Gai
zabalari buruz labur idaztea ez da erraza. Saiatuko naiz, hala ere,
gai korapilotsu honen inguruan oinarrizko puntu batzuk aurkezten.
Aldaketa bizian dago Europa osoa. Gizarte aldaketa, aldaketa politikoa,
ekonomikoa... eta, oroz gain, kultur aldaketa sakona, zientzia eta
teknikaren garapen azkarrak gizartean zabaltzen dituen bitartekoen
bidez, ezagutza eta komunikazio intentsiboan zimendatutako gizarte
berria tajutzen ari baita. Aldaketa orokor horren barruan kokatu
behar da Europako unibertsitateetan dagoen aldaketa giroa.
Bolognako deklarazioaren garrantzia (1999-6-19) 2010erako markatzen
dituen helburuez gain, helburu horiek lortzeko ezartzen dituen bideetan
dago. Urtebete lehenago Sorbonako deklarazioak argi utzi zuen ezinbestekoa
zela epe laburrean Europan goi mailako hezkuntzaren espazioa sortzea,
honetarako berehala integrazio neurriak hartuz estatu ezberdinetan.
Unibertsitate publiko nahiz pribatuak deitu zituzten oinarrizko
egokitze batera, Europaren barruan graduatuen mugikortasuna eta
enplegua ziurtatzeko. Gainera, modu honetan Europako goi hezkuntza
erakargarri bihurtu nahi zen Europatik kanpoko ikaslegaientzat.
Bolognan markatutako bidea sei puntu hauetan zehazten da: unibertsitate
ikasketak bi ziklo nagusitan banatzen dira, gradu-aurrekoak (gutxienez
3 urte) eta gradu-ondokoak (masterra eta doktoradutza); titulazio
sistemen konparagarritasun erreala; kreditu sistema orokortua; ikasle,
irakasle, ikerlari nahiz administrazio langileen mugikortasuna;
kalitatea ziurtatzeko lankidetza; Europako beharrezko unibertsitate-dimentsioak
sustatzea.
Argi dago datozen zazpi urte hauetan Europako Unibertsitate Espazioa
osatu nahi dela, behar bezalako konbergentzia urtez urte indartuz.
Honek, jakina, neurri sakonak hartzea eskatzen du estatu ezberdinetan.
Neurri politikoak, hasteko. Neurri ekonomikoak ere bai, ez bakarrik
legediaren alorrekoak. Kontuan izan behar da, gainera, alde batetik,
unibertsitate publikoen autonomia eta, bestetik, unibertsitate pribatuen
dependentzia euren jabeenganako. Kontuan izan behar da baita ere
unibertsitate bakoitzak bere historia duela, normalean bere kulturan
errotua dagoela eta bere hizkuntza edo hizkuntzak erabiltzen dituela.
Konbergentzia prozesuan agenteak unibertsitateak dira eta unibertsitateak
barrutik proiektu argiak asumitzen direnean aldatzen dira eta ez
kanpotik soilik legea edo dirua erabiliz, nahiz eta gizartearen
presioa faktore indartsua izan hainbat aldaketa bultzatzeko.
Ez zuen, nire ustez, Espainiako Gobernuak Unibertsitate Lege berria
egiterakoan batere asmatu. Europako konbergentziaren aitzakitan
unibertsitate publikoei espazioa murriztu zien, legea bera ia-ia
lege eta erregelamendu bihurtuz. Ondorioz, Espainiako unibertsitate
publikoek presaka egin dituzte estatutuak. Hauxe da, bistan denez,
UPV-EHUn gertatutakoa.

Euskal Autonomi Erkidegoan laster izango da Euskal Unibertsitate
Sistemaren legea. Zirriborroa ikusita, esan daiteke hiruzpalau puntu
nagusitan ekarriko diela hobekuntza unibertsitateei. Irakaslego
kontratatuari bidea zabaldu egiten dio, ikerketaren esparruari daukan
garrantzia ematen dio, kalitatearen ebaluaziorako eta kreditaziorako
agentzia sortzen du, eta oinarri ekonomikoa ziurtatzeko modua finkatzen
du. Ez da gutxi, gauden mugetan gaudela. Inozoak ginateke geure
mugen mugak ezagutu eta kontuan hartuko ez bagenitu. Lege berri
honek aurrera urrats garrantzitsu bat emateko aukera ematen du.
Kondizio politikoak egiazki hobetzen badira, bistan da, pauso gehiago
emateko aukera izango da. Gogoan izan behar da lege berriarekin
unibertsitate berriak ere sortzeko bidea zabalik egongo dela. Zergatik
ez Euskal Unibertsitatea?
Europa mailan gauzatu nahi den unibertsitate konbergentzia ez da
dekretuz lortuko. Geure ikasketak kanpoan egin genituenok, ongi
dakigu zein eredu ezberdin segitzen dituzten Frantziako, Erresuma
Batuko edo Alemaniako unibertsitateek, hiru estatu nagusi aipatzearren.
Ez da hitz egin nahi uniformizazioaz, hitz honek irudi txarra sortzen
duelako, baina oinarri-oinarrian eredu gisa funtzionatuko luketen
zimendarri uniformeak jartzen ez badira, dibergentziak segituko
du konbergentziaren izenpean. Zazpi urte hauetan egintzak behar
dira, ez arau soilak. Kalkulatu al da konbergentzia horrek zenbateko
kostua izango duen gurean? Prest al gaude kostu hori, gizartearen
oniritziarekin, ordaintzeko? Ikerketari 2010erako eman behar zaion
tamaina, urtez urte Barne Produktu Gordinaren (BPG) ehunekoa ikerketarako
dezente altxatuz, ziurtatzeko konforme ote gaude? Unibertsitatean
eta ikerketan diru publikoa nahiz pribatua behar haina inbertitzeko
ados jarriko ote gara? Honetan oso garbi hitz egin behar da: baliabideak
beti daude mugatuta eta gauza baterako erabiltzen duguna ezin besterako
erabili. Ezin.
Bolognako deklarazioaren helburuak betetzeko hainbat arazo sortzen
ari da Europako unibertsitateetan. Nago gurean oraindik ez garela
jabetu deklarazio horrek eskatzen dituen neurrien izaera eta kostuaz.
Europako Batasunean gutxi gorabehera 3.300 goi hezkuntza zentro
daude. Mendebaldeko Europa osoan, Europako Batasunean sartzear dauden
estatuak ere kontuan hartuz, 4.000tiko gora dira. Begi bistan dago
hainbeste zentroen artean denetik dagoela, oso onak, onak, ez horren
onak, txarrak eta oso txarrak. Nola egingo da konbergentzia, zirkunstantzia
hauetan, lehenagotik ez badira gauzak argitzen? Berlinen biltzekotan
dira Europako Batasuneko estatuetako Hezkuntza eta Ikerketa ministroak
aurtengo irailean. Prest ote daude goi hezkuntzarako BPGaren ehunekoa
behar haina igotzeko? Prest ote daude fiskalitatea egokituz unibertsitate
eta ikerketarako diru ekarpen pribatua bultzatzeko? Erraza da beti
erreferentzia gisa Amerikako Estatu Batuetan gertatzen dena aipatzea,
baina ez da kontuan hartzen hango unibertsitate eredua eta, oro
har, Europan dagoena (daudenak) ez direla berdinak.

Ez dago batere dudarik. Ezagutzan oinarritutako gizarte demokratiko
batean, ezagutzaren produkzioa, transmisioa, zabalkundea eta, baita
ere, teknologi transferentzia ez da kostu gutxikoa. Hitz egitea
errazagoa bihurtu da azken aldi honetan benetan egitea baino. Egin
egin behar da. Egiturak egin, mantendu eta garatu.
Zazpi urte geratzen bazaizkigu, zergatik ez behingoz indartu ikasleen
mugikortasuna, irakasleen arteko trukea Europako unibertsitateen
artean, ikerlarien mugikortasuna, titulazioen parekotasuna (ikasketa
programa sendoak ziurtatuz), traba administratibo guztiak ezabatuz?
Esan dezadan argi baino argiago: irakasleek, gutxienez, ingelesez
hitz egiten ongi jakin behar dute eta Europako beste hizkuntza nagusi
bat ere bai, esaterako, alemana. Zer esanik ez, ikasleek beste hainbeste.
Konturatzen al gara zein den gaurko gure egoera? Noizko ingeles
hutsezko ikasgaiak gure zentroetako gradu-aurreko titulazioetan?
Noizko doktorego programak ingeles hutsez?
Kalitatean gora egin behar dela ez du inork ukatuko. Agerian dago,
ordea, gorentasun maila, definizioz, ezin duela unibertsitate orok
erdietsi. Beraz, kalitatean jada aurrean egon eta aurrera egiten
duenak bakarrik lortuko du maila hori. Kalitate kontuan, beste gainontzeko
kontuetan bezala, mailak daude, hau da, ordena eta hierarkia. Ez
dago ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Gauza ona litzateke gai
honetaz gogoeta sakona egitea Euskal Herrian, bertako gaur egungo
unibertsitateen eta sor daitezkeen berrien leku propioa zein izan
daitekeen pentsatzeko.
Bukatzeko, berriro esango dut: Europako goi hezkuntzako espazioan
eta Europako Ikerketa Espazioan Euskal Unibertsitate Sistema eta
Euskal Ikerketa Espazioa sendo txertatzeko baliabide ekonomiko ugariak
eta kondizio politiko aproposak behar ditugu. Beharrezkoak dira.
Baina, ez engainatu, ez dira aski.
Jesus M. Larrazabal Antia, logikaria
Argazkiak: Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Fakultateko webgunetik
(http://www.ehu.es)
|