Bernardo
Atxagari Eusko Ikaskuntzak bere saria eman diola-eta hitz batzuk
idazteko eskatu didate. Hemen, labur-labur, hiru atal ezberdin
aipatuko ditut Atxagari buruz.
Lehenengo eta behin,
Atxagaren literaturarekiko jarrera azpimarratuko nuke. Bizitza
osoa eskaini baitio, gazte zenetik, literaturari. Hamazazpi urterekin
ezagutu genuen elkar eta lagun bilakatu ginen. Garai hartan, pittin
bat beranduago apika, erabaki zuen Atxagak literaturarekiko apustua
egitea. Literatura eta bizitza bat izango ziren ordutik aurrera
bere kasuan. Eta gaur egun ere horretantxe jarraitzen du. Literatura
ikasbidea da, literaturan ikasitakoak bizitzeko balio digu eta
gure bizitza literatura bihurtzen dugu idazleok. Orain, arrakasta
eta onespena erdietsi ondoren, badirudi oso erraza dela horrelako
apustu bat aurrera eramatea baina badakit nik hasierako garai
haiek ez zitzaizkiola batere errazak eta samurrak gertatu Atxagari.
Ezagutu bainituen nik bere garai zail haiek. Hala ere, bera izan
zen bakarra bide horretatik aurrera egin zuena, dena utzi eta
literaturgintzan murgilduz, euskal literaturgintzan hobeto esanda,
hau da, euskaraz idatzitakoan, noiz eta Francoren diktaduraren
garai latz eta beltz haietan. Eta horrek meritu handia du, benetan.
Gaur egun idazle gazte batek, bide horretatik joatea erabakitzen
badu, askoz errazago dauka dena baina garai zail haietan oso gutxik
uste zuten hortik jo zitekeenik ere. Sinistu egin behar zen eta,
gero, adorea izan. Atxaga izan zen lehena hori egiten. Baikor
eta indartsu azaldu eta abiatu zen jende asko ezkor eta kikilduta
zegoenean.
Gero, urteak eta
urteak eman ditu neke gabe idazten. Eta hor dago bere obra eskerga
jendearen gozagarri. Genero ezberdin ugari ukitu ditu eta denetan
aritu da bikain. Bere zenbait liburu klasiko bihurtu dira dagoeneko
eta esan daiteke adin guztietako jendeak irakurri dituela bere
lanak, bai belaunaldi batekoak zein hurrenekoak ere. Antzerki
lan, haur eta gazteentzako literatura, poesia, ipuinak eta nobelak,
hitzaldiak, jende aurreko emankizunak, irratirakoak... denetik
landu du urte hauetan, ikus daitekeenez, beti ere maisuki eta
modu ezin bikainagoan.
Hirugarrenik, eta
aurrekoarekin lotuta, bere lanak euskal literaturaren historian
izan duen eragina datorke. Bide berri asko urratzeak ondorio hori
baitakar, alegia, zenbait arlotan aitzindari izatearena. Gaur
egun idazle gazte askok idazten du, dudarik gabe, Atxagaren lanaren
eraginpean. Garbi ikus daiteke hori poesia aztertzen badugu, eta
baita musika talde askoren letrak entzuterakoan. Atxagaren eragina
bizi bizirik dago. Eta Euskal Herritik kanpora begira jarrita,
bera izan da bakarra halako arrakasta itzela lortzen zenbait hizkuntza
ezberdinetan. Hainbat itzulpen izan dituzte bere liburuek eta
halako arrakastaz eta oniritziz gainera non euskal literaturaren
izen ona barreiatua izan baita han eta hemen mundu osoan barrena.
Beste Bernardo batek, Etxeparek, zioen hura, - "Euskara,
jalgi hadi mundura" - ez da zoritxarrez bete, bai ordea "Euskal
Literatura, jalgi hadi mundura" eta hau Atxagaren obrari
esker suertatu da. Eta ez da gutxi, kontuan izanda herri txiki
bateko hizkuntza gutxituan sorturiko literaturaz ari garela. Beraz
eta amaitzeko, esan dezaket aski ongi merezitako saria dela Atxaga
idazle aitzindariak jasoko duen hori.
Joxemari Iturralde, idazlea
Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza |