1992ko
UZTAILA: GEU GASTEIZ ALDIZKARIAREN 0. ALEA KALERA!:
"… gasteiztarrak
gara (jaiotzez, lanbidez edota bokazioz, berdin dio!) eta euskaraz
bizi nahi dugu. Horixe da kontua eta horixe izan da, azken batean,
EUSKARA-GASTEIZ. Geroa Elkarrekin lantzen proiektuaren
ingurura ekarri gaituena. Eta erantsi beharrik ez dago, horrexegatik
eta horrexetarako plazaratu nahi izan dugu eskuartean daukazun
aldizkari hau… Argi utzi nahi dugu, beraz, euskara indartu eta
zabaltzearekin batera, Gasteizko gizarte-bizitza, bertako gora-beherak,
arazoak, gertaerak, etab. jasotzea dela gure asmoa…".
2001eko APIRILA:
100. ALEA KALEAN!: "Eskerrik asko proiektuarekin bat egiten
duzuen guzioi, eta urte askotarako! Bide luzea eta zaila orain
artekoa, baina hasiera besterik ez da, ezta? Eta gogoan izan etorkizuna
euskaraz datorrela!… Beraz, ateraiozu zukua euskarari eta bere
freskotasunetik edan!!!"
Bi paragrafotxo hauen
bitartez Geu aldizkariaren historia laburbildu dugu: helburu zehatz
bati lotua nola jaio zen eta noraino iritsi den, xede berean oinarrituz
betiere, egun 111. zk.a prestatzen dihardugularik. Hona hemen
puntuz puntuz hainbeste maite dugun proiektu honen nondik norakoak
puntuz puntu.
GEU ALDIZKARIAREN
FITXA TEKNIKOA
Geu Elkartearen ekimenez kaleratutako
argitalpena.
1992ko abenduan jaioa.
Helburua: Euskara indartu, zabaldu,
normalizatu.
2001eko apirilean 100. alea kaleratu
genuen (ikus. alea, bertan ibilbide osoa dator).
2002ko abenduan: 10 urte beteko.
Gero eta ezagunagoa Gasteizen,
eta pixkanaka-pixkanaka Araban ere.
2250 harpidedun, 10.000 irakurle
inguru.
- 36 orrialde (32-40).
Azala-kontrazala kolorez/Barnea
zuri-beltzez.
Finantziabideak egun: Harpidetzak
(%36), Publizitatea (%36), Erakunde Publikoen dirulaguntzak
(%17-20-23), Erakunde Pribatuak (%5).
- Gaianitza.
Gasteiz hirirako intereseko gaiak
eta lagunak biltzen ditu, gasteiztarrek egina, Gasteizi, gasteiztar
eta arabar orori zuzendua.
Denetiko gaiak-Adin guztiak.
Aurtengo aleei erreparatuz, hona
hemen gai batzuk: Andramari katedrala, Udal Txistulari Banda,
TMEO, Korrika, Behi eroak, Alaves, Baskonia, Juan Vallejo eta
Juanito Oiarzabal, Ibon Saenz de Olazagoitia, Unax Ugalde, Araba
Euskaraz, Akobe-Zutabe elkartea, Gasteizko Jaiak 1884-2001 (abuztuko
ale monografikoa), iraileko ale literarioa (bertako idazleak
eta irudigileak), eskolak, hormak, Ruper Ordorika, Internet…
- Aurten interes berezia sortu duten
aleak:
*Apirilekoa:
Bertan 100 aleko historia fitxetan bilduta dagoelako. *Ekainekoa: Kirol arabarraren
poster bat oparitzen genuelako. *Abuztukoa: Gasteizko
jaien artxibo-ikerketa-1884-2001 (testuak, argazkiak,
egunkariak). Edozein gasteiztarri etxeko liburutegian
izatea gustatuko litzaiokeen alea. *Irailekoa: bertako
pisuzko euskal idazle eta irudigileengan hurbil zaitzakeen
alea. *Abendukoa: Gasteizen
eta Araban urtean zehar jazotakoa birpasa daitekeelako.
Gasteizek zenbat eman dezakeen erakusten duen portada
aurkezten dugu. Eta umeentzat, arrakasta handia izan duen
"Olentzerori gutuna". |
IZENA
Jaiotzez eta betidanik
"Geu Gasteiz", baina 2000ko urtarrilaz geroztik "Geu"
aldizkaria izenaz kaleratzen dugu, motzagoa delako eta jendeak
oro har dagoeneko aldizkaria Gasteizekin berez identifikatzen
duelako.
100. ALEKO KANPAINA
"ATERAIOZU ZUKUA EUSKARARI ETA BERE FRESKOTASUNETIK EDAN"
LELOPEAN
Arabako
Euskal Hotsak-Antecedentes del Euskera en Alava erakusketa ibiltariak
hasiera eman zion 3 hileko (otsaila-apirila bitartean) kanpainari
Montehermoso kulturunean, eta ondoren, Mikel Urdangarinen kontzertua
Principal antzokian, otsailean, eta Anari eta J.C. Perez, martxoan,
apirilean egun osoko jai koloretsu batekin amaitzeko…
Honako hau zioen
Jai Eguneko kartel iragartzaileetako batek:
"Eta ez
ahaztu: apirilak 7. Apirilak 7. Apirilak 7. Apirilak 7. Apirilak
7… ea zer dagoen????????? "ateraiozu zukua" eguna:
Goizez, 12:00etatik aurrera,
zentrotik eta alde zaharretik (haur eta helduentzat): Sebastopoleko
titiriteroen zirko kalejira, jolasak Fariñan Kulki taldearekin,
informazio gunea…
Eta gauez: jai sorpresa, "zuku
festa": Kesengue-Kesengue taldearen kontzertua (musika
afro-karibetarra), Cubo dj-a, musika eta sorpresa ugari… gaztetxean,
22:00etatik aurrera… hurbil zaitez!!!
***helburua euskarari
zukua ateratzea denez… sartu ahal izateko zerbait laranja ekarri
behar duzue! Ez ahantzi, ehhh???"
 | Kanpainako
logoa. |
IBILBIDEA GAIRIK
GAI ETA LAGUNIK LAGUN
Milaka gai, milaka
kontu, milaka lagun, denetik, denetikoak, denontzat…, euskaraz,
euskaraz bizi ahal izateko beste aukera bat eskainiz, euskarak
Gasteizen, Araban merezi duen tokia izan dezan… Guztiok euskara
maita dezagun, guztiok euskara zain dezagun, guztiok euskara errespeta
dezagun…, bertako eta berezko kultura eta ondarea delako.
EDUKIAK ETA NORI
ZUZENDUA
Aldizkariaren edukiei
dagokielarik, aktualitatezko denetiko gaiak jorratzen ditugu atal
eta era desberdinetan egituratuta, euskarak eta euskal kulturak
lehentasuna dutelarik. Espazio gehien hartzen duen atala kultura
da. Honako hauek dira, hortaz, jorratu ohi diren gaiak, Gasteizen
kokaturik nahiz era orokorrago batean landuak: Euskara eta euskal
kultura, gizartea, literatura, musika, kirola, natura, artea,
mendia, umeak, internet…, askotariko jendeari zuzendua, oso proiektu
zabala baita.
FUNTZIONAMENDUA:
LAN KOPURU HANDIA EDO INURRI LANA
Halako proiektu batean
sartu artean ez zara jabetzen bertan dagoen lan kopuruaz, areagotzen
dena, jakina, barruraino murgiltzean. Taldean 9 lagun gara, bakoitzak
oso dedikazio eta inplikazio maila desberdinak dituelarik: koordinatzaile-zuzendariak
8 orduko lansaioa du, beraz, egun osoko lana, eta aldizkariaren
atal guztien koordinaketa darama: erredakzio sailaren koordinaketa,
ale bakoitzaren orriz orriko plantilaren zehazketa, testuen zuzenketa-orrazketa,
maketazioa kontrolatzea-zuzentzea, kudeaketa orokorra eta erakundeekiko
harremanak, harpidetza eta sustapena, publizitatea, taldea dinamizatzea,
ezohiko proiektuak edo proiektu periferikoak… Publizitate eta
harpidetza-sustapena ataletako arduradunak (kazetaria eta aldizkariko
batzordea lan-taldeko kide ere bada) 4 orduz dihardu, baina
ordu gehiago beharko eta ezin. Maketatzailea maketatzaile profesionala
da eta maketazio zerbitzua eskaintzen du, aldizkariko batzordea
lan-taldeko (5 kide gaude orotara) kidea izateaz gain. Gainontzekoak
kolaboratzaileak dira, baita taldekideak ere, eta hileroko kolaborazioka
kobratzen dute: argazkilari 1, marrazkilari 1 eta kazetariak (5);
hauetako 3 aldizkariko batzordea lan-taldean daude.
FINANTZAKETA
Hau dugu kezka nagusia,
halako egitasmoak dakartzan gastuak ez direlako ahuntzaren gauerdiko
eztula. Urte osorako dugun aurrekontua gutxi gora-behera 57.000-60.000.-
eurotakoa da -estua- eta gure diru-iturriak 3: publizitatea, harpidetza
eta dirulaguntzak. Azken hauek gero eta baxuagoak dira (…lehen
ere ez ziren izugarriak…), eta betidanik xedea izan bada ere duela
bi urtetik hona etorkizuna ziurtatzeko, besteak beste, publizitate
eta harpidetzan indar bereziak jartzen ari gara; bestela ez dago
modurik orekaz eta jariotasunez lanean aritzeko, gora-behera askorekin
ibil zaitezkeelako urte batean bai eta hurrengoan ere bai, zuloak
sortuz eta handituz. Beraz, izugarri ondo hartu eta tratatzen
ditugu Harpidedun berriak edota Bezero berriak, betikoak ahantzi
barik, noski.
Animo eta hurbil
zaitezte guregana, behar baitzaituztegu!
ZAILTASUNAK
Zailtasun handiena
diru egoera da (adibidez, aurten prestamo bat eskatu behar izan
dugu 2001eko azken ordainketei eutsi ahal izateko…), batetik,
eta lan kopurua, bestetik. Koordinatzaileak lan kopuru handia
izatean arintasuna galtzen da, ondorioz, garrantzizkoak diren
-eta etorkizunari begira ezinbestekoak- asmo askok beren txanda
iritsi artean itxaron behar dutela, bankuan edo okindegiko ilaran
baleude bezala, eta honek bere ondorioak ditu… (isatsa, arraina…)
GAUR ETA BIHAR.
HELBURUAK
PROFESIONALIZATZEA: Pixkanaka-pixkanaka
xede honen zutabeak paratzen ari gara, non betiko ametsa, batetik,
eta lana, bizimodua, bestetik, elkartzen diren: euskara bultzatu
eta indartzeko lan egin, profesionalki, jakina.
KALITATEA: Ezinbestekoa
da kalitatezko produktu bat kaleratzea eta gu horretan gabiltza.
Aldizkariak urterik urte bai diseinuari dagokiolarik, bai edukiari
dagokiolarik aldaketa ugari izan ditu, betiere kalitatea lortzeari
eta hobetzeari begira. Guk ikerketa horretan segitzen dugu eta
uneotan epe ertainera begirako aldizkariaren eraldaketa batean
lanean dihardugu, egituran nahiz diseinuan.
EGUNGO DISEINUA: Oraingo
aldizkariak badu arrakasta, baina halere berregituratze prozesuan
gaude gero eta produktu hobea, interesgarriagoa, erakargarriagoa,
egungoagoa eta modernoagoa eskaintzeko.
HARPIDEDUNAK… BEHAR DITUGU!:
Aurten gutxienez 500 harpidedun gehiago egin nahi eta egin
behar ditugu aurtengo gastuei aurre egin ahal izateko… Apuntatu!!!:
945 22 21 53 edo geugaste@grn.es!!!
EDUKIETAN SAKONTZEA, KALITATEAREN
SINONIMOA: Honetan gabiltza, dena dela, oreka bat mantendu
behar dugu testu sakon eta arinen artean askotariko irakurleak
ditugulako (…beheko urratsetako euskara ikasleak, gazteak, nagusiak,
euskaldun berriak, euskaldun zaharrak…, eta gustu desberdinekoak…)
eta nolabait guzioi egokitutako produktua eskaini behar.
AUTOFINANTZAKETA: Autofinantzaketa
egunetik egunera igotzen saiatzea ezinbestekoa da egitasmoaren
etorkizuna ziurtatu nahi bada, halarik ere, fruituak erdiestea
prozesu zaila eta motela da, baina guk oraindik indarrak dauzkagu,
eta urte askotarako gainera!
EDUKI eta DISEINUAREN arteko
OREKA: Helburuak kontuan harturik, batetik, eta aldizkaria
nori zuzendua dagoen, bestetik, argi dago edukiek aldizkariaren
egitura baldintzatzen dutela, abiapuntu direla, baina ez emaitza
orokorra, edukia eta egitura diseinu erakargarri eta moderno
batekin orekatzea derrigorrezkotzat jotzen baitugu, interesgarritasuna
eta erakargarritasuna batera bilatzen ditugularik. Testuak,
argazkiak, irudiak… bat dira.
EUSKARA HURBIL SENTIARAZTEA:
Euskara gure hirian zabaltzea eta indartzea xede nagusia den
heinean, hiritarrei euskara euren hizkuntzatzat sentiaraztea
berau lortzeko modurik egokiena da… Eta hori nola egiten da?
Naturaltasunez: denetiko gaiak jorratuz eta denetiko jendearengan
hurbilduz, artikuluak, erreportajeak eta elkarrizketak lantzeko
orduan nahiz aldizkaria zabaltzeko orduan.
IDEIA BERRIAK ETA KOLABORAZIO
BERRIAK ESKAINI: Stop eginez gero, jai daukazu, halako proiektu
bat gurpilaren modura bizi behar baita eta horri esker bizirik
iraun ohi du-eta, mugimenduari esker, betiere gauza berriak
eskainiz, elkarrizketa eta erreportaje interesgarriak eginez,
eta nola ez, pertsona esanguratsuen kolaborazioak lortuz: Lurdes
Oñederra, Gerardo Markuleta, Kirmen Uribe, Iñaki
Zorrakin, Iñigo Sarasola, Mikel Valverde, Ernesto Murillo
"Simonides", Patxi Zubizarreta, Rikardo Arregi, Iban
Zaldua, Agurtzane Villate, beste asko askoren artean…
Dena dela,
eskerrik asko denoi, "ezagunei" zein "ezezagunei",
gure orrietan zuen arrastoa uzteagatik!
ALDIZKARIARI KRITIKAK ETA ENTZUN
OHI DIREN KEXAK
"Aldizkari honetan publizitateak
gehiegi okupatzen du, eta gai, artikulu askorik ere ez dauka irakurtzeko…
Baja emateko deituko dut", eta halako iritzi bat edo beste
iristen zaigu -dena den, zorionak eta animo dioten mezuak gehiago
dira, eskerrak! (Egoera hobeto ezagutuko al dute?)-… Beno, ba
hau da erantzuna: nola eutsi bestela proiektuari, harpidetzak
eta publizitatearekin ez bada? Gauzak ez zaizkigu doan ateratzen
eta, beraz, ordaindu behar, eta ordaindu diruarekin egiten da…,
eta nondik atera?
Bestetik, guk orrialde
gehiago atera nahi genituzke, kolorea sartu, baina ezin ordaindu.
Egun ditugun sarrerak juxtu-juxtu dira egun eskaintzen duguna
eskaintzeko, ezin eskain dezakegulako gehiago: ez gogorik ez dagoelako,
ezina baizik…
EZ GALDU ARABA OSOKO
EUSKARA HUTSEZ ARGITARATZEN DEN HILABETEKARI BAKARRA ETXEAN JASOTZEKO
AUKERA. 15 EUROTAN SOILIK!
100. era iritsi ginen
2001 urteko apirilean… Egin dezagun guztiok batera 200.erako bidea!
ESKERRIK ASKO HARPIDEDUN
ETA BEZERO GUZTIEI GUREKIN IZATEAGATIK!
Estibalitz Breñas
González de Zarate, GEU aldizkariko zuzendaria |