Euskararentzat lur berri bila
* Traducción al español del original en euskera
Kike Amonarriz

Putzu sakon eta ilun bat

"Euskara putzu sakon eta ilun bat zen" idatzi zuen Arestik, frankismopeko Bilbo erdaldun haren erditik. Eta hitzak abesti bihurtu eta Euskal Herri osoa hartu zuten mendean: "Guk euskaraz, zuk zergatik ez?". Euskaldunon hizkuntza komunitatea putzu sakon eta ilun batean zegoen, baina handik ateratzeko erabaki kolektiboa hartua zegoen. Lur berri baten bila abiatu ziren, aurreagoko askoren segida ziren aitzindari haiek.

 
Txirrita

"Erdera ez zen bakarrik kapaz, euskerak lagundu dio" kantatu zuen berriz Txirritak, euskararen atzerakadan, kanpo faktore indartsuez gain, etxe barrukoen eragina eta ardura ere nabarmenduz; "Hemen dago ama bat, bere haurrek hila" ohartarazi zigun urtetara Xalbadorrek bertso ezin minagoetan.

Euskaldunak, euskal hiztunak dituzte gogoan poetek. Izan ere, gizartea, funtsean pertsona eta taldeen arteko harreman sarea da, eta sare hori josteko erabiltzen den haria da hizkuntza. Hizkuntza, batez ere komunikazioa da, unean uneko hizkuntza skomunitatearena batetik eta belaunez belaun, mundu ikuskera berezkoa eta berezia sortu duen hizkuntza komunitatearena, bestetik.

Gurera etorriz, esan genezake, euskal hizkuntz komunitatea, esparru komunikatibo bat dela, euskaraz egiten duten pertsona, talde eta erakundeez osatua, eta euskara dela komunitate hori, esparru hori eraikitzeko eta osatzeko tresna nagusia.

Mendetan zehar, harreman sare eta egitura sozial horrek eutsi dio euskarari, era berean euskara izan delarik egitura eta sare hori josi dituena; ondorioz, euskara prestigiozko eta beharrezko hizkuntza zen komunitate horretan Xabier Erizek "Nafarroako Euskararen Historia Soziolinguistikoa" liburuan azaldu digunez. Euskararen galera, batez ere, euskal komunitatearen barne egitura haustetik etorri da. Euskararen kontrako neurrien helburua hain zuzen ere hori izan da, euskarak bete behar zituen funtzioak, beste hizkuntza batez ordezkatzea, komunitatearen barne egitura eta harreman sareak ahulduz, transmisioa eteteraino. Iñaki Larrañagak aipatu izan duen bezala, gure hizkuntza komunitateak erdal itsasoak inguraturiko artxipielago baten itxura hartu du.

Asko izan dira ordea, galera prozesua galgatzeaz gain, euskal hizkuntza komunitatearentzat lur berri bila abiatu izan direnak gure historian zehar. Gurea ere lur berri bila abiatutako belaunaldi bat da. Gogoan ditugu lehen gau-eskolak, ikastolak, kantagintza berria, euskarazko lehen telebista programak... Bidearen zati bat egin eta aurrera egin duen sentsazio garbia dugu gehienok; putzua ez da horren sakona eta horren beltza. Ez zen zaila ordea, aurrera egitea, gentozen lekutik etorrita! Hobekuntza nabarmenak gertatu dira, baina euskarak ahuldade endemikoaren sintoma nabarmenak ageri ditu oraindik.

Krisi garaia

Urteek aurrera egin ahala, galderak eta kezkak pilatzen ari zaizkigu: horrela iritsiko al gara norabait? Nora iritsi nahi dugu? Nora iritsi gaitezke? Daramagun abiaduran, ez al digute beste batzuek lapurtuko lur berri hori? Bidelagun nahi genuen asko zergatik ez dator gurekin? Zergatik utzi dio bidea egiteari horrenbeste jendek? Joan al gaitezke bizkorrago? Eta joan al gaitezke gehiago? ...denok?

 
Bernardo Atxaga

Impassea, bidegurutzea, birdefinizioa, aldaketa... "Gure belaunaldiko benetako lehen krisia" esaten zuen Bernardo Atxagak urtarrileko Larrunen. Eta ohartu bazarete euskalgintzan eta euskararen inguruko hausnarketetan, gero eta maizago entzun eta irakurtzen diren hitzak dira horiek guztiak.

Badirudi, lehenengo eta behin gure mundu kontzeptuala eta gure diskurtsoak doitu, aberastu, findu eta elikatu egin behar ditugula. Duela 20-25 urte sortu genituen tresna kontzeptualak, egiturak, legeak eta estrategiak errebisatzeko garaia heldu da. Hizkuntza Politikaren eta euskalgintzaren oinarri diren estrategiak, funtsezko ideiak eta parametroak egoera sozio-politiko-linguistiko-ekonomiko berrira egokitu beharra dauzkagu (ikus Iñaki Martinez de Lunaren iritziak Jakinen azken alean).

Eta hizkuntza politikak aldatzekotan, estrategia politikoak ere mugitu beharko dira.

Ezin dugu ahaztu bestalde, mundu gero eta konplexuago, aldakorrago eta intererlazionatuago batean bizi garela. Ingelesa ere, gero eta geureagoa da eta guzti honek eragin zuzena du euskararekiko jarrera eta balorazioetan, erabilera esparruetan eta kultur merkatuan. Gaur egun, ingelesa, alemaniera, gaztelania, japoniera, txinera eta errusiera alde batera utzita, denak gara hizkuntza txikiak (elebakarren portzentaiak, ofizialtasun mailak eta hizkuntza komunitatearen bizi-indarrak markatzen dute diferentzia).

Hizkuntzen arteko harremanen eta hizkuntzen arteko borroken esparrua guztiz zabaldu da eta gaur egun jaiotzen ari den belaunaldiak beste erlazio sistema bat du aurrean: mundua etxean du eta eraikitzen ari garen hizkuntza komunitatea eta herria gero eta mundukoagoak dira.

Guztiona da

 
Euskara guztioina da

Gure komunitatean bestalde, jada ez dago euskal elebakarrik. Gure aukera da eta izango da hizkuntza bat ala beste erabiltzea, transmititzea, lantzea... Ezinbestekoa zaigu beraz, euskararekiko atxikimendua, gogoa edo motibazioa sendotzea, hizkuntzaren ikuspegi integratzaile batetik. Besteak beste, herritarren borondatea eta bizi nahia izango baitira euskararen biziraupenaren giltza. Euskara, gizarte kohesiorako eta ez banaketarako elementu izan dadin, euskal komunitatearen aniztasuna eta erakargarritasuna landu behar ditugu, erdaldun (eta gazte euskaldun) askoren artean, "euskarak" sortu eta jaso dituen estereotipoak gaindituz edo ugalduz. Euskararen aldeko diskurtsoa hedatu beharra dago eta erdaldunengana iritsi, euskararen aurkako diskurtsoak neutralizatuz.

Biztanleriaren adostasun zabala ez duten hizkuntza politikek nekez lortuko dute arrakasta.

Eta euskararentzat nahi dugun lur berri horretan hizkuntza bizikidetza posible izan dadin, bada ezinbesteko oinarri lorgarri bat: euskararen ezagupena sozialki orokortzea. Alegia, eskolatzen diren haur guztien euskalduntzea bermatzea. Eta hau esanda, ñabardura garrantzitsu bat erantsi behar dugu: irakaskuntzaren helburu nagusia, ezin daiteke izan hizkuntzaren ikasketa hutsa, baizik eta haur eta gazteen komunikazio ahalmena bermatzea eta hizkuntzarekiko atxikimendua segurtatzea.

Horretarako, hizkuntza transmisioa eta erreprodukzio soziala ziurtatuko duten mekanismoak eta programak garatu behar dira: etxeko hizkuntza prestigiatzetik eta erabilera bermatzetik hasita, haurraren ingurua euskalduntzeraino: irakaskuntza, eskolorduz kanpoko zerbitzuak, kultur alorreko eskaintzak eta aisialdiko zerbitzuak eta kontsumoak.

Guzti honek gaur egungoa baino hizkuntza politika eraginkorragoa, koordinatuagoa eta zabalagoa eskatzen du, administrazio maila guztietan.

Goza nazazu gehiago

Kulturgintzara eta komunikabideetara etorriz bi ardatz jorratu beharko liratekeela uste dut: sorkuntza eta produkzioak sendotu batetik, eta banaketa eta produkzio horren sustapena indartu bestetik.

Euskara eskuragarri(ago) jarri behar dugu eta erakargarri(ago) bihurtu Interneten, zinemetan, komunikabideetan, musikan, aisialdian,... Gure etorkizuna neurri handi batean, gure bizitasun demografiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean jokatzen dugu. Euskaraz izango dugun eskaintzaren kalitatean, berezitasunean eta eskuragarritasunean.

Alor desberdinetako eskaintzan ditugun hutsune nabarmenak detektatu behar ditugu (prentsan, irratian, telebistan, zineman, liburugintzan eta kulturgintzan oro har) eta hutsune horietan sorkuntza mekanismoak abiarazteko aukerak eta bideak finkatu.

Plangintzak, normalizazio proiektuak, araudiak... hezurdura dira, eta bizi eta gara daitezen, bihotza, giharra, beroa emango dieten zerbitzu, eskaintza eta produktuak behar ditugu.

Ekoiztea ordea ez da nahikoa. Orain arteko politikak produkzioa bultzatzera zuzendu dira, batez ere, eta une honetan euskarazko kultur produkzioaren sustapenaren premia gorria nabari da. Dugun eskaintza, ezagutarazi, sustatu eta eskueran jarri behar dugu, era horretan, hartzaile multzo berrietara eta orain arte iritsi ez garen sektoreetara heldu ahal izateko. Norabide horretan, kultur eragileen apustu ausartagoak eta administrazioaren babes zabalagoa ezinbestekoak izango dira.

Nora goaz bide galdu honetatik?

Eta azkenik, garai politiko zail, mingots bezain interesgarri hauetan, euskararen lur berri horretara iritsi nahi badugu eta, Toni Mollàren ideia alokatuz, hizkuntza normalizazio prozesua, gizarte kohesiorako proiektu gisa ulertzen badugu, iruditzen zait ezinbestekoa dela, erakundeen eta gizarte eragileen arteko kooperazioa eta koordinazioa, gizartearen trinkotze prozesua sendotzeko, hizkuntza normalizazio prozesua bideratzeko eta beronen legitimazio soziala indartzeko.

Herritarren eta gizartearen gehiengoaren atxikimendua eta administrazioen eta gizarte eragileen arteko elkarlana ezinbestekoak izango dira, zailtasunak eta inertziak gainditzeko, ilusioa pizteko eta hedatzeko, aurkako erasoak neutralizatzeko eta estatuen interes politiko-ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Nolabait esateko, euskararen Lizarra Garazi moduko batera iristea, non distentsio egoera batean, eragile politikoak eta sozialak minimoetako adostasun batera helduko diren.

Ez dakit lur berri hori ikusiko dugun, baina bidaiak merezi du.


Kike Amonarriz
Argazkiak: Auñamendi, http://www.galtzaundi.com, Eusko Ikaskuntza


Euskonews & Media 201. zbk (2003 / 02-28 / 03-07)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza