Hezkuntza esparru ez formalak, euskarazko alfabetatzearen garapenerako eremu historikoak.
* Traducción al español del original en euskera
Ana Eizagirre Sagardia

Alfabetatua-eskolatua, binomio banaezina bailitzan ikusi ohi ditugu bi errealitate hauek. Maila batean ez da harritzekoa. Inguruan ditugun estatuetan, Espainian zein Frantzian kasu, eskola izan da azken berrehun urte hauetan herritarrak estatu-hizkuntzan alfabetatzeko erabili den tresnarik garrantzitsuena. Herritarren artean eskolaratze fenomenoa zabaltzearekin batera lortu nahi izan da, eta hala lortu ere, euskaldunak erdalduntzea, eta gaztelaniaz edo frantsesez alfabetatu-oso bihurtzea. Era berean, estatu-hizkuntzen ezarpenak ekarri duen ordezkatze prozesuari muga jarri nahi izan zaion unean, gizarte zein kultura mailan euskara berreskuratzeko oinarrizko giltzarria izan da eskola. Zentzu honetan, indar eta energia asko jarri da gure herri honetan eskola euskalduntze lanean, klandestinitate egoeratik gero eta errealitate normalizatu eta formalizatuagoan bilakatuz doan ikastolen mugimendutik hasi eta, egun, euskal eskola nazionala eraiki asmoz burutu eginahal desberdinetaraino. Azken berrogeita hamar urteetan oinarrizko eskolaratzearen bitartez lortu da gero eta haur kopuru handiagoa (euskaldunak zein erdaldunak) euskaraz alfabetatu-oso izatea. Euskarazko alfabetatzearen hedapenean (lehenago gaztelaniarenean eta frantsesarenean bezala) azken hamarkadetan eskolak izan duen zeresana ukaezina da.

Dena den, alfabetatzeari buruz egin azken azterketa historikoek erakutsi digute "alfabetatua-eskolatua" ez dela betidanik eman den ez eta nonahi aurki dezakegun binomioa. Alfabetatzearen fenomenoa ez da eskola esparruak eskaintzen duen eredura mugatu ez eta mugatzen ere. Irakurtzen eta idazten ikasteko eta gaitasun hauek praktikan jartzeko esparru zehatz eta garrantzitsua izan da eskola, baina ez da bakarra izan ez eta izango ere. Alfabetatzea gizarte, kultur eta hezkuntzazko fenomenoa den heinean, baita gure historian ere, komunikazio espazio eta esparru desberdinetan garatu da. Alfabetatze testuinguru desberdinak ditugu, ikaskuntza eta erabilerarako testuinguru soziokultural desberdinak. Are gehiago esango genuke euskararen kasuan, euskarazko alfabetatzearen ereduaren ezaugarri historiko esanguratsuak ez-formal esparruetan bilatu behar ditugula diogularik. Euskarari eskolaren ateak itxi zaizkion garaian (gogoratu XIX. mendean zein XX.ekoaren erdi artekoan, oro har, euskarari utzi zaion lekurik iraunkorren edo argiena dotrinaren irakaskuntzarena izan dela) baina baita gerora ere, euskarazko ikaskuntza-irakaskuntzaren boom-aren garaian, euskaraz irakurtzen eta idazten ikasteko zein gaitasun hauek erabiltzeko egokitu diren gizarte aukerak eskolaz kanpoko hezkuntza esparruetan garatu diren aukerak izan dira. Eskola eremutik at, nolabaiteko egitura formalizatuaz, haur eta heldu euskaldunen alfabetatzea bultzatu izan duen hainbat hezkuntza esperientzia topa dezakegu azken berrehun urteetan. Horra, XX. mendeko 60 hamarkadan abiatu eta ikastolen mugimenduaren bilakaeraren antzeko formalizatze eta erakundetze prozesua bizi izan duen Helduen Alfabetatze eta Euskalduntze mugimendua. Gaueskola, euskaltegi edota barnetegi deiturez ezagutu ditugun hainbat ikaskuntza-irakaskuntza eredu ez-formal eskainiz, heldu euskaldunak, eta baita heldu erdaldunak ere euskaraz alfabetatzen lan eskerga egin duena.

Baina orrialde hauetara ekarri nahi dugun esperientzia hamarkada batzuk lehenagokoa da. Esparru formalek eskaini formazio ereduari jarraitu baino ahozko kulturaren espazio informaletik gertuago egonik, kultura idatziaren txertatze eta garapenerako zubi-lana eginez, irakurketa eta idazketaren ikaskuntza eta erabilera publiko zein pribatua bultzatzera zuzenduriko kultur adierazpen hezitzaile eta alfabetatzaile apartekotzat hartzen duguna: Donostiako "Euskal itz-jostaldietaz" (1879-1895) eta Gipuzkoako "Euskal Festetaz" (1896-1913) ari gara. Eskola esparru erakundetuan euskararentzat tokirik apenas zegoen garaian, ospakizun hauek, hasieran behintzat hezkuntza espazioei -bere horretan- atxikitzen zaizkien ezaugarri nabarmenik ez eduki arren, bere antolatzaileen asmo eta bultzaturiko ekintzengatik espazio eta esparru hezigarri izan ziren eta, aldi berean, euskarazko alfabetatzeari eduki kultural eta ideologiko (tradizioetan oinarrituriko euskal identitatea) zehatza eman zioten.

 
Gipuzkoako Diputazioa, udala eta beste agintariak Irungo Euskal Festetan. 1903ko irailaren 27an

Ia berrogei urtez iraun zuten " Euskal itz-jostaldiek", euskara berreskuratzea eta euskarazko literaturaren produkzioa errebindikatzea zutelarik helburu. Berauen antolaketaz hasieratik arduratu zen Batzordeak (Udaletxea eta Diputazioaren artean osaturikoa),"Euskal-itz-jostaldien Batzarreak" alegia, bere estatutuetan zioen legez "El Consistorio tiene por objeto procurar por cuantos medios estén a su alcance la conservación y propagación de la lengua bascongada, y estimular el cultivo de su especial literatura. Podrá además extender du esfera de acción, en cuanto se lo permitan los recursos con que cuente, a la conservación y propagación de nuestra música popular". Batzarrea Hitz-jostaldiak antolatzeaz gain, euskararen erabilera eta zabalpenaren aldeko bere ahotsa entzun arazten saiatu zen beste gizarte eta hezkuntza eremuetan ere, Diputazioarentzat edota beste edozein erakunde edo partikularrentzat aholkularitza lana eginez, eragile gisa hainbat ekinbide bultzatuz, zenbait ekitaldi publikotan ordezkaritza lana eginez etab. Finean, Donostiako eta Gipuzkoako kultur bizitzan parte hartu zuen erakundea izan zen Batzarrea, erlazio instituzionalak ezarriz eta euskararen zabalkunderako ekintzak eraginez.

Zestoako Euskal Jaiak 1898ko irailaren 28an.

Euskal itz-jostaldiak, zehazki, lau esparru nagusiren inguruan antolatu ziren: literatur lehiaketa, musika lehiaketa, txistu eta danbolin lehiaketa, eta bertsolarien saioa. 1884. urtetik aurrera, emanaldi publikoa borobilduz joan zen beste ekitaldi batekin, "hogei minutuz euskara hobekien irakurri eta idazten zuten 10etik 15 urte bitarteko gazteentzat" eskaintzen hasi ziren sariarekin hain zuzen. Donostiako Euskal Hitz Jostaldi hauek literatur eta arte izaera nabarmena zuen ospakizun publikoaren inguruan antolatzen ziren, Donostiako Antzoki Zaharrean sari banaketaren aitzakian egiten zen jaialdian. Geroago, 1896tik aurrera, "Euskal Festak" izenpean ospatzen ziren festen barruan txertatuak izan ziren, Gipuzkoako herri desberdinetara zabalduz euskal letren inguruko jaia zestoa. Egoera aldaketa hau, izan ere, Diputazioak Gipuzkoan ospatu ohi ziren ganadu erakusketei eman nahi zien bultzada berriaren eraginez etorri zen. Modu honetan, Diputazioak ospakizun berean bilduko zituen nekazal eta ganadu erakusketak eta literatur lehiaketak, Festen barruan tarte berezia eskainiz itz-jostaldi edo Lore Joko hauei. Literatur festari zegozkion zatiak hasierakoen berdintsuak ziren: literatur lehiaketa, musika lehiaketa eta bertsolarien saioa. Era berean, mantendu zen 15 urtetik beherakoentzako idazketa eta irakurketa lehiaketa (1902az geroztik euskara-gaztelera/gaztelera-euskara itzulpen ariketekin zabaldu zen lehiaketa hau), eta 1899. urtetik aurrera, beste lehiaketa bat erantsi zitzaion "15-tik 30 urtera bitarteko euskal-irakurlerik onenari, Gipuzkoako izkeran eta Batzar-epalleak siñalatuko dion beste batean, ala itz-larri edo neurtuetan" sariarena.

 
"Euskal-Erria" aldizkariaren lehen alearen azala (1880 urtea).

Lehiaketa-ospakizun hauek literaturaren historiaren ikuspegitik izan dezaketen balioaz ez gara gu arduratuko. Aldiz, euskarazko alfabetatzearen eredu historikoaren eraikuntzarako jaialdi hauek duten esanahia da guk hemen azpimarratu nahi duguna. Zentzu honetan, festa hauek ahozkoa eta idatzizkoak topo egingo zuteneko kultur espazio berria suposatu zuten, elizatik at eta eskolatik at. Euskararen ahozko adierazpenaren sustapena, ahozko kultura tradizionalean txeratuta, bertsolarien saioetan, saritutako lanen irakurketa publikoan, deklamazio ariketetan, antzerki emanaldian, gazteen irakurketa-idazketa ariketetan etab. ikus dezakegu. Euskarazko idazketa eta irakurketaren ikuspegitik dimentsio berri garrantzitsua ematen digute festa hauek, hots, azaltzen duten efektu biderkatzailea. Saritzen ziren obrak urteroko memorietan, monografiatan, orri solteetan edota, ondoren, "Euskal Erria"eta "Euskalerriaren Alde" aldizkarietan argitaratuak izaten ziren heinean, euskaraz idatzitakoaren bolumena hazi eta irakurlego berria lortzen lagundu zuten. Euskal Erria aldizkariak (festen bozeramale ofizialak) eta urteroko memorien eta lan monografikoen argitalpenek eskaintzen zuten euskarritik, egun bateko gertaera bera, lehiaketa eta festa zena, gainditu egiten zen, idazketarako eta irakurketarako sare iraunkorra finkatuz. Festa hauen inguruan sortu argitalpenek euskaraz irakurtzeko ohitura jarraia garatzeko posibilitatea eskaini zuten.Euskarazko idazketa eta, batik bat, irakurketa gizarteratzeko modu berriaren aurrean gaudela esan dezakegu. Argitalpen hauek zenbaterainoko harrera izan zuten ezin dugu ebaluatu, baina ordura arte gutxi garatutako esparruan irakurketarako eskaintza iraunkor berria ireki zena baiezta dezakegu.

Euskararen erabileraren zabaltze ekintzetan, bestalde, festa hauetako beste elementu bat azpimarratzekoa da, 15 urtetik beherako gazteentzat antolaturiko irakurketa eta idazketa ariketak edo azterketena alegia. Lehiaketa mota honek, alde batetik, norbaitzuengan euskarazko irakurketa eta idazketaren irakaskuntza prozesua (edo ikaskuntza behintzat), nolabaitekoa, egon bazena pentsatzera garamatza. Eta testuinguru hartan, eskolak euskarazko irakaskuntza dotrinaren ahozko irakaskuntzara mugatzen zuenekoan, eskola curriculumetik kanpo egon zitezkeen irakurketa eta idazketarako hainbat ikaskuntza-irakaskuntza modu edo estrategia posible aintzat hartzera behartuak gaude. Bestetik, bertako zenbait partehartzailek (Loyarte, Echegaray…)izaniko ondorengo proiekzioa ikusirik, litekeena da ariketa horiek zenbait gazterengan, bederen, etorkizunean ere euskaraz irakur eta idatz zezan akuilu-papera bete izana.


Ana Eizagirre Sagardia, Hezkuntzaren Teoria eta Historia Saila
Euskal Herriko Unibertsitatea
Argazkiak: Auñamendi


Euskonews & Media 199. zbk (2003 / 02 / 14-21)

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko aleak | Números anteriores | Numéros précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com



QUIENES SOMOSPolítica de privacidadAvisos LegalesCopyright © 1998 Eusko Ikaskuntza