"Ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiro hezkuntza" ikerketa lana: Hezkuntzaren hobekuntzarako proposamen bat
* Traducción al español del original en euskera
Arantzazu Guruceaga

Komunikabideetan hezkuntza gaietaz hitz egiten denean muturreko egoerak dira gehien islatzen direnak, hau da, esaten da ikasleak ez direla ahalegintzen, ez dutela ezer ikasten... e.a. 2002 urtearen lehen hiru hilabetea horrelako eztabaiden adierazle egokia izan da benetan. Adostasun handia dago hezkuntzarekin guztiz kontent ez dugula egon behar esaten denean, baina arazoak zein diren mugatzerakoan adostasun eza oso aipagarria da. Nire ustez, adibidez, oso kezkagarria da ikasleen ikaste prozesuan ez dugula pentsatzen ikustea, soilik ikasleek bukaeran izan beharko lituzketen emaitza batzuetan pentsatzen baita. Horrela, konponbideetan pentsatzerakoan arreta gutxi jartzen zaio ikasleek burutu dezaketen ikaste prozesuaren hobekuntzari, eta jaramon guztiak ikastetxeetako testuinguruak eta bereziki diziplina arazoak deiturikoak jasotzen dituzte. Hortaz, aurretik diot "Ikaskuntza esanguratsua eta ingurugiro hezkuntza" deitutako ikerketa lanak duen asmo sakona hezkuntzaren eta bereziki Ingurugiro hezkuntzaren hobekuntzarako proposamen jakin bat egitea dela, hobekuntzaren oinarrian ikasle jakinen ikaste prozesuaren hobetzea kokatzen delarik. Era berean esan behar dut hobekuntzarako egiten dudan proposamen hori oinarri esperimental batekin sendotua aurkezten dudala.

Novak adituak, 1978 urtean jada, ingurugiro hezkuntzarako baliagarria zen lan ildo berritzailea aurkeztu zuen. Novakek ingurugiro hezkuntzaren emaitzak hobetzeko, hau da, ikasle jakinen ikaskuntza eraginkorragoa izateko eta hauen jarrera aldaketa positiboak lortzeko, proposamen jakin bat egiten du: giza ezagutzaren eta ikaskuntzaren izaerari buruz dakiguna hezkuntzarekin orokorrean eta bereziki ingurugiro hezkuntzarekin erlazionatu behar dela. Bere ustez Toulmin, Kuhn eta Ausubel bezalako egileen ekarpenak hezkuntzara aplikatuko bagenitu hobekuntza aipagarriak jasoko genituzke. Proposamen honek hurrengo urteetan etekinak eskainiko ditu, Ausubel/Novak/Gowinen marko teorikoaren pean burutzen diren ikerketen emaitza positiboak ugariak direlarik (Luckok, Disingerrek eta Rothek, 1982; Stilwellek eta Brodyk, 1987; Brumdsted, 1990: González, F. Mª., eta Iraizoz, N.,1994, 1995, 1996-1997). Nire ikerketa lan honek Novaken lanaren ildo [lerro] honekin bat egiten du.

IKASKUNTZA ESANGURATSUA

Ausubelen ekarpena den eta Novakek berreskuratzen duen "ikaskuntza esanguratsua"ren planteamendua da hemen jaso nahi duguna. Ikaskuntza esanguratsuari buruz esan daiteke gizakion ikaste prozesu berezkoa dela, eta honek azken finean suposatzen duela informazio berria gizabanakoak jadanik duen egitura kognitibo batek asimilatua izatea. Asimilazioa, Ausubelentzat, pertsona batek ezagutzen dituen kontzeptuen artean ezartzen dituen harreman hierarkikoetan oinarritzen da. Ezagutza berriaren asimilazio horretan gertatzen da inklusore funtzioa betetzen duten kontzeptuek beste kontzeptu espezifikoagoak asimilatuz gizabanakoentzat esanahia jasotzen dutela. Ikaskuntza esanguratsua eta bertan gertatzen den ezagutza berriaren asimilazio prozesua Novakek hezkuntzaren bere teoriaren erdian kokatzen ditu. Gainera eransten du ikaskuntza memoristikoa eta esanguratsua giza ikaskuntzaren continuum berean kokatzen dira, eta gizabanakoak informazio berriarekin eratzen dituen harremanen izaerak baldintzatuko du gizabanako jakin hori ikaskuntza memoristikotik ala esanguratsutik hurbilago dagoen.

IKASKUNTZA ESANGURATSUA ERRAZTEN DUEN ETA IDENTIFIKATZEN DUEN TRESNA: KONTZEPTU MAPAK

Novakek bere hezkuntza teoria honekin bat datorren tresna, eta gainera ikaskuntza esanguratsua antzemateko eta errazteko balio duen tresna da kontzeptu maparena. Kontzeptu mapak pertsona edo ikasle batek gai baten inguruan duen ezagutzaren irudi eskematiko eta adierazgarria erakusten digu, ondorioz, ikasleen ikaskuntza esanguratsua isla dezakeen tresna da baita ere. Kontzeptu mapa batean aurkituko ditugu kontzeptuak, hauek hartzen duten antolaketa hierarkikoa eta beraien artean ikasleak esplizitatzen dituen loturak, horrela, kontzeptuei esanahia ematen dieten proposizioak ere adierazten direlarik. Kontzeptu mapa batean erabiltzen diren kontzeptuen antolaketak argitzen digu maparen egileak zein puntutaraino islatzen duen ikaskuntza eta ezagutza esanguratsua edo memoristikoa. Kontzeptu mapen ezaugarri hau da hain zuzen ere guk hartu duguna ikerketaren ardatz nagusi gisa. Bertan kontzeptu mapak aztertu ditugu eta ikasle jakin batzuek burututako ikaste prozesuaren ezaugarriak antzeman ditugu.

IKERKETAREN GARAPENA

Bi izan dira ikerketa lan honetan proposatu ditudan hipotesiak. Lehenengo hipotesian hauxe diot: Ikaskuntza esanguratsuaren adierazle gehiago aurkituko ditugula, Novaken instrukzio esperimentala aplikatzen dugun ikasleengan, beste ikasleengan baino. Eta bigarren hipotesian berriz diot ikaskuntza esanguratsuagoa burutu duten ikasleengan bereziki jarrera positiboagoak eta koherenteagoak aurkituko ditugula. Hipotesi hauei aurre egiteko, ikerketa kualitatibo edo kasik esperimentalari dagokion diseinua proposatu dugu. Proposamen honetan berritzailea den instrukzio modulu baten diseinua eta inplementazioa burutzen da. Instrukzioaren aurretik eta ondoren, ikasleen erregistro desberdinak egiten dira, kontzeptu mapak eta elkarrizketa Piagetiar eraldatuak erabiliaz. Hauen azterketa konparatiboen emaitzak dira hipotesiekin alderatzen direnak.

(Sakatu irudiaren gainean mapa ikusteko)

INSTRUKZIO ESPERIMENTALA

Instrukzio esperimentala aurkezterakoan, lehenik eta behin esango dugu berritzailea izatearen asmoa izan duela eta horretarako ikaskuntza esanguratsuaren baldintzetara hurbildu nahi izan dugula, kontzeptu mapak eta UVE diagrama bezalako tresna metakognitiboak erabili direlarik. Esan behar da Novaken LEAP proiektuaren eredua jarraitu dugula. Erantsi behar dugu instrukzioaren gaia desertifikazioa izan zela.

(Sakatu irudiaren gainean mapa ikusteko)

EMAITZAK

Novaken marko teorikoan oinarritutako instrukzioa burutu duten ikasleen artean desertifikazioaren inguruan ezagutza aipagarriagoa azaldu dute, akats gutxiagorekin. Hobe bereizi dituzte giza ekintzak eta prozesu klimatikoak, bi kontzeptuek esanahi aberatsagoa jaso dutelarik. Azkenik esan behar da bi kontzeptu horietako bakoitzak jaso duten esanahien artean sortutako erlazioak gehiago izan direla , ondorioz, talde esperimentaleko ikasleek desertifikazioari esanahi aberatsagoa eskaini diotelarik.

(Sakatu irudiaren gainean mapa ikusteko)

Bereziki, kontutan hartzekoa da kontrol taldeko ikasleen artean, eta ez berriz talde esperimentalekoen artean, arrunta izan dela instrukzioaren ondoren akats kopurua handiagotzea eta desertifikazioa kontzeptuaren inguruan desberdintzapen mailakatu oso eskasak agertzea (ikus irudiak). Hala ere, Desertifikazioa kontzeptuari ikasleek orokorrean eskaini dioten esanahiak arazo sakonak aurkeztu ditu baita ere, adibidez elkarrizketetan, eredu katastrofista eta sinplista maiz agertzen dituzte, adibidez, basamortuaren muturreko baldintzak bat-batean sortzen direla esaten dutenean. Ingurugiroko arazoen aurrean ikasleek eredu oso sinplistak erabiltzeko joera agertzen dute, sinplismo hori azaltzen da adibidez basamortuaren hedapena momentuko gertakari baten emaitza bezala ikusten dutenean, eta ez berezkoa duten konplexutasunean. Bestalde, talde esperimentaleko ikasleek desertifikazioarekin lotura pertsonal gehiago eta irtenbide inplikatuagoak proposatu dituzte. Azkenik, esan behar da talde esperimentaleko ikasleek desertifikazioari buruz eratu duten diskurtso orokorra, kontrol taldeko ikasleek egin dutena baino landuagoa eta koherenteagoa azaldu dela.

 
Gertatze probabilitatea
Talde esperimentalean instrukzioaren ondoren Ur-basatiak kontzeptua  desberdindu dute  kontrol taldeetan baino gehiago
% 9'2
Talde esperimentalean instrukzioaren ondoren lehortea kontzeptua  desberdindu dute  kontrol taldeetan baino gehiago
% 23
Talde esperimentalean instrukzioaren ondoren KEG kontzeptua  desberdindu dute  kontrol taldeetan baino gehiago
% 28
Talde esperimentalean instrukzioaren ondoren klima kontzeptua  desberdindu dute  kontrol taldeetan baino gehiago
% 23

Hau da, ikerketa honetatik ondorioztatzen dugu Novaken marko teorikoaren erabilpenak eta aplikazioak erraztu egin duela ikasleen ikaskuntza esanguratsuagoa eta hauen jarrera aldaketa positiboagoa garatzeko aukera. Bukatzeko esango dugu hezkuntzaren eta bereziki ingurugiro hezkuntzaren hobekuntza lortzeko ikasleen ikaskuntza esanguratsua bultzatu beharko genukeela eta horretarako Novaken paradigma teorikoaren ezagutzetik eta bere aplikaziotik etor daitekeela.

BIBLIOGRAFIA

  • Brumsted, Ch., (1990). The Degree of Student Engagement in Meaningful Learning Using Cooperative Learning and Student-Selected Subject Matter in Environmental Studies. Unpublished M.S. thesis. Ithaca, NY: Cornell University, Department of Education.

  • Stilwell, S. eta Brody, M. (1987). Cross Cultural Analysis of Student Understanding of Marine Science and Natural resource Concepts Related to the Gulf of Maine. Proceedings of the Second International Seminar on Misconceptions and Educational Strategies in Science and Mathematics. Cornell University, Ithaca, NY, USA, II liburukia, 490-498 or.

  • González, F. Mª., eta Iraizoz, N. (1994). Los mapas conceptuales. Un ejemplo de aplicación en el diseño curricular e instruccional en ciencias. La Escuela en Acción, IV liburukia, 13-18 or.

  • González, F. Mª., eta Iraizoz, N. (1995). "Errores conceptuales en alumnos de enseñanza primaria: Implicaciones educativas". En Estudios de Pedagogía y Psicología, Vol. 7, 67- 116.

  • González, F. Mª., eta Iraizoz, N., (1996-1997): "Diagnosis de Errores Conceptuales en Ciencias y Reflexiones para el Cambio Conceptual". Huarte de San Juan (Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatea). 2-3 zenb. 57-90 or.

  • Novak, J. D. (1978). A Theory of Educaction as a Basis for Environmental Education. Jerusalem. Bakshi, T. S. and Naveh, Z. (eds.). Environmental Education. Principles, Methods and applications liburuan. 129-138 or. New York: Plenum Press.


Arantzazu Guruceaga, irakaslea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztutako lehen tesiaren autorea

Euskonews & Media 160.zbk (2002 / 3-22 / 4-5)


Artikulu honi buruz zure iritzia eman - Opina sobre este artículo

Dohaneko harpidetza | Suscripción gratuita | Abonnement gratuit |
Free subscription


Aurreko Aleak | Números anteriores | Numéros Précedents |
Previous issues


Kredituak | Créditos | Crédits | Credits

Eusko Ikaskuntzaren Web Orria

webmaster@euskonews.com

Copyright © Eusko Ikaskuntza
All rights reserved