Natalia Díez Caballero, Hirukide-Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioko zuzendaria
"Familiak ez daude modan"
* Traducción al español del original en euskera
Ismael Diaz de Mendibil

Natalia Díez CaballeroUgalketa tratamenduen ondorioz, azken urteotan gora egin du jaiotza ugarien kopuruak. Horrela, lehenengo haurra izateko asmotan zebiltzan bikoteek, maiz, familia ugari bihurtuta ikusi dute beren burua, seme-alabarik ez izatearen kezkaren lekua, bat baino gehiago izatearen buruhausteak hartuz. Sendagileen kontsultak utzitakoan, Euskal Herriko familia ugarien elkarteetara jotzen dute. Ez zaie galdetzen haurrak natural edo artifizialki ernaldu ote dituzten, baizik eta hiru seme-alaba edo gehiago, edota bi, bata ezgaitua, izanagatik dauzkaten eskubide eta laguntzen berri ematen zaie. Natalia Diez Caballero, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru elkarteak bere baitan hartzen dituen Federazioko zuzendaria dugu. Ongi baino hobeto ezagutzen ditu familien eta seme-alaben gorabeherak, etxean 11 baitira guztira.

-Euskonewsen ale honetan, guraso izan nahi arren, arrazoi bat edo bestegatik, haurrik eduki ezin duten bikoteei medikuntzak ekarri dizkien abantailak ditugu aztergai. Nabaritu al duzue zuen elkarteetan, zuen bazkideen artean, familia ugaria izatearen atzean ugalketa tekniketara jo izana dagoenik?
Ez gehiegi, baina horrek ez du esan nahi kasu berezirik ez daukagunik. Gero eta gehiagotan izaten dira erditze ugariak, hirukienak batez ere. Agian intseminazio artifizialera jo dute, edo lagundutako ernalketaren tratamenduan ibili dira, baina guk ez diegu horrelakorik galdetzen. Elkarteetako bazkide izateko eskatzen dugun gauza bakarra familia ugaria izatea da, hau da, hiru seme-alaba izatea, edo bi, baldin eta batek ezgaitasun motaren bat baldin badu.

-Gogoratzen al duzu kasu berezirik?
Bai. Bikote batek lau seme-alaba espero zituen, baina azkenean hiru izan zituen, erditzea konplikatu samarra izan eta bat hil egin zelako. Hiru horietako bat, gainera, minusbaliatua jaio zen.

-Horrelako kasuetan, zure ustez, sendagilearengana haurrak izateko laguntza eske joaten diren bikote hauek, guraso izatearen aurrean pozarren egon arren, ez al ditu bat-batean bi, hiru seme-alaba edo gehiago izatearen ezustekoak hartzen?
Bai, txunditzekoa da, dudarik gabe. Baina, hasierako ezustekoa gainditu ondoren, poza bikoitza edo hirukoitza izaten da. Hala ere, ilusioz aurre egiten jakin beharra dago. Batzuetan ikaratuta deitzen digute, galdetuz ea nolakoak diren Eusko Jaurlaritzak familiei zuzentzen dizkien laguntzak, noiz jarriko diren martxan, zer eskaintzen duten...

-Natalia Diez Caballero, Hirukideko zuzendaria izateaz gain, familia ugari bateko alaba dugu.
Bai, bederatzi anai-arreba gara.

-Bizitza honetan gauza guztiek omen dute beren alde ona eta txarra. Zeintzuk izango lirateke etxean 11 lagun izatearen argi-ilunak?
Demokrazia batean jaiotzen zara, dena elkarbanatu beharra daukazu. Seme-alaba bakarra denak ez daki hori zer den. Txikitan, ezin genituen gure lagunek bezalako gutiziak izan: pagak, bidaiak... Hori bai, matematiketan zalantzaren bat izanez gero, beti zegoen anai-arrebaren bat laguntzeko prest. Ah! Eta garbigailua! Egunean lauzpabost aldiz jarri beharra!

-Zenbat familia ugari daude egun Euskal Herrian?
Ez daukat Nafarroa eta Iparraldeko daturik, baina EUSTATen 1996ko datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan 50.000 baino gehiago daude. Hala ere, gure elkarteetan 1.500 familia bakarrik daude izena emanda.

-Datuek erakusten dutenaren arabera, bide luzea gelditzen zaizue oraindik, familia ugarien elkarteak sortu berriak baitira oraindik.
Bai, hiru urte eta erdi dira lehenengoa sortu zela. Legeriak ez zuenez ezer aurreikusten familientzat, guraso batzuk, arazoaz jabetuta, elkartu egin ziren, eta, beste zenbait gauzen artean, elkarte hau sortu zuten, nazkatuta zeudelako bakarka joaterakoan kasurik egiten ez zitzaiela ikusteaz. Beren helburu nagusia ez zen eskariak egitea, baizik eta familia ugariekin zuzen joka zedila aldarrikatzea. Azken urteotan hazi egin dira gure elkarteak, eta hemendik gutxira familia ugarien lehen euskal biltzarra antolatuko dugu.

-Zer eskaintzen die bazkideei familia ugarien elkarteen federazioak?
Hasteko, informazioa, familia ugariek ez dituztelako beren eskubideak ezagutzen. Instituzioek berek ere ez dakite familia ugarien titulu bat dagoenik, eta dagozkigun hobariak eskuratu ahal izateko txartel berezi bat behar dugula. Argi dago interesatua bera mugitzen ez baldin bada, inork ez diola horretan lagunduko.

-Eta zeintzuk dira laguntza horiek?
Oraingoz gutxi dira, eta dauden gehienak unibertsitate hezkuntzarako (publikoa zein pribatua) eta garraio publikoetarako ematen dira. Lan munduari dagokionez, legeak esaten du gaitasun berberak izanik, familia ugarietako gurasoek izango dutela lehentasuna kontratatzeko orduan, baina agindu hori ez da betetzen. Etxebizitzen aldetik, hiru seme-alaba edo gehiago dauzkaten familiek babes ofizialeko etxeak jasotzeko lehentasuna daukate, baina hori ere ez da betetzen. Familia ugarien legea frankismoaren garaikoa da, 1971koa, Konstituzioa baino lehenagokoa, eta eguneratu egin behar da, guztiz zaharkituta dagoelako. Ez dauka zentzurik. Eusko Jaurlaritzak gai honen inguruan ia eskuduntza guztiak dauzka transferituta, eta, dirudienez, borrokan urteak eman ondoren, azkenean maiatzean jarriko du abian familiei laguntzeko plana. Ez da gure gustuko legea, ezta gutxiago ere, baina behintzat lehenengo pauso bat da.

-Lehenengo pauso bat besterik ez bada, zer aldatuko dute zuen ustez etorkizuneko arauek?
Gauza asko. Fiskalitatean, errentaren gaineko zergan adibidez, oso aldaketa garrantzitsuak egin daitezke. Miranda de Ebrotik behera bizi diren familia ugariek abantaila gehiago dauzkate errentaren aitorpena egiterakoan, eta horrek ezin du horrela jarraitu. Elkarteetan dauzkagun familia batzuek kredituak eskatzen ibili behar izaten dute errentako kanpainetan ogasunen kobrantzei aurre egiteko. Ez da bidezkoa gure seme-alabak mantentzeko behar dugun dirua kentzea. Europako beste edozein herrialdetan, hemen baino egoera hobean bizi dira.
Beste kontu bat etxebizitzena da. Babes ofizialeko etxeen kupo bat familia ugariei gordetzeko eskatu diogu Etxebizitza Sailari, eta, dirudienez, ondo hartu du gure eskaria. Familia batzuk alokairuan bizi dira, zortzi urte daramatzate zozketetan parte hartzen, edo 60 metro karratuko etxeetan bizitzen, baina etxe baten jabe direnez, ezin dute beste handiago bat erosi, eta dauzkaten diru-sarrerekin ezin dute merkatu librean sartu.

-Eta zertan dira laguntza ekonomiko zuzenak?
Europako beste herrialdeekin konparatuz gero, oso atzeratuta gabiltza. Hemengo enpresa ugaritan, emakume askorentzat ikaragarrizko arazoa da haurdun gelditzea. Europako iparraldeko herrialdeetan, berriz, 18 hilabeteko baimenak izaten dituzte, eszedentziak hartzeko mila aukera, eta laguntza ekonomikoak. Eusko Jaurlaritzaren laguntza plana lehenengo pauso bat besterik ez dela esaten nuen lehentxeago. Eszedentzien atalean, adibidez, laneguna murrizten duten edota eszedentzia bat hartzen duten gurasoentzako 300.000 eta 400.000 pezeta bitarteko laguntzak aurreikusi dira. Orain bertan Hirukideko bazkidea den Osakidetzako erizain baten kasua datorkit gogora. Epaitegietara jo behar izan zuen amatasunagatik eszedentzia eskatzeko zeukan eskubidea betearazteko. Honekin esan nahi dudana da oraindik asko falta zaigula. Beste autonomia erkidego batzuetan, Katalunian adibidez, gu baino aurreratuago dabiltza familia planen kontuetan. Familia ugariek ekarpen bat egiten diogu gizarteari, daukagun errenta daukagula. Eusko Jaurlaritzak zerga zuzenetatik jasotzen duenarekin osatzen du bere aurrekontuaren %58, eta zerga zuzenetan gehien ordaintzen dutenak familia ugariak izaten gara. Beste alde batetik, gizartearentzako onuragarriak gara, gure seme-alabek pentsioen etorkizuna bermatzen dutelako. Aipatu beharra daukat familiaren euskal planak behar adina haurtzaindegi zabaltzeko asmoa daukala, eta, behar izanez gero, ordutegiak 12 orduetara arte malgutzeko prest dagoela. Hala eta guztiz ere, plan hau lehenengo pauso bat da guretzat. Urrutirago joan beharra dago, eta beste esparru batzuetan ere sartu (garraioa, aisialdia eta kultura, lana...).

-Instituzioek familiei bideratzen dizkien laguntzez mintzatu gara orain arte, baina, konturatzen al dira enpresa edo entitate pribatuak familiak gaur egungo gizartean duen balioaz?
Hiruzpalau hilabetez promozio bat bultzatu genuen Eroskirekin, erosketetan %10eko deskontua lortzeko, eta oso ongi atera zen. Baina Eroskik ez zuen aurrera jarraitu, ez zituelako espero bezalako onurak lortzen. Orain Carrefour eta Telefónicarekin ari gara negoziatzen. Egia da zaila dela entitate pribatuetan bideak urratzea. Administrazio publikoak motelak izango dira, baina ez dakit enpresa pribatuak motelagoak ez ote diren.

-Eta, gizarteak, sustatu beharreko balio gisa ikusten al du familia? Baloratzen al du?
Familiak ez gaude modan. Ez gara Manos Unidas edo Todos con Africa bezalakoak. Gizartea ez da konturatzen seme-alaba bat izatea zeinen gauza ederra den. Horren kontzientzia piztu beharko genuke.

-Gora ala behera egiten ari da balio hori?
Berriz ere baloratzen hasi da, oso mundu materialista batean bizi bagara ere. Baina dena ez da dirua, edo oporretan urrutira joatea, edo autorik onena eta etxerik handiena izatea. Familiak berriz ere modan jarriko dira.

Natalia Díez Caballero

Natalia Díez Caballero Vitoria-Gasteizen jaio zen, duela 29 urte. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Hirukide-Euskadiko Familia Ugarien Elkarteen Federazioa zuzentzen du. Eskiatzea du hobby-rik gogokoena. 8 anai-arreba dauzka. Ez daki zenbat seme-alaba izan nahiko lituzkeen. Familiekin zuzen jokatzea da bere helburua.


Argazkiak: Ismael Diaz de Mendibil


Euskonews & Media 165.zbk (2002 / 5 / 3-10)


Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved