hura izanen zen behin betikoz gurasoen ikastola. Apirilaren 2an egindako batzarrean, Ntra. Sra. de Uxue Ikastolatik bereiztearen aldeko botoa eman zuen gehiengoak, Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak berarena zela uste zuen hartatik alegia. Ikastola hartako 308 ikasletik, 270 San Ferminera pasatu ziren, eta halaxe ekin zion San Fermin Ikastolak bere bideari. Ikastola berrantolatu egin zen: Ramón Urmeneta zen lehendakari eta Javier Cunchillos, berriz, lehendakariorde. Jorge Cortesek nahiago izan zuen albo batean geratu, nahiz eta parte hartzen jarraitu. 1970 71 ikasturtearen hasieran irakasle gehiago sartu zen eta Jesus Atxak hartu zuen San Fermin Ikastolako lehen zuzendaria izateko ardura. Mila bederatziehun eta hirurogeita hamarreko (1970) abenduaren 3an jakin genuen, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zelako, "Centro Cultural San Fermin" legezkoa zela. Arazoak, baina, bata bestearen atzetik zetozen. Hona batzuk: Gobernuaren begiradapetik libratu ezinik lan egitea; materialik eta testu libururik eza; hezkuntza instituzio orotan, eta are gehiago sortu berrietan, beharrezkoak diren eztabaidak; ikuspuntu pedagogikoei buruzko eztabaidak; mutiko eta neskatoen hezkidetza; euskara ikasteko "murgiltze" metodoa; haurraren esperientzian oinarritutako ikasprozesua; lehiakortasunaren, memorizazioaren eta diziplinaren aurkako borroka; eskola laiko eta ez dogmatikoaren aldeko apustua; ikastoletarako nahi genuen kudeaketa eredua; ikastolek pribatuak ala publikoak izan behar ote zuten eta antzeko kontuen eraginez, ikastola osatzen zutenen arteko ikuspuntu ezberdinak kontrajarriak askotan agerian geratu ziren. Barrutik begiratuta ere, urte haiek zail zailak izan ziren. Eta jakina, Jainko Hitzaren Misiolariei errentan hartutako lokalak ez ziren nahiko, eta, hala, 73 74 ikasturtean, Milagrosa auzoko Santa Zezilia plazako etxabe batean egon ziren zazpi gela, Ntra.Sra. de Iranzu Ikastola alegia. Diru arazoei aurre egiteko, zozketak egin ohi ziren Gabonetan, txosnak jarri ziren sanferminetan O ko Andramari plazan eta erakusketak antolatu ziren Iruñeko Aurrezki Kutxan eta Ziudadelan. Izan ere, mila bederatziehun eta hirurogeita hamazazpia (1977) arte, Ministerioak ez zion inolako diru laguntzarik eman ikastolari, eta hala eta guztiz ere, ikasle kopuruak gora egiten zuen. Azkenean, mila bederatziehun eta hirurogeita hemezortzian (1978), Jainko Hitzaren Misiolariekin luze negoziatu ondotik, haien instalazioak erosi ziren, laurogeita bederatzi (89) milioitan. SAN FERMIN IKASTOLA KANPORA BEGIRA JARRI ETA IKASTOLA BERRIAK SORTZEA Sarritan, barne arazo gehien gertatzen den urteetan lortzen dira, kanpora begira, emaitzarik oparoenak, eta halaxe gertatu zen gurean ere; izan ere, San Fermin Ikastolak zerikusia izan zuen, modu batera zein bestera, ikastola berrien sorreran, eta parte hartu zuen garai hartan euskalgintzaren alorrean beharrezkoak ziren beste zeregin batzuetan ere. Arestian esan dugun bezala, ez geneukan ez materialik ez testu libururik, ez guk ez beste ikastolek ere, eta horregatik hain zuzen ere, ikastolei zerbitzu ematearren, KIDE izeneko denda ireki zen mila bederatziehun eta hirurogeita hamabiko (1972) ekainean, Etorkizuna, S.A.k sustatuta. Enpresa hori bera erabili izan zen bi urte geroago ere beste premia bati erantzuteko, premiazkoa baitzen gurasoak euskalduntzea. Eta halaxe sortu zen, hirurogeita hamalauko (74) udagoienean, Arturo Kanpion akademia, euskalduntze eta alfabetatze mugimenduan mugarri izan dena. Ikastolen Federazioa sortu gabe zegoen orduan, eta horrenbestez, gure ikastolari begira jarri ziren ezinbestean Nafarroako gainontzeko ikastolak. Halatan, irakasleen prakikak, udalekuen antolamendua, eskola materiala eta emaitza liburuxkak direla eta gure ikastolak zer egin, huraxe egiten zuten besteek ere. Ikastolen Federazioa mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseiko (1976) abenduaren 20an hasi zen lanean,eta ordura arte, San Fermin Ikastola izan zen, neurri handi batean behintzat, gaur egun Federazioak egiten duen aholkatze eta ordezkatze lan eragingarria egin zuena. IKASTOLA BERRIAK SAN FERMIN IKASTOLAREN BAITATIK SORTZEA Mila bederatziehun eta hirurogeita hamaseian (1976), tokirik ez zegoela eta, kanpoan geratu ziren 54 haur, eta arazoari aurre egiteko, batzorde bat eratu zen ikastolan bertan; hortik sortu zen handik gutxira, Fiteroko Monasterioa kalean, Blanca de Navarra Ikastola, bi urteren buruan Errotxapeako Ikastolarekin bat egin eta Herri Ikastola izanen zena. Urtebete beranduago, ordura arte San Fermin Ikastolako guraso izandako Luis Mari Lasak Donibane Ikastola sortu zuen izen bereko auzoan. Ikastetxe hark udal ikastolarekin bat egin zuen bi urte beranduago. Mila bederatziehun eta hirurogeita hemezortziko (1978) urtarrilean, gizarte eta politika arloko indar askok osatutako udal ikastola bat irekiko zuela iragarri zuen Iruñeko Udalak. Urtarrilean bertan, San Fermin Ikastolako 165 haur udal ikastola horretara pasa ziren. Kolpe latza jaso zuen orduan ikastolak, ez baitzuen inondik inora ere uste ikasturtearen erdian horrenbeste ikaslek alde eginen zuenik. Halere iragandako denborak gertakariak beste era batera ikusten laguntzen du , aitortu egin behar da Udal Ikastola sortu izanak asko lagundu zuela, bai orduan eta bai orain, euskararen irakaskuntza Iruñeko beste sektore batzuetara hedatzen. Hurrengo urteetan, ikasle kopurua handia zenez, berriro ere geratu ziren ikasleak gurean sartu ezinik, eta hala, mila bederatziehun eta hirurogeita hemeretziko (1979) irailean, Francisco de Jaso Ikastola sortu zen, San Fermin Ikastolak zeukan lege egitura berarekin, hau da, sozietate anonimo gisa. Hango zuzendaria ere bertako andereño bat izan zen: K. M. de Lezea. BATXILERGOAREN EZARPENA 78 79 ikasturtean Batxilergoa ezarri genuen, sasoi hartan Nafarroan halakorik egitea ezinezkotzat jotzen bazen ere. Batxilergoa ezarri ezean, gure ikasleek moztuta ikusiko zuten eureneskolatzea Oinarrizko Hezkuntza Orokorra bukatu ondoren, eta ezin izanen zioten ekin irakaskuntza ertainak euskaraz ikasteari. Fisika, kimika, filosofia eta antzekoak euskaraz egin zitezkeela pentsatze hutsak barregurea ematen zion bati baino gehiagori. Beraz, ez zen lan erraza izan batxilergoa ezartzea; izan ere, baimen ofizialik gabe hasi ziren urte hartan gure ikasleak, eta azterketak egiteko ikasle libre modura joan behar zuten Gurutzearen Plazako Institutura, artean bitan banatzen zena: mutikoak Vianako Printzean eta neskatoak Ximénez de Radan. Mila bederatziehun eta laurogeita bederatzi laurogeita hamar (1989 90) ikasturtera arte, BBBko 3. maila bitarte soilik egiten zuten bertan. Selektibitatea gaztelaniaz egin behar zutenez, pentsatzen genuen hobe zela UBI instituturen batean egitea, eta gainera, UBI garestiegia zen ikastolak inongo laguntzari gabe hari aurre egin ahal izateko, eta ikastolak ez zuen batere diru laguntza ofizialik jasotzen. 90ean, berriz, selektibitatea euskaraz egin ahal izatea onetsi zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan, nahiz eta ikasturte hartarako diru laguntza ofizialik jaso ez, Ikastolak UBI ezarri zuen, eta, euskaraz eginiko lehen hautaproba haiek gure ikasle guzti guztiek gainditu zituzten. EGUNGO EGOERA ETA DATORRENA San Fermin Ikastolak, gaur egun, 1.300 ikasle eta 124 langile ditu; horietatik 85 irakasleak dira eta 42 administrazioan eta zerbitzuetan ari direnak. Berrogeita lau mila (44.000) metro karratuko azalera du, 13.000 instalazioek hartzen dute eta gainontzekoa jolasetarako eta kirol jardueretarako erabiltzen da. Gure hezkuntz proiektuak 3 eta 18 urte bitarteko irakaskuntza betetzen du, eta Iruñerri osoko ikasleak etortzen zaizkigu. Une honetan, aurrekoen ahaleginari eta lanari esker, San Fermin Ikastolak sustrai sendoak dituela esan dezakegu. Hori hala da, baina ezin gara inozoak izan eta dena egina dagoela pentsatu. Aitzitik, dena dago beti egiteke. Aipatu berri dugun iragana eta egungo egoera oso antzekoak dira. Esan dugunlegez, Ikastolaren lehen urteetan traba ugari izan genuen legearen eta gizartearen aldetik eta egoerak ez zion ezertxo ere laguntzen euskarari, baina gaur egun ere, hemen Nafarroan, 2000 urtean, euskararen iraupenean eta garapenean tematuta gaudenok une zailak bizi ditugu, modu leun batean esateagatik. Lehen zozketak eta txosnak antolatzen genituen diru arazoei eta instalazio eskasiari aurre egiteko; gaur, berriz, urriaren 22an Nafarroa Oinezen jai ospatu egin dugu, aurten San Fermin Ikastolari baizegokion hura antolatzea. Baina, zergatik Nafarroa Oinez? galde diezaiokegu geure buruari. Bada, esan dezagun argi eta garbi: horren premia dugulako. Dirua behar dugulako noski instalazioak handitu eta zaharberritzeko, baldin eta LOGSEk ezartzen dituen betebeharrei erantzun nahi badiegu. Begibistakoak dira, hortaz, iraganarekiko antzekotasunak. AURRERA BEGIRA Atzera begiratzea ondo dago, hain zuzen ere horrela historiatik ikasi egiten dugulako eta aurrera egiten laguntzen digulako. Etorkizunak ardura digu. Hor ditugu zain erronkak. Horietako bat, jakina, Nafarroan euskararen iraupenaren eta garapenaren alde lanean jarraitzea da. Euskararekin zerikusi zuzena duten alorretan lan egiten dugunoi aurpegiratzen digute itolarria sentitzen dugula euskararen orainari eta etorkizunari buruz ari garenean. Eta saiatzen gara halakorik ez izaten. Baina ikusten badugu, esate baterako, frantsesaren edo gaztelaniaren etorkizuna dela eta batzuek bizi duten kezka eta haien etorkizuna bermatzearren eta haiek babestearren ezarri nahi diren neurri zuzentzaileak, eta ezarri ezartzen dituztenak, onartu egin beharko zaigu euskaldunoi ere kezkatuta egotea, haiek bezainbeste eta haiek bainoago ere, geure hizkuntzaren etorkizuna dela eta, zeren ez baitugu ahaztu behar hizkuntza gure arbasoek utzi diguten ondarea dela. Hortaz, eskubide osoa dugu babes neurriak eskatzeko. Zailtasunak eta erronkak nolakoak, neurriak halakoak. Horregatik, bada, NAFARROA OINEZek, eta San Fermin Ikastolak, beti, topaleku izanbehar dute biharko Nafarroak etorkizunean ikusi nahi izanen genukeen Nafarroak gizon eta emakumeen arteko harreman askeetan arbasoek utzitako hizkuntza bizirik gorde behar duela uste duten guztientzat. Hori da gure asmoa. Horrek, jakina, ez du inolaz ere esan nahi gainerako hizkuntzak ikasteari utzi behar diogunik, garbi dugulako eleaniztun izateak ateak zabaltzen dizkigula denoi, ez soilik gure ikasleei, merkatura irtetzeko eta, azken buruan, beste herri batzuekiko komunikazioa eta harremana sendotzeko. Hona etorkizunean gainditu beharreko beste erronka bat: ezagutza eta informazioaren gizartean nabigatzea. Komunikazio teknologiak etengabe ari dira berritzen, eta horrek ondo prestatuta egotera behartzen gaitu, gure ikasleak ondo prestatzera; komunikazioaren gizarte berri bat ari da sortzen, mugarik ez daukana, euskarri digitalean gure esku informazio kopuru ikaragarria uzten duena eta lanaren zein garapenaren aldetik aukera berriak eskaintzen dituena. Mundu horretan bizitzeko prestatu behar ditugu gure ikasleak. Euskarak ere lekua izan beharko du, eta berez badu, informazioaren gizarte berri horretan. Sortu zenean, Nafarroako sektore baten itxaropenak gorpuzten laguntzea izan zen San Fermin Ikastolaren asmoetako bat, eta helburu hori gaur egun ere hor dago. Errealitate horri apal apal baina etsi gabe egunero erantzutea da, hain zuzen ere, gure ilusiorik handiena eta era berean gure indarrik handiena ere. Mertxe Berasategi Arrizabalaga, San Fermin Ikastolako zuzendaria Euskonews & Media 105.zbk (2001 / 1 / 5 12) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria