Azken
orduko aldaketarik egoten ez baldin bada, datorren apirilaren
26an zabalduko ditu ateak Artiumek. Hainbat tira-bira eta eztabaida
politiko gainditu ondoren, Arabako Arte Garaikidearen Museoak
erakusgai ipiniko du bere bilduma zabala. Aurreikuspenen arabera,
90.000 bisitari espero ditu lehenengo zortzi hilabeteetan. Arabako
azken urteotako kultur azpiegiturarik garrantzitsuena da Artium,
erreferente bihurtzeko asmo garbia duelarik. Bertako zuzendaria,
Javier González de Durana, helburu zehatz batekin aritu
da lanean, profesional talde batez inguraturik: arte garaikidea
gizartearengana hurbiltzea. Gonbidatuta zaudete: apirilaren 26tik
aurrera, Vitoria-Gasteizen.
-Zein ekarpen
egingo dio Artiumek Arabari, eta, esparru zabalago batean, Euskal
Herriari? Artiumen asmoa, Arabako
eta Euskal Herriko gizartearen eta kultura garaikidearen arteko
lotura gune estu, sendo eta sakona izatea da. Kultura garaikidea
pentsaera artistikoaren bilakaerarekin konprometituta dago, baina
baita ere artean oinarrituz gizartearen interesekoak diren beste
gaiei argitasuna eman edo bere ikuspuntua adierazten dien beste
pentsaerekin ere. Artearen ardatza bizitza da, bizitzaren alderdi
formal eta ideologikoak, eta beraz Artiumen alderdi horien guztien
gaineko adierazpen artistikoa "ikusi" ahal izango da.
-Zerekin egingo
du topo Artiumeko ate nagusia zeharkatzen duen bisitariak? Bisitariak esperientzia
artistiko desberdinak erakutsiko dizkion gertakari artistikoak
topatuko ditu, eta gertakari horiek informatu egingo dute, pentsarazi,
eta plazer sentsoriala emango diote -nahiz eta batzuetan, pentsarazteko,
hain justu plazerraren aurkakoa behar den-. Alegia, pertsona gisa
eta bere garaiko subjektu sozial gisa aberastu egingo duten jarduerak
aurkituko ditu.

-Eta zer espero
dute Artiumek eta bere zuzendariak bisitariengandik? Jakin-mina eta ezagutzeko
gogoa.
-Artiumek,
bere lehenengo zortzi hilabeteetan, 90.000 bisita jasotzea espero
omen du. Aurreikuspen horrekin ez al duzue zuen burua babestera
jo? Ez, inola ere ez. Urtean
135.000 bisitari izango genituzke. Asko da hori. Konparatu, bestela,
Valentziako IVAMek 2001ean izan dituen 230.000 bisitariekin. Kontuan
izan museo hori milioi bat biztanle baino gehiago dauzkan hiri
batean dagoela, hamabi urteko historia duela, gure aurrekontuaren
hirukoitza duela, eta gure museoa baino askoz ere handiagoa dela...
Museo horrek ez du guk aurreikusten ditugun bisiten bikoitza ere
izan. Beraz, ez nuke esango aurreikuspen txikiegia egin dugunik.
Nik oso baikorrak izan garela esango nuke, ausartegiak beharbada.
Bartzelonako MACBAk, hain garrantzitsua izanik, guk lortu nahi
ditugun antzeko emaitzak izaten ditu.
-Artiumen etorkizunari
dagokionez, ezezkorrenek diote Arte Garaikideko Museo bateko bilduma
iraunkorra ez dela urtean bisitari asko jasotzeko behar bezain
erakargarria...
 |
 |
Arte bildumen helburu
nagusia, bilduma hori norberarena izan edo maileguan hartutakoa
izan, ez da bisitariak erakartzea. Hori da, gaur egun, museo baten
arrakasta neurtzeko orduan egiten den akatsik handienetariko bat.
Artea sentsazio eta pentsaerak probokatzeko da, ez jendea besterik
gabe erakartzeko. Hori, artxibo historikoen arrakasta artxibo
horiekin lanean dabilen ikertzaile kopuruaren arabera neurtzea
bezalakoa izango litzateke. Ez. Artxiboek funtzio sozial eta kultural
bat betetzen dute; berdin du zenbat ikertzaile ari diren horiekin
lanean: 10, 100 edo 100.000. Museoekin gauza bera gertatzen da:
jendea, beharra eta gogoa duelako joaten da museoetara. Beharrik
edo gogorik ez duenak ez du zertan etorri behar, eta guk ere ez
dugu jende hori etortzera behartu behar. Egin behar duguna programazio
paregabe bat prestatzen saiatzea da, eta programazio horren berri
ahalik eta ondoen eman. Gero, nahi duena etor dadila. Ni ez nago
prest gure museoaren arrakasta bisitarien kopurua bezalako gauza
manipulagarri eta kulturaz kanpoko baten arabera ebaluatzeko.
Hala ere, inongo lotsarik gabe esan dezaket ahalik eta jende gehien
erakartzen saiatuko garela, baina horretarako gure helburuak inolaz
ere ukitu gabe.
-Baikorrenek,
ostera, Arabako kultur bizitzan erreferente berri bat izango dela
diote. Hori pentsatzen dutenei
arrazoia ematen saiatuko gara.
-Oker al dabiltza
Artium Arabako turismoa indartzeko motor bat izango dela pentsatzen
dutenak? Gehiegizkoa iruditzen
zait Artium motor turistiko garrantzitsu bat izango dela esatea.
Museoak bisitariak erakarriko ditu, dudarik gabe, baina motorra,
izatekotan, Erdi Aroko Kaskoaren, Santa María katedralaren
eta Artiumen arteko ekintza bateraturen bat izango da. Denborarekin,
hirukote horri Errioxako upeltegi batzuen arkitektura garaikidea
ere gehituko zaiela espero dut.
-2002
urterako hiru milioi eta erdi euro baino gehixeagoko aurrekontua
du Artiumek. Nahiko kopuru apala dirudi halako museo batentzat.
Hala al da? Nahikoa da gure hasierako
helburuak betetzeko. Nolanahi ere, kontuan izan behar da zenbateko
horretan ez direla Artiumek izango dituen beste partida ekonomiko
batzuk sartu; esate baterako, obra artistiko berriak eskuratzeko
izango dituen 150 milioi pezetak edo zaharberritze gastuetarako
25 milioiak. Gure kasuan, bi partida horiek Arabako Foru Aldundiko
Kultur Sailarenak dira, baina gastu hori gure erabakien araberakoa
izango da.
-Zure iritzian,
zergatik egiten diote muzin entitate pribatuek kultur proiektuetan
parte hartzeari? Artiumen kasuan ez
dut muzinik nabaritu. Orokorrean enpresarien aldetik nolabaiteko
interes gabezia sumatzen baldin bada kultur proiektuei dagokienez,
proiektu horiek zein abantaila ekarriko dizkien ondo azaldu ez
zaielako da, edo onura txikiak emango dizkietelako. Eta baliteke
hori baliabide pribatuak lortu nahi dituen kultur erakundeek behar
bezalako antolaketa eta egitura juridikoa ez izateagatik gertatzea.
-Zein izango
da zuen kudeaketaren helburua? Erakusketak antolatuko dituen museo
erakargarri bat izateko asmoa duzue, ala artistek artea landu,
ikertu eta praktikatzeko zentro bat? Kudeaketaren bidez,
gure zeregina eraginkortasunez eta efizientziaz betetzen saiatuko
gara. Aipatu dituzun bi aukera horien artetik, batez ere lehenengorantz
joko dugu. Egia da inoiz edo behin, duela urte dezente, artisten
tailerrak izango zituen museo bati buruz hitz egin zela, baina
ideia horrek ez du aurrera egin. Museo batek ez du produkzio gune
bat izan behar. Bi gauza horiek ez dira nahastu behar, bateraezinak
direlako. Museoa izugarri handia denean, mutur batean produkzio
gunea koka daiteke, bere ondorio guztiekin (zarata, usaina, tresnen
mugimendua...), eta beste mutur batean museoa, lasaitasun giroan.
Baina Artium ez da museoa bakarrik izango; arte zentroa ere izango
da. Ez da artea erakustera mugatuko, baizik eta, pentsamenduaren
eta gaiak sakontzearen bidez (mintegiak, hitzaldiak, zine, musika
eta dantza zikloak...), aretoetan erakusgai dagoen artea hobeto
ulertzeko ekintzak ere antolatuko ditu. Artea ekoizteko zentroak
oso beharrezkoak dira (Arteleku, Bilbaoarte...), baina hori beste
erakunde batzuek egin behar dute. Nolanahi ere, egongo da "in
situ" ekoiztu beharko den erakusketa puntualik ere.
-Guggenheimek
Euskal Herrian artearekiko interes sozial, politiko eta ekonomikoa
piztu du? Beste modu zuzenago batean esanda, Guggenheim-Bilbaoren
arrakastari esker sortu al da Artium? Arabako museo hau lehenago
edo beranduago sortu beharra zegoen. Hala ere, nahi baino beranduago
eratu da. Eta, bai, baliteke inguruko hirietan antzeko erakundeek
izan duten arrakastari esker sortu izana. Behintzat hori pentsatu
genuen Guggenheim Bilbao museoaren proiektua hasiera-hasieratik
bultzatu genuenok.

-Inori ez zaizkio
konparazioak gehiegi gustatzen eta agian probokatzailea ere gerta
daiteke, baina Artium eta Guggenheim, Deportivo Alavés
eta F.C. Barcelona bezala direla esan al genezake? Artium eta Guggenheim,
Euskal Herrian kokatuta dauden arte garaikideko bi museo dira.
Hortxe bukatzen dira antzekotasun guztiak. Artium
eta Guggenheim alderatuz, lehena delicatessen bat litzateke eta
merkataritza gunea bestea: biek saltzen dute, baina bakoitzak
bere modura.
-Ikuspegi arkitektonikotik,
zer azpimarratuko zenuke Artiumen eraikinetik? Kontuan izanik
Vitoria-Gasteizen erdi-erdian plaza publiko berri bat zabaldu
duela eta bere instalazio batzuk 0 kotatik behera daudela. Bere funtzionaltasuna,
logika espaziala, malgutasuna, aukera konstruktiboen aprobetxamendu
bikaina eta serenitate formala aipatuko nituzke.
-Jakin-mina
asetzeko, zein balio ekonomiko du merkatuan Artiumeko bilduma
iraunkorrak? Alegia, zenbat balio du honek guztiak? Bilduma 26.368.000
eurotan baloratua eta aseguratua dago.
-Rekalde Aretoa,
Artium... Javier González de Duranaren bizitza profesionaleko
garai desberdinak dira. Zein izango da hurrengoa? Ideiarik ez. Gainera,
ez dakit beste etaparik egongo ote den ere. Agian hauxe izango
da azkena, baina ez litzaidake batere axolako hala balitz. Argazkiak: Gonzalez de Durana: Artium. Maketa:
EUVE-k buruturiko simulazio birtualetik
Euskonews & Media 159.zbk
(2002 / 3 / 15-22)
|